ATZEKOZ AURRERA

Laugarren horma botatzen

Mikroantzerkia saioak egiten ari dira Donostiako Tabakalerako sotoan. Presaka dabilenarentzat, hamabost bat minutuz esperientzia indartsua bizitzeko aukera da, aktoreengandik hurbil.

Amagoia Lauzirika eta Amaia Lizarralde aktoreak, atzo, Eneko Olasagastik zuzenduriko Sorginkeria gozoa mikroantzezlanean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2015eko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gominola etxean ez dago laugarren paretarik. Amagoia Lauzirika aktoreak ate batetik bestera eraman ditu ikusleak, haurrak, Amaia Lizarraldek antzezten duen maitagarri gaiztoarengandik ihesi. Noski, ezin da halakorik egin antzerki arrunt batean ordena publikoko arazorik edo logistika arazorik sortu gabe. Baina hori mikroantzerkia da, eta Donostiako Tabakalerako probalekuan egiten ari dira.

Hamar bat haur eta hiruzpalau heldu daude gela txikian. Hamabost minutuko Sorginkeria gozoa pieza antzezten ari dira Lauzirika eta Lizarralde. Ez dago agertokia eta ikusleen gunea bereizteko ezer. Ikusleek ez dute ohiko antzerkiak ziurtatzen dien segurtasunik: aktoreengandiko distantzia eta laugarren hormaren konbentzioa, hau da, antzeztua eta bizitza nahastuko ez direla agintzen dien pareta ikusezina.

«Ikuslea deserosoago sentitzen da, hau berria zaiolako eta ez dagoelako ohituta», esan du Eneko Olasagastik. Hark zuzendu du Sorginkeria gozoa mikroantzezlana. Telebistan eta zineman asko aritutakoa da: Jaunta jabe zein Bi eta bat (1991) telesailak (1997) eta Maité filma (1994) zuzendu ditu, besteak beste. Kasualitatez hasi da mikroantzerkigintzan. Yo lo dejo mikroantzezlana egin zuen irailean, eta azaroaren 26an estreinatuko du horren bigarren zatia. Kito, nik utziko dut izenburuarekin, euskarazko bertsioa taularatuko du Donostiako Poltsikoko Antzerkiaren Jaialdian.

Mikroantzerkiaren gakoa ez da antzezlanak laburrak izatea, Olasagastik azaldu duenez, baizik eta ikuslearekiko distantziarik ez egotea: «Hemen ez gaude ohituta halako lanak sortzen». Lauzirika aktoreak (maitagarri zintzoa) lehen aldia du haurrekin mikroantzerkia egiten. «Horren hurbil egonda, haurrekin dudan jokoa, harremana eta begirada trukea... Halakorik ez dago beste antzerki motetan».

Lizarraldek esan duenez, ikusle helduak, batzuetan, lotsa sentitzen du laugarren hormarik ez dagoenean: «Nola erreakzionatu behar dut?», galdetzen dio bere buruari, aktorearen arabera.

Almudena Vazquezek idatzi du antzezlana, eta Olasagastik ekarri du euskarara. Ikusleekiko harremana bultzatzen du lanak berak. Mari Roxi maitagarriak (Lauzirika) konplizitatea du haurrekin, Mari Urdin (Lizarralde) gaiztoaren aurrean. «Haur batek atzeraka egin dit hurbildu natzaionean», esan du azken horrek, «ez du sinistu zintzotu naizenik».

Antzerkia Interneten aroan

Mikroformatuak —15 eta 20 minutu arteko antzezlanak, esaterako— ongi egokitzen dira, nonbait, gaurko bizimodura. Youtuben urrezko araua da bideoek hiru minutu baino gehiago ez irautea, hortik gora zaila delako ikusleen arretari eustea. Twitterren 120 karakteretara mugatzen dira mezuak. «Etorri, ikusi eta joan: hori eskaintzen diogu jendeari. Hau da, antzerkia, baina Viktoria Eugeniara joateko prestatu beharrik gabe», esan du Alfredo Redondo Galarragak. El Sekadero enpresako promotorea da, Patricia Cerrada Oihanbururekin batera. Formatu txikiko ikuskizunak antolatzen dituzte. Hainbat hiritan halako saioetarako espazioak ezagutu zituzten —Pabiloi 6, Bilbon, esaterako—, baina Donostian halakorik ez zegoela ikusi zuten. Tabakaleran hartu dute aterpe, eta hasieran antzerki taldeei piezak egiteko eskatu behar izan bazieten ere, orain taldeak ari dira eurei proposamenak egiten. Dagoeneko hamar lan taularatu dituzte, eta otsailera arteko programazioa itxita daukate. «Ondo prestatuz gero, badira erabat harrapatzen zaituzten 15 minutuko istorioak», esan du Redondok, «emozioak bertatik bertara oso bortizki transmititzen direlako».

Lizarralde aktorea horren lekukoa da: «Noraino eraman dezaket gaiztoarena egitea?», galdetzen dio bere buruari. «Antzezten ari naizenean etengabe ateratzen ditut antenak ikusleen erreakzioetan hori neurtzeko». Iune Garcia haurrak ez du lotsarik pasatu antzezlana ikusten. Ezta Gari Loinazek ere. Haren anaia Lukari amaiera gustatu zaio, batez ere, «piruletak banatu dituztelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.