Harriek arima dute; sentitzeko, nahikoa da ondoan eseri, isildu eta entzutea; imaginazioari ateak irekitzea. Hondartzako aretik jaiotzen diren pertsonaia magikoekin haurrentzako ikuskizun berezia lortu dute Harriz harri antzezlanean. L'Home Dibuixat Valentziako (Herrialde Katalanak) antzerki taldearen ikuskizuna da, eta Zarautzen (Gipuzkoa) ikusi ahal izango gaur, Sanz Enea kultur etxean. Bi emanaldi egingo dituzte, 17:30ean eta 18:30ean. Sarrera doakoa da, baina mugatua, gonbidapenak jaso behar dira Zarauzko haur liburutegian. Harriz harri lana 2 eta 6 urte bitarteko haurrentzat da, baina sorpresaz eta sentimenduz betetako latorrizko gizontxoaren istorioek ikus-entzule guztiak hunkitzen dituzte; haurrak aho zabalik utzi eta helduak haur bihurtzeraino. Rosa Diezek zuzentzen du lana, lan erakargarri eta poetikoa; ohiko arauetatik ihesi, iradokizunaren bideari jarraitzen dio. Tian Gombau aktorearen kontaketa sinple, lasai eta goxoaren emaitza ikuskizun dibertigarri eta hezigarria da. Haur ikuskizun hoberenaren saria lortu zuen 2008an FETEN jaialdian eta 2009an Max sarietan. Horretaz gain, Lleidako (Katalunia) Txotxongilo Jaialdian publikoaren urrezko saria jaso zuen.
'HARRIZ HARRI'
Noiz. Gaur, 17:30ean eta 18:30ean.
Non. Zarauzko Sanz Enea kultur etxean (Gipuzkoa).
Latorrizko gizontxoa
Zarautzen 'Harriz harri' haurrentzako ikuskizun berezia emango dute, Rosa Diezen antzezlan magiko eta hezigarria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu