Komunikazioa

Legez kanpoko erakundeei EITBk espaziorik ez ematea onartu dute

UPDren legez besteko proposamen bati egindako erdibideko zuzenketa onartu dute Eusko Legebiltzarrean

Borja Semper eta Carlos Urquijo PPko legebiltzarkideak atzo EITBren Kontrolerako Batzordeko bilkuran. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Eusko Legebiltzarrak EITBko Zuzendaritza Nagusiari eskatzen dio ez diezaiela estaldurarik eman ez espaziorik eskaini terroristei, legez kanpoko erakundeei edo haiek ordezkatu nahi dituztenei. Galaraz dezala, gainera, Batasuneko ordezkariak eta legez kanpoko taldeak elkarrizketa saioetan eta tertulietan parte hartzea». Eskaera hori onartu zuen atzo Eusko Legebiltzarrak. Hain zuzen, UPDren legez besteko proposamen bati PPk, UPDk eta PSEk egindako erdibideko zuzenketa onartu zuten. EAJk eta EBk aurka bozkatu zuten.

2010eko abenduaren 16an elkarrizketa egin zioten Rufi Etxeberriari Radio Euskadiko Boulevard saioan. Eta, UPDren arabera, gobernua aldatu zeneko arau bat hautsi zen horrela: «Ahotsik ez ematea ETAren sarerakin lokarriak zituztenei. Elkarrizketa horrekin hautsi egin zen euskal popularren eta sozialisten oinarrien akordioa». Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak proposamena aurkeztearekin batera honako hau adierazi zuen: «Espero dut Rufi Etxeberriaren elkarrizketa EITBn ez errepikatzea».

PPk eta PSEk UPDren proposamena defendatu zuten. PPko Carlos Urquijok hauxe esan zuen: «Zenbait ideia edo ideia horiek defendatzen dituzten pertsonak marginatzeko obligazioa dugu». Berdintsu adierazi zuen PSEko Carlos Gorostizak, ideia guztiak ezin direla berdin defendatu. PSEk EITBko zuzendaritzaren lana errekonozitzen du, «ETArekin loturik dauden legez kanpoko tratamendu informatiboaren aldaketan». Gorostizaren ustez, erdibideko zuzenketak indartu egiten du «EITB ez egotea ETAren konplizeen zerbitzura».

EAJko legebiltzarkide Luke Uribe-Etxeberriak «ikuspegi ezkorra» ikusi zuen proposamenean. «EITBko langileen profesionaltasunaren kontrako bidegabekeria da hori». EAJren ordezkariaren arabera, EITBko legean kriterio etikoak badaude, «baina kriterio horren barne ez da zentsura informatiboa sartzen». Onartutako zuzenketarekin Uribe-Etxeberriak uste du PPk, PSEk eta UPDk ildo editoriala ezartzen diotela Alberto Suriori. Aurrez, EITBko zuzendariariegindako galderetan EAJko legebiltzarkideak esan zuela ez dutela normala ikusten Rufi Etxeberria Radio Euskadin elkarrizketatzea, eta ez egitea ETB2ko Plató 2.0 programan.

Ezker Batuko Mikel Aranak salatu zuen herri honetako sensibilitate politiko bat EITBtik kanporatu nahi dela. «Elkarrizketa eta tertulietan ideologia horiek dutenak parte hartzea logika du. Baina UPDren proposamenaren arabera, solaskide batzuek ezingo lukete Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko tertulia batzuetan parte hartu». Hori ikusita, Maneirok esan zuen ez dutela ezer zentsuratu nahi. «Bakarrik ez ditzatela beste alderdietakoak bezala trata».

Aralarreko ordezkariak ezin izan zuen bilkuran parte hartu. Aralarren arabera, «ez da zilegi ahotsa isilaraztea, euskal gizartearen zati garrantzitsu bat isilaraztea, eta horretarako komunikabide publiko bat erabiltzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.