Jorge Nuñez. Zinema Ilegalaren koordinatzailea

«Legez kanpoko zinemarik benetan ote dagoen argitu nahi dugu»

Serbian sorturiko mugimenduaren eskema jarraitzen duen egitasmoa hasiko da gaur Bilbon. Filma eztabaidarako aitzakia gisa erabiltzen da, eta zinema aretoa harremanetarako gune bihurtzen da.

BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Jorge Nuñez (Santurtzi, Bizkaia, 1983) Arte Ederretan lizentziatua da eta tesi bat idazten ari da «ikuslearekin jolasten» duten filmen inguruan. Zinema Ilegala egitasmoaren koordinatzailea da eta gaur aurkeztuko du lehen saioa, 19:00etan, Bulegoa aretoan, Bilbon (Solokoetxe 8).

Izen engainagarri du Zinema Ilegala mugimenduak, ez baitu zerikusirik pirateriarekin edo legez kanpoko inongo jarduerarekin.

Ez, ez du zerikusirik Sinde legearekin. Serbian abiatu zuen mugimendua Marta Popivoda artistak, eta egia da han, hasieran, saiatu egin zela film zentsuratuak edo legearen ertzean dauden talde baztertuen inguruko lanak erakusten. Hemen, ordea, legez kanpoko zinema benetan ote dagoen argitu nahi dugu. Legez kanpokoa, baina ez erakusten duenarengatik, baizik eta kontatzeko moduarengatik. Esaterako, egin al daiteke legez kanpoko komedia erromantiko bat?

Benetako bortxakeria erakusten duen 'snuff movie' bat izan daiteke legez kanpokoa edukiarengatik, baina nola izan daiteke film bat legez kanpokoa formarengatik?

Ziurrenik ez dago halakorik, baina hori eztabaidatu nahi dugu zinemaren bidez, oraindik ez dagoen zer edo zertaz eztabaidatzen, beste gauzak aurki ditzakezulako. Hartu, esaterako, Cannibal Holocaust filma[Ruggero Deodato, 1980]. Horrek bi aurpegiak ditu: alde batetik, debekatuta egon da herrialde askotan erakusten duenarengatik, nahiz eta gezurra izan. Bestalde legez kanpokoa da forman ere, planteamenduak zinema akademikotik ateratzen delako, eta oso modu zikinean eta axolagabean dago grabatuta. Bi aldeak bereizi nahi ditugu guk, eta bigarrena nabarmendu, sozialki arinagoa baita, baina iraingarriagoa ikus-entzunezko gisa.

Nolakoak dira Zinema Ilegalaren saioak?

Pertsona ezberdin batek proposatzen du saio bakoitza, eta denak diferenteak dira. Proposatzailea zinemako jendea ez izatea lehenesten da. Gaur zein film erakutsiko dudan ezkutuan gordeko dut. Saioetarako esaten da nork proposatzen duen filma, baina ez zein izango den. Filmari baino, proposatzaileari ematen diogu garrantzia. Hau eztabaida bat da, eta erdian, film bat ikusten da.

Zertan bereizten da hori zine-klub edo zire-forum saio tipiko batetik?

Ez da ziklorik eratzen eta ez da ildo itxirik jarraitzen. Doan da, eta filma aitzakia da. Eztabaida da, filmaren bidez, ez eta filmaren inguruko eztabaida.

'Cahiers du Cinéma' aldizkariko eztabaidatik Nouvelle Vague fenomenoa sortu zen bezala, Zinema Ilegalak sortuko al du film mugimendu bat?

Primerakoa litzateke, baina zinema mugimendua baino, arte mugimendua litzateke. Ez dakit Serbian nola egiten duten, baina Popivodarekin hitz egin dugu, eta han ikuspegi sozial handia du mugimenduak.

Interneti esker filmak ia berehala eskuragarri ditugun aroan, lan bat ikustea ekitaldi soziala bihurtzea izan daiteke zinema aretoen etorkizuna?

Film bat aitzakia perfektoa da biltzeko. Filmarekin eztabaidatzen da, eta aldamenekoekin, zer edo zer 'sakona' aurkitu nahiean. Internetetik jaitsitako filmak etxean ikusten hasi eta amaitu gabe uzten ditut askotan. Haatik, film bera areto batean, jendearekin eta ordutegi batekin... Ikustera behartzen zaituen indar bat sortzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.