Laxoa, la pelota en la plaza (Laxoa, pilota plazan) liburua argitaratu berri du Tiburzio Arraztoa (Irurita, 1952) Laxoa Elkarteko buruak. Liburu mardulean, hamaika pasadizo eta bitxikeriaren bitartez, laxoaren historia bildu du. Arraztoa laxo jokalaria izan zen gaztetan, eta gaur egun joko horren ikertzaile, bultzatzaile, dibulgatzaile nagusia bilakatu da, eta lan horren lekuko da argitalpena. Argazki zaharrez eta ez hain zaharrez jantzia, Denonartean argitaletxeak plazaratu du, eta 25 eurotan eros daiteke.
Laxoa da euskal pilotaren modalitaterik zaharrena. XIX. mendeko azken zatira arte Euskal Herriko pilota kirol nagusia zen. Orduan agertu ziren beste modalitateak: xistera edo zesta-punta, erremontea… Ezker eta aitzin paretak agertu zirenean, joko zuzenak desagertuz joan ziren. Jokatzeko aukera gehiago ematen zuten, jende gutxiagorekin. Laxoa joko zuzena da; pilotariak bata bestearen aurrean kokatzen dira, eta ez da beharrezkoa pilotak paretan errebotatzea. Hasieran, artzainak aritzen ziren soroetan jokatzen, eta gerora, gainerako herritar guztien artean izan zuen arrakasta. Garairik distiratsuenak XVIII. eta XIX. mendeetan izan zituen laxoak. Euskal Herri osoan, Errioxan eta Aragoiko zati batean jokatzen zen garai batean, baina denbora pasatu ahala, asko mugatu zen laxoaren eremua. Gaur egun, Malerrekan eta Baztanen bakarrik jokatzen da. Hala ere, 60ko urteen bukaeran, laxoa berreskuratzea lortu zuten zenbait herritarrek, Jesus Jaimerena apaiz iruritarrak egindako lan handia tarteko.
1961ean antolatu zuten lehenengo laxo txapelketa, baina eginahal horrek lau urtez iraun zuen. Gazte franko joan ziren kanpora lanera, Ameriketara eta Frantziara, beste modalitate batzuk ere sartu ziren, eta jendeak utzi egin zuen. Gero, herriko festetan bakarrik jokatzen zen, 1980an Laxoa Elkarteak txapelketa berriz ere antolatu zuen arte.
Arraztoak hogeita hamalau kapitulutan laxoaren historia eta haren inguruko hainbat pasadizo eta bitxikeria bildu ditu: Euskaltzaindiak laxoarekin izandako harremana; Kazuyuki Taketani Kobe (Japonia) hiriko unibertsitateko irakasleak jokoan izan duen interes handia; desafioak; Ziburun (Lapurdi) abuztuan jokatzen den txapelketa, eta gaur egun Baztanen eta Malerrekaren artean jokatzen den txapelketaren nondik norakoak, besteak beste.
XIX. mendeko desafioak
Beste kiroletan bezala, laxoan ere egon ziren desafioak, eta horiek ere aipatu ditu Arraztoak liburuan. «Sekulakoak» botatzen zituztela gogoratu du Arraztoak, batez ere XIX. mendean.
Kontuan hartu behar da lehen txapelketa 1962an jokatu zela eta ordura arte bakarrik desafioko partidak jokatzen zirela. XIX. mendean Ameriketatik etorritakoak Baztanera iristen zirenean, dirutza mugitzen zuten. Partidarik interesgarrienak ibarren arteko partidak izaten ziren, Baztan Malerrekaren kontra, eta dirua erruz jokatzen zen. Ez zen artekaririk orain bezala, baina bai txatxariak. Hark tantoak eta partida osoak kantatzen zituen.
Desafio horietan mugitzen zen dirua, gertatzen ziren bitxikeriak eta gorabeherak bildu ditu Arraztoak. «1848 urteko Irungo laxoaren desafioan jokatu zuten gipuzkoarrek iparraldekoen aurka, eta hor kalkulatzen da 150.000 libera jokatu zituztela. Garai hartako sekulako dirutza zen. 12. 000 ikusle izan ziren partidan, pentsa», azpimarratu du.
Etorkizuna: mantentzea
Laxoak iragan oparoa izan bazuen ere, egun Malerrekako eta Baztango herri batzuetan bakarrik jokatzen da. Helburua orain jokatzen den herrietan mantentzea da. «Batetik, zaila edo ezinezkoa da zabaltzea; eta bestetik, plaza egoki bat behar da, eta gero eta gutxiago daude, desagertuz joan dira. eta hori da gure helburu bakarra: dauden herrietan mantentzea».
Laxoa ez galtzeko Nafarroako Gobernuak duen proiektua aipatu du Arraztoak. Gobernuak laxoaren jokoa interes kulturaleko ondare izendatu nahi du, eta laxoarekin lotura duten tokiak eta gauzak, plazak eta botarriak, alegia, interes kulturaleko tokiak izendatu nahi ditu. «Horrek erran nahi du leku horiek ezin direla aldatu baimen berezirik gabe. Interesgarria izanen litzateke dauden plazak bederen kontserbatzea. Laxoaren osasuna ona da, baina edozein unetan eman diezaioke bihotzekoak», dio itxaropentsu.
Laxoaren hamaika kontakizun
XIX. mende bukaera arte pilota joko nagusia zen laxoa. Haren historia bildu du Tiburzio Arraztoa ikerlariak 'Laxoa, la pelota en la plaza' liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu