Ekografiak. Jokin Labaien

Lau ordu eta erdi, egunero

2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aitortu nizuen, behin, erakargarria egiten zaidala Crímenes imperfectos deritzon saioa. Ez naizela bakarra. Ordea, orain arte ez nintzen xehetasun batekin ohartu. Hartu egunkaria astegun buruzuri batean, eta begiratu La Sexta katearen goizeko programazioari. Ia beldurgarria da. Gosari orduko marrazki bizidunen ondoren hasten da krimen, odol eta polizia festa.

Atzo, adibidez, 09:25ean, L.A. Forensic saioaren atala. 10:20an, Crímenes imperfectos. 12:00etan, Yo Detective, eta 13:00ean, ostera, Crímenes imperfectos. Hau da, lau ordu eta erdiko eskaintza poliziala eta antzeratsua. Asteguna izaki, ez dut uste inor pantailaren aurrean saio horiek guztiak ikusten izango denik. Ez, behinik behin, egunero. Baina jakin badakigu formula horrek aurrean harrapatzen duenari eutsi egiten diola, tarte batez bada ere.

Yo Detective-k horri egiten dio men, dokumentalaren eta ikusleen arteko harremanari. Demagun, hilketa bat aurkeztu eta susmagarrien bila hasten direla ikertzaileak. Itxuraz, haien buruan izan daitezkeen galdera berak dauzka ikusleak, eta hor hasten da jolasa. Telebistan ezagun egin den lehiaketa saio motan bezala, irudia izoztu eta hiru aukera:

—Zein susmagarrik du egia esateko probabilitate handiagoa?

—A: Xehetasun zehatzenak ematen dituenak.

—B: Historia bortitzena duenak.

—C: Gaiztakeriaren bat egin duela onartzen duenak.

Jolasa aipatu dut lehen. Jolasa dirudi. Ez du, baina, jolasetik hainbeste. Gehiago du psikologiatik; eta geure burua kokatzeko daukagun modutik; gure etxekoak eta bizilagunak sailkatzeko darabilgun sistematik; lagunei eta, batez ere, etsaiei gertutik behatzetik.

Modu ona da poliziaren izana eta eginkizuna sozializatzeko, barneratzeko, begi onez ikusteko. Hala denok baikara detektibe. Denok onak, eta gainontzekoak txarrak. Begiak zoli, pantailaren aurrean gaizkilea harrapatuko dugu, eskuburdinak beste norbaitek jarriko dizkion arren.

Beste behin, irudituko zaizu ezkorregia naizela. Mamuak ikusten ditudala ez dauden lekuan. Dagoeneko, edozein aitzakia erabiltzen dudala horretarako. Agian, bai. Lagun batek dioen horrek arduratzen bainau: gure herrian polizia gehiegi dagoela metro koadroko. Eta orain badirudi sofan ere hala garela. Ni bai. Egin dut aukera A, B eta C-ren artean. Ea asmatzen dudan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.