Marga Andurain
Espioi menturazalea
(1893, Baiona-1955, Tanger)
Bizitzea nagusiki ekitea dela erakusten du Marga Andurainen istorioak. Haren bizia behintzat halakoa izan zen. Baionan jaio zen, 1893an, eta Mauleko Pierre Andurainekin ezkontzean hasi zen haren kontakizuna abiada hartzen. Egiptora joan eta hotel bat hartu zuen bere kargu bikoteak. Mekara joan nahi zuela erabaki zuen Margak gerora, ordea, eta senarra utzi, eta beduino xehe batekin ezkondu zen. Hasi zuen Mekarako bidaia, baina harrapatu egin zuten bidean, eta preso hartu. Harem batean izan omen zuten gatibu, eta senarra hil zenean, adulterioa egotzita, harrika hiltzera kondenatu zuten. Salbatu egin zen, halere. Opioaren kontrabandoan aritu zen gero Paris okupatuan, eta Tangerren erail zuten, 1955ean. Itsasora bota zuten haren gorpua. «Espioia ere bazela diote adituek», azaldu du Valverdek, eta gomendio bat egiten du: Cristina Morato idazlearen Cautiva en Arabia liburua (Arabian gatibu).
Joana III.a Labritekoa
Errenazimentuko emakumea
(1528, Saint-Germain-en-Laye, Frantzia-1572, Paris)
«Menderakaitza izan zen», azaldu du Valverdek. Hamahiru urterekin ezkondu zuten gurasoek Joana III.a Labrit erregina, haren osaba Frantzisko I.a Frantziako erregearen esanetara. Bere borondatearenen aurka ezkondu zuten, ordea, eta ez zuen sekula senarra onartu. Uko egin zion harekin harreman sexualak izateari, eta aita santuari bere ezkontza ez zuela onartzen idatzi zion. Atzera bota zuen hark ezkontza, eta Antonio Borboikoarekin batu zen gero. Protestantismoa ezarri zuen Nafarroako Erresuman, eta berak eskatuta egin zuen Joanes Lizarragak Bibliaren euskarazko itzulpena. Frantziako errege izan zen haren hirugarren semea, protestantismoa utzi eta berriz ere katolizismora itzulita. Parisen ospakizuna prestatzen zebilela hil zen Joana; pozoituta, zenbait historialarik diotenez. «Errenazimentuko emakumea izan zen», dio Valverdek, «oso jakintsua eta oso jantzia».
Maravillas Lamberto
Larragako neska
(1922, Larraga, Nafarroa-1936)
Emakume zela esatea gehiegi liteke. Neska zen oraindik Maravillas Lamberto larragarra hil zutenean. Hamalau urte zituen 1936ko abuztuaren 15ean guardia zibilak etxera aitaren bila joan zitzaizkionean. Fusilatu egin behar zuten Vicente Lamberto sindikalista, eta aitarekin batera joan zen neska. Maravillas ere hil egin zuten, eta baita bortxatu ere lehenago. Egunak pasatu ziren haren gorpua aurkitu zuten arte.
Maria Goiri
Hezkuntza, guda esparru
(1875, Algorta-1955, Madril)
Jostun ezkongabea zen Maria Goiriren ama, eta umetatik ezagutu zuen aurrera egitearen nekea. Madrilera joan zen bizitzera gaztetan, eta Espainiako unibertsitate batean ikasi zuen lehen emakumea izan zen. «Hori esatea erraza da», dio Valverdek, «baina pentsaezinak dira jasan behar izan zituenak. Oihuka hartzen zuten mutilek agertzen zen aldiro,eta giltzapeko bulego batera eramaten zuteneskolak hasi aurretik. Aparteko aulki batean eserarazten zuten... Garbi zituen gauzak Goirik, ordea, eta hala jasan zituen jasan zituenak». Irakasle aritu zen gero, eta Ramon Menendez Pidal Erdi Aroko literaturan aditu eta filosofo ezagunarekin ezkondu zen. «Orduan desagertzen da Goiriren arrastoa», azaldu du Valverdek. «Harekin lan egin zuen emazteak ere, baina denborarekin irentsi egin du Menendez Pidalen figurak Goirirena».