ATZEKOZ AURRERA

Lau Joxe, eta txondor bat

Ikatza egiteko txondor bat piztu zuten atzo Oiartzungo Arditurriko parkean. Hiru astez egongo da egosten, eta aukera izango da hura bisitatzeko. Abenduaren 17an jasoko dute ikatza.

Ikazkinak, atzo, txondorra pizten, Oiartzungo Arditurri parketxearen parean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Oiartzun
2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Trumoia eta Legatza txondorra pizteko txingarra prestatzen ari dira. Ematen badu ere, ez da asmakizun bat. Joxe Manuel Etxarte da Trumoia ezizenez, eta Joxe Billaluze Legatza. Ikazkinak dira. Legatza horretan aritu zen 13 urte zituenetik 17 urte izan arte, Oiartzun (Gipuzkoa) inguruko mendietan. «Gero, igeltsero, eta orain, berriz, ikazkin», esan du. Trumoia da langintza hori denetan hobekien ezagutzen duena. Beste bi txondorgileak ere Joxe dira, eta, bitxia badirudi ere, biak dira Arbelaitz. Zorionez, horietako bati Ttakalo esaten diote, eta besteari, Baserri.

Urriaren azken larunbatean hasi ziren lau Joxe horiek lanean, aurtengo ikatza egiteko. Aiako Harrien magaletatik, Aritxulegitik, garoa jaitsi zuten. Astigarragatik (Gipuzkoa) eraman zuten pago oso bat Oiartzungo Arditurri parkera, txondorra egiteko. Orain dena prest dute, eta sua egin dute bazter batean, handik txingarra hartzeko, txondorra pizteko. Goxo egiten du pago egur puska txikiz eginiko suaren ondoan, Arditurriko giro hezearen kontra.

«Saiatu izan naiz gazteei langintza hau irakasten, baina alferrik: inork ez du ikasi nahi», kexu da Ttakalo. Aitonak irakatsi zion berari ikatza egiten. Euren gazte garaian oraindik asko egiten zen, burdingintzarako eta, erretegietan, txuletagintzarako. Kontatu duenez, orain Extremaduratik (Espainia) ekartzen dute. Labe-kamioiak dituzte han: mendian egurra egosteko prozesu osoa egiten dute, gurpil gainean. «Oiartzunen badira 80 urte azken ikatzak egin zirela», esan du Legatzak. «Gure aitak egin zituen».

Klima aldaketaren kontra

Txondorra 2011. urtean berreskuratu zuten Oiartzunen, ikuskizun didaktiko-sinboliko gisa izan bazen ere. Gaur, bosgarrenari ekin diote. Badu alde praktikoa, dena den: eginiko ikatza inguruko erretegiei eta sagardotegiei salduko diete.

Lehen urte hartakoa ezin izan zuten saldu, ez zelako ondo atera. «Zortzi egun eman zizkiguten egiteko», esan du Ttakalok. Alferrik saiatu ziren azaltzen prozesua ezin dela bizkortu, eta egurrak gutxienez hiru aste egon behar duela egosten.

Txondorgileen langintza Lur planeta klima aldaketatik salbatzeko konponbide gisa ere proposatu izan dute. James Lovelock zientzialari ingelesak 2009an esan zuen nekazariek uztaren hondakinak erre beharrean txondorretan egosi eta ikatza gero soroetan lurperatu beharko luketela, ongarri gisa. Egurra erretzen denean, zuhaitzak hazterakoan xurgaturiko CO2 gasa atmosferara itzultzen da. Baina, txondorrean, oxigenorik gabe egosten da egurra, eta CO2 gasa ez da askatzen. Ikatza lurperatuz gero, CO2 hori lurpean harrapatuta geratuko litzateke mende askotarako, eta hori lagungarria litzateke gas horren aireko kontzentrazioa apaltzeko eta, ondorioz, Lurra ez berotzeko. Inork ez zion kasu handirik egin zientzialariari.

Trumoiari, berriz, kasu egiten diote denek Arditurrin. Azken begi kolpea jo dio txondorraren erdiko zuloari. Dena prest dago pizteko. Jendea etorri da trikitiaren atzetik txondor plazara. 200-300 bat lagun elkartu dira. «Orain arte, argazkietan ikusia genuen», esan du Imanol Elizetxeak. Haurrekin etorri da txondorra nola pizten dute ikustera. «Giroaz gozatzeko» etorri da, berriz, Belen Gavilanes.

Trumoia kezkatuta dago eguraldiarekin. Izan ere, euria da txondor berriaren etsai nagusia. Txondorra, barrutik, egur meta bat bezalakoa da. Tximinia bat du erdian, handik pizteko. Kanpoan garozko beroki bat du, eta, horren gainetik, lur geruza bat. Saski batekin lisatzen dute geruza hori, airea sartzeko zirrikiturik ez uzteko. «Berotzen denean, gogortu egiten da kanpoko lurra, baina, hori gertatu arte, euriak dena eraman dezake», esan du Trumoiak.

Bertsolariek lan handia hartu izana eskertu diete ikazkinei, Jexux Leonet Oiartzungo alkateak bezala. Asier Rodriguez Ataungo alkatea (Gipuzkoa) dago ekitaldian gonbidatu gisa, datorren urtean han egingo dutelako txondorra. Arantxa Ariztimuño Gipuzkoako Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak aukera baliatu du esateko jendeak idealizaturik dituela basoak, eta, antzinako ikazkinek egin bezala, berriz ustiatu beharko liratekeela.

Pizteko garaia heldu da. Legatzak txingarrak hartu ditu pala zabal batekin. Leonet alkatea txondorrera igota dago, eta pala hartu du. Alkateak botako du lehen palakada brasa zulotik behera. Gero, beste ordezkariek, txandaka, palakada gehiago. «Nahikoa horrekin?», galdetu du Legatzak. «Bai», erantzun dio Trumoiak. Abenduaren 17ra arte egongo dira lau Joxeak txondorra zaintzen, txandaka, gau eta egun. Trumoiak egingo du lehen txanda. «Dakienak egon behar du zaintzen horrek indarra hartu arte», esan du berak,«zeren eta, txondorra itzaltzen bada, zeinek piztuko du gero!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.