«Lehen helduena zen repentismoa, eta, orain, berriz, haur eta gazteena»

Kuba eta Euskal Herria inprobisazioak batuko ditu gaur Gasteizen, Parral tabernan. 20:30etik aurrera, 'Plazatik plazera' emanaldia eskainiko dute repentista eta bertsolariek, musikak lagunduta.

Maite Alustiza.
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Ezin daiteke hitz bakar bat erabili Alexis Diaz-Pimienta (Habana, 1966) definitzeko. Idazlea, poeta eta ikertzailea da, baita repentista ere. Eta azken horrek ekarri du Euskal Herrira: Plazatik plazera emanaldia eskainiko du gaur Gasteizko Parral tabernan, 20:30ean. Harekin taula gainean izango dira Iñaki Viñaspre eta Izar Mendiguren bertsolariak eta Aguiar anaia musikariak.

Nolakoa da Kuban repentismoaren egoera?

Onarpen handia du repentismoak Kuban, bizitasun handia. Emanaldi asko egiten dira; eta, horietaz gain, telebista eta irrati saioak, antzerki ikuskizunak eta horrelakoak daude. Arte honek urte asko daramatza bizirik, baina inoiz ez orain bezainbeste: lehen helduena zen, eta, orain, berriz, ume eta gazteena da, mugimendu bat sortu dute repentismoaren inguruan.

Euskal Herrian bezala, Kuban ba al da txapelketarik?

Bat baino gehiago. Gazte inprobisatzaileen txapelketa bat dago, 35 urte azpikoentzat. Beste bi maila nazionalean jokatzen dira, repentista garrantzitsuenekin, eta munduko txapelketa bat ere bada. Azken horrek, Pie Forzado du izena. Kuban eta Hego Amerikan oso ezaguna den inprobisazioaren aldaera bat da.

Neorepentismoaz hitz egiten da; zertan aldatu dainprobisatzea?

Repentismoan ezin da lehenaz eta orainaz hitz egin. Argi dago tradizio baten errealitatea aldatzen denean beste tradizio batzuetan jarraitzen duela utzikeria sentimenduak; bai administratiboki, bai akademikoki, baita ikerkuntza arloan ere. Euskal Herrian eta Kuban aldatu da repentismoak gizartean duen tokia, baina, zoritxarrez, beste zenbait tokitan mantendu egin da. Hego Amerika eta Europako zenbait herrialdetan inprobisatzaileen ahalegin indibidualak mantentzen du bizirik artea.

Zer espero duzu Euskal Herrian egingo dituzuen emanaldien inguruan?

Aurreikuspen onekin gatoz. Atzo egin genuen lehenengo saioa, Gernikan. Historikoki eta kulturalki herri aberatsa da.

Zaila al da gaurkoaren moduko saioetan txukun aritzea?

Inprobisazioan ez dago gidoirik, zailena da inprobisatzaileak ez dakiela gau horretan nola egongo den, musak etorriko zaizkion edo lotan geratuko diren. Bestela komunikazioak dituen zailtasunak ditu, ez bereziki gaurkoaren moduko saio batean. Kuban ere zaila izan daiteke jendea harrapatzea ez badute repentismoa ondo ezagutzen.

Nolakoa da Kubako publikoa?Eta Euskal Herrikoa?

Kuban publikoa oso parte-hartzailea da, gartsua. Euskal Herrian, berriz, erne egoten den horietakoa da; jendetsua eta inprobisatzearen arauak errespetatzen dituena. Bi publiko ezberdin dira, inprobisatzera laguntzen eta animatzen duten publikoak.

Etorkizunari begira, zein asmo dituzu?

Etorkizuna orainaren jarraipena da, beraz, lanean jarraituko dut repentismoa bultzatuz. Orain dela 25 urte zera esan nuen, inprobisazioa etorkizuneko artea zela, eta Euskal Herrian gertatu denak eta Kuban eskolekin gertatzen ari denak arrazoia ematen didate. Inprobisatzeak asko dauka emateko inprobisatzen den herrialde horien bizitza kulturalari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.