Bilboko Aste Nagusia

Laxoak ere badu tartea Bilboko Aste Nagusian

Eguraldiari aurre eginez, Plaza Barrian elkartu direnek laxoa partidaz gozatzeko aukera izan dute

Baztango jokalariek Plaza Barrian jokatu zuten. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Bilboko Plaza Barria pilotaleku bihurtu zuten atzo goizean Bilboko Jai Alai elkartekoek. Horren arrazoia, Aste Nagusian aurrenekoz antolatu duten laxoa erakustaldia izan da.

Laxoa pilota munduan dagoen kirolik «zaharrena eta ezezagunena» dela nabarmendu du Bilboko Jai Alai elkarteko buru Iranzu Arguinzonizek. Hori dela eta, laxoa gizartean ezagutarazteko ekitaldi hori baliatu nahi izan zuen Arguinzonen taldeak. «Gure herrian oso jende gutxik ezagutzen du laxoa; gure helburua da jendearengana gerturatzea eta zaletasuna piztea».

Laxoak, historikoki, Nafarroan eta Iparraldean izan du tradizioa. Herriko plazak pilotaleku bihurtu, eta han jokatzen zuten kirolariek. Partaideen kopurua enparantzaren arabera moldatzen zen; hala ere, gehienetan sei edo zortzi pilotari izaten ziren partida batean.

Atzo, Plaza Berrian bildutako kirolari eta ikusleek eguraldi txarrari aurre egin behar izan zioten. Baztandik (Nafarroa) etorritako sei kirolarik eskaini zuten erakustaldia. Hiru, talde gorrian; eta gainontzekoak, urdinean. Epaile lanetan Josu Prim izan zen. Lehia estuan aritu ondoren, gorriek irabazi zuten 5 eta 4ko emaitzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.