Egun handia izan zen atzo Gipuzkoako arrantzale ohientzat. Karmengo amaren eguna izanik, omenaldia egin zieten Donostian 70 urtetik gorako arrantzale ohiei, 85. aldiz. Ekitaldira denak joan ez baziren ere, 350 arrantzaletik gora omendu nahi izan zituzten, «Gipuzkoako bizi-kalitatea hobetzen laguntzeagatik». Baina, arrantzaleez gain, sareak konpontzen lanean ibilitako emakumeak ere omendu dituzte aurten, bigarren aldiz.
Udaletxean bildu ziren arrantzaleak 11:30ean, haien omenezko ekitaldian. Eserita batzuek eta zutik besteek, elkar agurtzeko eta kontu zaharrak gogoratzeko aprobetxatu zuten unea, denakiritsi bitartean. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Jokin Diaz Eusko Jaurlaritzako arrantza zuzendaria eta Kutxako ordezkaria izan ziren ekitaldian; esker oneko hitzak izan zituzten arrantzaleentzat, eta haien familientzat. «Zorionak arrantzaleei eta zuen alboan egon diren guztiei», adierazi zuen Izagirrek.
Dantzariak eta bertsolariak ere izan ziren. Bi neskak pare bat dantza eskaini zizkieten lehenik, txistularien laguntzaz. Anjel Larrañaga eta Patxi Etxeberria bertsolarien txanda izan zen gero. Arrantzaleek gustura entzun zuten saioa, bertso hunkigarriak bota baitzituzten. Arrantzaleek pasatako une gogorrak ekarri zituzten gogora, baina haien egunerokoan emakumeek izandako papera nabarmendu nahi izan zuten gehienbat. «Oraintsu arte izandu ginan / gizonezkoak nagusi / [...] baina gaurkoa ospatuko deu / emakume eta guzti», abestu zuen Etxeberriak.
Udaletxeko ekitaldia amaitzeko, portu bakoitzeko arrantzale zaharrenei opari bana eman zieten. Hondarribiko Maria eta Fermina Berrotaran ahizpentzat ere izan ziren opariak, ekitaldira joaterik izan ez zuten arren. Eta udaletxetik, portura. Izan ere,arrantzaleen omenezko meza bat eskaini zieten portuko elizan, 12:00etan.
Itsasoko garaiak gogoratuz
Oinez egin zuten udaletxetik porturainoko bidea arrantzaleek eta haien senitartekoek, itsasoko pasadizoak elkarrekin gogora ekarriz. Marcelino Agirresarobe oriotarrak lehen aldia zuen. 70 urte ditu, eta erdiak baino gehiago pasa ditu itsasoan: 40. «Arrantza asko aldatu da», azaldu zuen. «Lehorrean gauzak asko hobetu diren bezalaxe, itsasoan ere bai. Orain ontzi handiagoak dituzte, eta dutxatu ere egin daitezke, pentsa». Oroitzapen onak eta txarrak, denetik gordetzen ditu, baina «gustura» ibili zela dio. «Sare konpontzaileek ere oso baldintza gogorretan egiten zuten lan, eta merezi dute omenaldia».
Manuel Urangak ere (Orio, 1925), arrantzale zeneko garai gogorrak ditu gogoan. Hamahiru urterekin hasi zen itsasoan, eta, 25 urte zituenerako, Orioko Aitagurea ontziko patroia zen. «Ura sakratua izaten zen. 300 litro ur izaten genituen hamalau pertsonarentzat, bi aste pasatzeko, eta amaitzen zenean itsasoko ura erabili behar izaten genuen», adierazi du. «Sinesterik ere ez dago oraingo arrantzaleek nola lan egiten duten. Asko aldatu dira gauzak».
Garai haiek aspaldi utzi zituzten atzean, ordea, eta atzokoa ospakizun eguna izan zen. Meza amaitzerako, arrantzaleek atean zain zituzten Kresala dantza taldeko zortzi dantzari. Aurreskuarekin hasi, eta beste hainbat dantza egin zituen gero zortzikoteak, arrantzale jantzia soinean eta arraunak eskuetan. Txalo artean amaitu zuten dantzaldia, eta arrantzaleak bazkaltzera abiatu ziren segidan. 14:00etan zuten bazkaria; aukera ederra aspaldian ikusi gabeko lagunekin patxadan egoteko, eta itsasoan elkarrekin bizitakoak lehorrean oroitzeko.
Lehorrean, itsasoaz oroituz
Gipuzkoako arrantzale erretiratuei omenaldia egin diete Donostian, urteroko ohiturari jarraituz. Bigarren urtez, saregintzan aritutako emakumeak ere omendu dituzte Karmen egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu