Lau begiak errepidean

Teknologia berriak baliatuz, gidariak ikusten duena ikusi ahal izateko aukera eskaintzen dio kopilotuari bi nafarrek asmatutako motorzaleentzako kasko modelo berri batek.

Julian del Castillo eta Javier Garcia, kopilotuentzat sortu duten kaskoa eskuetan dutela. LANDER FERNANDEZ ARROIABE/ ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Gidari izatera ohituta, Madrildik Iruñera motorraren atzeko aldean joan behar izan zuen batean otu zitzaion ideia. «Gidariak bi metro zituen, eta sekulako bizkarra. Lau orduz joan behar izan nuen haren atzean, eta haren bizkartzarra izan zen bidaia osoan ikusi ahal izan nuen paisaia bakarra. Hori, eta nire aurpegiaren isla». Zaintza kamera enpresa bat bazuen, eta kolpean etorri zitzaion galdera Julian del Castillo iruindarrari: zergatik ez diogu motorrari kamera bat jartzen, kopilotuak kaskoan gidariak ikusten duena ikusi ahal izan dezan? Hiru urte daramatza Javier Garcia kidearekin hasierako asmo horri forma ematen, eta New Motovission System deitu dute asmakizuna. Horri esker, hirugarren saria jaso zuten aurreko hilabetean Alemaniako Nurembergeko asmatzaileen nazioarteko ferian.

«Orain arte oso saio gutxi egin dira teknologia berriak eta motorrak uztartzeko», azaldu du Del Castillok. «Gidari eta kopilotuaren arteko komunikazioa hobetzeko interfono bat da merkatuan dagoen gauza bakarretariko bat». Errealitate horren beste puntan dago Del Castillo eta Garciaren asmakizuna. Kamera txiki bat jarri diote muturrean motorrari, eta ordenagailu bati bidaltzen dio horrek irudia. Kaskoa ordenagailu horretara konektatu, eta gidariak ikusten duena ikusteko aukera du kopilotuak, kasko barruan pantaila lanak egiten dituzten betaurreko batzuen bidez. Puntako teknologia, abiaduraren mesedetan. «Sentsazioa bikaina da, gidatzen ariko bazina bezala da».

Ahoz ematen zaizkio aginduak kaskoari, eta kopilotuak erabakitzen du noiz nahi duen aktibatuta, eta noiz itzalita. Bidean argazkiak egin, musika entzun eta filmak ikusteko aukera ere eskaintzen du, eta iPhone eta android sistemetara konekta liteke, gainera.

Ez da gozamen hutserako tresna, ordea. Segurtasuna ere eskaintzen du kasko sistema berriak. Lau begi dira, azkenean, errepideari so direnak. «Kopilotuak ez du gidariak aurrean duena ikusten, eta ezin izaten ditu haren mugimenduak lagundu. Ezustekoren bat egonez gero, eta gidariak kolpean frenatuedo biratu behar izanez gero, atzean dagoenak ez du jakiten zer egin, eta arriskutsua izan daiteke. Errepidean zer gertatzen den jakinez gero, ordea, ziurtasun handiagoz jokatuko dute biek».

Motorraren kutxa beltza

Istripurik izanez gero ere lagungarri izan liteke New Motovission Systema, Del Castilloren hitzetan. Kutxa beltz gisa funtzionatzen du; moto gidariak hala nahi izanez gero, ibilbidea grabatu eta memorian gordetzeko aukera eskaintzen du motorrari txertatzen zaion ordenagailuak. «Niri pasatu zait, eta beste motorzale askori ere bai: auto batek mugimendu arraro bat egin, motorra lurrera bota, eta aseguru etxekoei errua auto gidariarena dela ezin frogatu ibili gara behin baino gehiagotan. Bideoa edukiz gero, hortxe froga».

Prototipoa da oraingoz daukatena, eta asmakizuna merkaturatzeko inbertsore bila dabiltza. «Itxaropentsu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.