Lau urtetik behingo festa

Hiru urtean urtebetetze egunik ez izatearen ordaina hartu, eta gogoz eta txantxa artean ospatu dute urtemuga otsailaren 29an jaiotako hainbat lagunek Donostian.

Otsailaren 29an Jaiotakoen Munduko Elkarteak antolatuta, Aquariumari bisita eta bazkaria egin dute 40 lagun inguruk. GARI GARAIALDE/ ARP.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Hamairu urtetan besterik ez du ospatu ahal izan Carlos Subielak urtemuga sortu zen egunean, nahiz eta 52 urte bete berri dituen. Otsailaren 29an jaio zen Subiela, egutegi gutxitan ikus daitekeen data. Egun berezi horretan jaiotako beste berrogei lagun inguru eta haien familiekin batera ospatu ditu urteak Subielak, Donostian. Otsailaren 29an Jaiotakoen Munduko Elkarteak lau urtetik behin antolatzen du ospakizuna. Donostiako Aquariumari bisita egin ostean, bazkaltzera joan dira.

Jose Manuel Ubarretxena donostiarrak sortu zuen elkartea 1996an. «Otsailaren 29an jaiotako inor ez nuen ezagutzen, eta egunkarian iragarki bat jarri nuen: otsailaren 29an jaiotakoak bilatzen dira». Hasieran 60 lagun elkartzea lortu zuen, baina egun 2.000 lagunek osatzen dute elkartea. «Mundu osoko jendea dago elkartean».

Egutegi gregorianoan urteko 60. eguna da otsailaren 29a, eta toki askotan zorte txarreko eguntzat jo dute. Erromatarrek, esaterako, tenpluak ixten zituzten egun horretan. Erromatarren tradizioari jarraiki, otsaila zorigaiztoko hilabetea zen, eta hilabetea luzatzea zoritxarreko zantzutzat hartzen zuten.

Donostian bildutakoek, erromatarren sineskeria eta zantzu txarrei jaramonik egin ez, eta gogoz ospatu dute urtemuga, txantxa tartean.

«Hamabost urte nituelarik hartu nuen nik erretiroa», dio umoretsu Cayo Lopezek. Otsaileko azken egunean ospatu ohi ditu urteak, baina bisurtea denean urtemuga «ilusio handiagoz» ospatzen duela aitortu du. «Batzuek martxoaren 1ean zoriontzen naute, baina nik beti esaten dut otsailean jaio nintzela».

Izaskun Velasco tolosarrak bisurtea ez denean bi egunetan ospatzen du urtemuga: otsailaren 28an eta martxoaren 1ean. «Bi egunetan zoriontzen ez banaute haserretu egiten naiz». Txikitan lagunek adarra jotzen ziotela dio otsailaren 29an jaio izanagatik. «Denborarekin gauza berezia dela konturatu nintzen, eta harro nago otsailaren 29an jaio izanagatik».

Carlos Subielari txikitan «oso arraroa» egiten zitzaion gainontzeko adiskideek urtero haientzako egun bat izatea, eta hark lau urtean behin bakarrik izatea. «Orain festa honekin hartzen dugu hiru urtean eguna ez izatearen ordaina». Horrez gain, ez Subielak ez besteek ez dute sekula inongo arazo burokratikorik izan.

Egutegia orekatzeko eguna

Lurrak eguzkiari bira emateko 365 egun, bost ordu eta 47 minutu behar ditu. Soberako ia sei ordu horiek pilatu egiten dira, eta lau urtean behin otsailari egun bat gehitzen zaio, egutegi astronomikoarekin bat egin dezan. Horrela egingo ez balitz, ehun urtean 25 eguneko desoreka sortu, eta egutegia eta urtaroak nahastuko lirateke.

Julio Cesar enperadore erromatarraren agindupean erabaki zuten lau urtean behin egun bat gehitzea egutegiari. Horregatik dio Ubarretxenak otsailaren 29an jaiotakoak «zesarren apetak» direla. Olinpiar adjektiboa ere erabiltzen du pertsona horiek izendatzeko; ez alferrik, 1896. urtetik aurrera udako olinpiar jokoak bisurtean egiten baitira.

Hurrengo otsailaren 29a are bereziagoa izango da, 2016an Donostia kultur hiriburu izango baita. Ubarretxenak hiria otsailaren 29an jaiotako guztien topalekua izatea nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.