Berorrek merezi duen errespetuaz, epaile jauna, ez dut ondo ulertzen zer dela eta nagoen gaur epaitegi txit eder honetan. Antza, hiritar zintzo batek nire kontrako salaketa jarri du, baina, berorrek ondo jakingo duen bezala, zintzotasuna eta nahasmendua ez dira berez bateraezinak. Ziur naiz ezen berori berehala ohartuko dela hainbat uste okerren ondorioz iritsi garela areto honetara zeina, esan dezadan bidenabar, gustu handiz dagoen apainduta.
Aitor dut ostegunero komunikabide batean agertzen naizela pipa ahoan dudalarik. Eta ziur naiz ezen detailetxo horrek —eta neurri txikiagoan bada ere, nire lagunen iritziak plazaratu izanak— hainbati pentsarazi diola tabakoaren aldeko kanpaina etengabe batean murgilduta nagoela. Alta, salatu nauen hiritar jator hori oker dabil, errealitatea osoki baita bestelakoa. Nik, ezeren apologia egitekotan, piparen apologia egiten baitut. Objektuarena, alegia.
Pipa objektu bikaina da per se. Erreparatu al dio berorrek pipa baten berezko dotoreziari? Eta bere barne-arkitekturaren zailtasunari? Pipa artelan bat da berez, kaka erretzeko erabiltzen dena, bai, baina akasoez al da hori artearen zereginetako bat, zatarkerian edertasuna bilatzearena? Gainera, argazkiko pipa hori Ferndown bat da! Ebay-n dirutza jasoko nuke…
Nola? Erruduna naizela? Barkatu atrebentzia baina erreduna esan nahiko du berorrek, ezta?
…
Jada aipatu al diot berorri zein ederra den epaitegi hau...?
Maratila
Legea (eta V)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu