Ez zuen halakorik espero. Eraso sexistarik gabeko jaien alde kanpaina aurkeztu zuenean, Iruñeko Berdintasun teknikariak ez zuen uste handik astebetera hamalau sexu eraso salatzeko kalera ateratzen ibili beharko zuenik. Aitzitik, nabarmendu du «txalogarria» izan dela iruindarren erreakzioa eta horrek ere hunkitu duela.
Azken txanpan dira sanferminak, baina ezin balorazio positiborik egin, ezta?
Tartean sexu erasoak daudenean, balorazioa ezin da inoiz positiboa izan, noski, gure helburua halakorik ez gertatzea baita. Hori esanda, ordea, bi elementu positibo nabarmenduko nituzke. Alde batetik, emakume askok aurrera urratsa egin dute erasoak salatzeko eta gertatutakoa kontatzeko. Hori ez zen lehen gertatzen. Duela gutxira arte, eraso bat pairatzen zuten emakumeak jaietako ordainsaria pagatu izanaren sentsazioarekin bueltatzen ziren etxera. Onargaitza da hori, eta, zorionez, pertzepzioa aldatzen ari da, pixkanaka. Hori da, hain zuzen, bigarren elementu positiboa: biktimen jarreraz gain, gizartearen ikuspegia aldatzen ari dela. Uste dut jendearen kontzientziazio maila altua lortu dugula, aurreko egunetako protesta jendetsuek agerian utzi dutenez.
Uztailaren 7ko eta 11ko elkarretaratzeak aspaldiko handienak izan ziren...
Bai, ahoa bete hortz gelditu ginen denak. Eta mezu argia bidali zuten protesta horiek: eraso guztiak sobran daudela eta desagerrarazi behar ditugula, bortxaketa bat izan nahiz eskatu gabeko igurtzi edo piropo bat izan. Finean, eraso txikiek ere emakumeen lasaitasuna eta segurtasuna asaldatzen dute. Kontzientziazioari dagokionez, beraz, kanpaina arrakastatsua izan da, baina bide luzea dugu oraindik. Inpunitate sentsazioa amaitu beharra daukagu.
Gazteluko plazako informazio gunea jendez lepo dago orain.
Bai, eta halaxe egon da ia egunero. Ilara luzeak ditugu egunero, jende andana etortzen baita informazio nahiz aholku eske, edo, besterik gabe, kanpainaren eskuorriak eta txapak eskuratzeko. Arrakasta itzela izan du egitasmoak.
Eraso gehiago gertatzen dira orain, edo gehiagotan salatzen dira?
Gehiagotan salatzen dira. Lehen esan dudan bezala, emakume askok salaketak aurkezteko pausoa ematen dute orain, barneratua dutelako halako gertaerak ez direla jaiari lotutako ezbeharrak, delituak baizik. Gizarte osoak hala ikustea falta zaigu orain; gizonezko batzuek, bereziki. Denok argi izan behar dugu festetan egoteak edo alkohola edateak ez gaituela baimentzen besteen espazioa inbaditzera, deseroso sentiaraztera edo haien itxurari buruzko balorazioak egitera. Gizonek ez dute zertan emakumeon gorputza ebaluatu.
Erakunde publikoen erantzunari dagokionez, berriz, alderik nabaritu al duzu aurreko urteekin?
Nire ustez, instituzioen jarrera egokia izan da aurten. Gertatzen ari zenaren jakitun izan dira hasieratik; ez dute utzikeriaz jokatu; informazio argia eman dute; mobilizatzeko deia zabaldu dute herritarren artean; eta babesa adierazi diete kolektibo feministei eta, oro har, protestak antolatzen zituzten elkarte guztiei, protagonismoa kendu gabe. Iruditzen zait erantzun indartsua eta bateratua eman dutela.
Eta zein izan da hedabideek jokatutako rola?
Denetarik egon da: mezu egokiak, baina baita zabor asko ere, eta hori ez da batere ona. Biktimak kriminalizatzea edo haien jokabidearen gainean zalantzak piztea, erasoak justifikatzea, morbositatea bilatzea, begirada indarkeria matxista ez den beste edonora bideratzea, behin eta berriro estereotipoetara jotzea... Hori guztia lotsagarria da, eta, egunotan, halako jokabideak ikusi ahal izan ditugu hedabideetan. Egunkari, irrati, telebista eta agerkari digital askok ez dute maila eman, eta penagarria da, komunikabideek erantzukizun itzela duten heinean. Honek guztiak frogatzen du bozgorailu bat eskuan edukitzeak ez dizula eskubiderik ematen bururatzen zaizun lehen gauza botatzeko.
Pilar Mayo Falque. Berdintasun teknikaria
«Lehen, biktima joaten zen jaien ordainsaria pagatu izanaren sentsazioarekin»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu