Entziako eta Iturrietako mendilerroen artean dago Agurain, Arabako lautadan. Erdi Aroko harresi bat dauka, ondo mantendutakoa, eta 1975ean multzo historiko izendatutakoa. Kaleetan ere historia luzeko eraikin garrantzitsuak ditu, baina batez ere Kale Nagusian. Hor daude, esate baterako, Santa Maria eta San Joan Bataiatzailearen elizak. Herriko txokoak ezagutzearekin batera, ordea, naturguneetara egin dezake gaur txangoa bisitariak. Hainbat dira bizikletaz zein oinez inguruan egin daitezkeen ibilbideak.
Entzia izango da gaurko geldiune nagusia. Nafarroako Urbasa mendilerroaren mendebaldean hazten da, eta bioaniztasun handia duen zona da. Opakuako mendatera (Araba) doan saihesbidea hartu behar da Aguraindik bertara iritsi ahal izateko, baina hura igotzen hasi aurretik, lehen kilometroetan geldialdi bat egin daiteke Sorginetxe trikuharria ezagutzeko. Egoera onean dagoen monumentu megalitiko bat da, eta kareharrizko sei harrik osatzen dute; bost bertikalean daude, eta estalki gisa beste bat dago. Ikerketen arabera, Kristo aurretik 2500. urtean eraiki zuten bertako biztanleek, beren ahaideak lurperatzeko.
Trikuharria ezagutu ostean, mendatean gora egin behar da, Entzia gainera iritsi arte. Natura 2000 sarean dagoen ingurunea da, eta, besteak beste, haritzak eta pagoak dira nagusi; basoak. Hainbat txango egiteko aukera dago eremu horretan, baina Legaireko zelaiak bisitatzea izan daiteke aukeretako bat. Hain zuzen, bertako basoan, oraindik ere, ikus daitezke 2018ko uztailaren 4an egondako tornado batek eragindako ondorioak. 180 kilometro orduko haize boladak erregistratu ziren ordu hartan, eta tornadoak sustraietatik askatu zituen hango pagoak.
Urrutira joan gabe, zelaietan barrena, Mendiluze harrespilarekin egin daiteke topo. 1983an aurkitu zuten, eta urtebetera egin zituen indusketa lanak Jose Ignazio Vegas arkeologoak. Diotenez, lau menhir antzeman daitezke, eta, gainera, barnean, hezur eta ikatz hondakinak zituen hilobi bat aurkitu zuten. Ikerketen arabera, 2.700 urte ingurukoa da hilobia.
Leze kobazuloa
Agurain da Arabako lautadako hiriburua, baina kuadrilla osatzen duten gainontzeko herrietara joanez gero ere bada zer ikusi. Leze kobazuloa da adibideetako bat. Illarduia eta Egino herrien artean dago, eta, leize bat ez ezik, amildegi bat ere bada. Hain zuzen, eremuan hainbat eskalatzaile ibiltzen dira.
PROPOSAMENAK
Lautadatik Entziara
Agurain mendiz inguratuta dago, eta, beraz, hainbat aukera eskaintzen ditu; Entziako mendilerroko basoak eta zelaiak, adibidez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu