Nafarroa lehorraren eta Nafarroa hezearen arteko mugan dago Tafalla. Biak uztartzen ditu Nafarroaren erdialdean dagoen herriak. Edo, hobe esanda, hiriak, Felipe IV erregeak titulu hori eman baitzion XVII. mendean. Mendialdearen eta Erriberaren atea da, Saltus-aren eta Ager Vascorum-aren muga erromatarra, Jose Maria Jimeno Jurio historialariaren hitzetan.
Zidakos ibaiaren alboan eta Pirinioetako azken mendien magalean kokatua, Nafarroaren erdialdean aurkitzen da Tafalla. Nafarroako Erresuma Zaharraren komunikabide guztien arteko bidegurutzea izan da eta bidaiari eta armada guztiak igaro izan dira bertatik. Hiriaren lehen aipamen historikoa 924. urtekoa da, Abd-al-Rahman III kalifak Iruñeko Erresumaren aurka egindako gudan suntsitu zuenekoa.
Herriaren inguruan dauden harrobiak garaian garaiko agintariei eta tafallarrei erraz eraikitzeko aukera eskaini zien. Horrela, XIV. mendean hiriaren tamaina bikoiztu egin zen, Santa Maria eta San Pedro elizen inguruetara eta kale Nagusira zabalduz, eta hiria gotortu egin zuten, harresiz inguratu zutelako osorik. Baina harrezkero asko aldatu da Tafalla.
Egun hiria bi zatitan bereiz daiteke. Goikaldean harri-zolazko kaleak eta eraikin zaharragoak ikus daitezke, hiriak Erdi Aroan izan zituen ezaugarrien erakusle. Aitzitik, hiriaren beheko zatia— hiriaren erdialdea alegia — askoz ere modernoagoa da eta bertan daude denda eta administrazio zerbitzuak.
Erdi Aroan izan zituen ezaugarrien adierazle da Peña edo Goikaldeko auzoa. Hiriko auzorik zaharrena da. Iragan mendearen erdialdean eta auzokideen ekimenez, hainbat etxe zaharberritu ziren. Goikaldeko auzoak gainera, Tafalla eta inguruko lurren ikuspegi ederra eskaintzen du. Santa Luziako pinudira igoz gero, Uxueko Zerra eta Tafallatik gertu dagoen Erriberriko gaztelua ere bistatu daitezke.
Hiriaren aldaketa
Tafallan nekazal giroa eta hiri giroa eskutik doaz. Horren lekuko dira urrian eta otsailean egiten diren ganadu feria jendetsuak. Baina nekazaritzatik eta abeltzaintzatik gero eta jende gutxiago bizi da eta garai bateko nekazal lur asko industriak hartu ditu: Nava edo Barrankiel parajeak dira horren lekuko. 1970. urtean Mondragon Taldearen Victorio Luzuriaga enpresa ezartzeak kanpoko jende asko erakarri zuen Tafallara bizitzera. Industrializazioak hiria handitu eta aldatu egin zuen, zerbitzu eta industria gehiago ekarriz.
Lehorretik hezerako atea
Euskal Herriko txokoak. Tafalla Zidakos ibaiaren alboan, Nafarroa lehorraren eta hezearen arteko mugan kokatzen da Tafalla eta hiritik bi paisaiak ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu