Aldian behin, zappin xelebre horietako batean ikusi izan dut formatua. Parez pare, auzi edo arazoren batean adostasunik lortzen ez duten pertsonak. Alde batean, epaia emango duen sasi aditua. Bestean, etxean bezala, ikus-entzuleak. Inoiz, oihuz eta anabasaz hasitako eztabaida argudiorik gabea eskuen laguntzaz amaitzen da. Justiziaren bila doazenak, ikuskizunaren bazka bihurtuak. Atzo, kasualitatez, formatuaren bertsio espainiarra suertatu zitzaidan begien aurrean. De buena ley jarri diote izena. Saioaren irudia epailetzaren ikur ezaguna da, epailearen borra. Arazo bat aurkeztu eta protagonistak auzi geletan izan ohi diren egurrezko gune banatan kokatzen dituzte. Haiei so, togaz jantzitako epailea, ikus-entzuleak eta aurkezlea, noski. Hortik aurrerakoak, esaterako, eztabaidaren maila, zentzutasun gabezia, eztabaidaren tonua eta ikuskizunaren norabidea, imajina ditzakezue. Hamarretik hamarrek asmatuko luke nolakoa den, hiruzpalau datu iradokita.
Behin baino ez dut ikusi. Eta zappinekotik bertsio espainiarrera forma aldaketak baino ez ditut nabaritu. Ezinbestean, Tele5 kateak sortu duen horretan, XXI. mendean gaudela erakutsi nahi dute. Itxuraz jasoagoa da, garbiagoa, txukunagoa, serioagoa, benetakoagoa da; benetako justizia eskaintzen duela irudikatu nahi duenak egingo lukeen bezalakoa. Ohi bezala, telebistako gainontzeko eztabaida gehienetan bezala, eskuak erabiltzera iristea ez da onargarria hemen ere. Tarteko guztia, ordea, errespetua eta hizketaldirako egokia den tonua galtzea, edo aurrejuzku eta pentsaera atzerakoiak sortutako ikuskerak aldarrikatzea, dena libre. Betiere kontuan hartuta edozer dela argudio protagonista eta epaileentzat. Argudiaketa ere araututako jakintza dela, ez baitakite jakin.
Baina aurkezleak justizia hartuko du hizpide. Hori da hark, haren nagusiek eta kateak salduko duten eredua eta mezua. Haienean, edozein auzi duzula ere, justiziaren izenean konponduko dela. Izan ziteken espainiar justiziak erakusten dituen hutsune eta gabezien aurkako aldarri bat. Tamalez, ez da hala. Gehiago da jendearen minak eta arazoak, zaborra, hartu eta produktu bilatzen dituen eskaintza. Hain zuzen, aipatu protagonistek elikatzen dutena. Diru truke, suposatzen dut. Eta, hala ere, asko dio herritar batzuen maila kulturalaz.
Komunikazioa. Ekografiak
Lege onez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu