Kale hutsetan, txorien kantuek urratzen dute orain isiltasuna. Autoen eta jendearen joan-etorririk gabe, espazioa bereganatu dute hegazti askok. Gertuago eta lasaiago direnez gero, haien jokabideak eta jarrerak bertatik bertara ezagut daitezke, eta nor den nor asmatu. Asko ikasi eta ikusi baitaiteke leihotik begira. Etxetik ere egin liteke hegaztien behaketa.
«Denbora daukagunez, gauza berri asko ikusiko ditugu leihotik begiratuz gero. Konfiantza gehiago dute txoriek, eta hurbiltzen ari dira; beraz, beren jokabide normala erakusten dute orain, normalean erraz ikusten ez duguna. Dokumental bat dirudi». Gorka Gorospe ornitologoa eta natura gidaria etxetik ari da hegaztiak behatzen, konfinamendua dela eta. Asperdurari aurre egiteko, gozatzeko zein ikasteko, hegaztiei so egitea aukera bat da bakartze garaietan.
Horretan hasi nahi duenari aholku eman dio: prismatikoekin aski da, eta etxetik urrunera so egiteko aukera izanez gero, teleskopioa ere erabil liteke. Horrekin batera, gida liburua beti gertu behar da, kontsultak egiteko. Sakelakorako aplikazioak ere badaude; berak Merlin gomendatu du. Dena den, ez da komeni errazera jotzea: «Azken momentuan erabiliko nuke aplikazioa, ongi egin dugula baieztatzeko. Praktika behar da hegaztiak identifikatzeko, eta horrela ikasten da. Ez badugu ahalegina egiten, kostatuko zaigu ikastea».
Garai egokia da hegaztiak behatzeko, migrazio garaia baita. Hala, txori askok zeharkatzen dute Euskal Herriko zerua. Miruak, arrano txikiak, gabiraiak, zikoina beltz eta zuriak... espezie asko ikus litezke. Txori txikiak ere bai: enarak, karnabak, txontak... Behaketaren emaitza ezberdina da hirian edo herrian bizita, edo leihotik mendia edo itsasoa ikusteko aukera izanda. Hirietan erraz ikus litezke zozoak, txantxangorriak, txolarreak, usoak...
Adituak ez dira leihotik beha diren bakarrak. Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria argazki kamerarekin ari da txorien irudiak ehizatzen, eta ondoren Twitterren saretzen. Ez da bakarra: txiolari dezente ari dira beren behaketen berri ematen. Jorajuriak goizeko kafearekin egiten du behaketa, batzuetan arratsaldekoarekin ere bai, eta aurrean dituen txoriak argazkietan betikotu. «Denak baratzean hartu ditut, eta harrigarria da zenbat txori desberdin dauden hain hurbil», esan du.
Erritmo aldaketa ekarri dio konfinamenduak, eta behaketak laguntzen diola dio. Argazkiak partekatuta, helburu bat jartzen dio bere buruari. «Helburu bat dudalako segitzen dut». Gustua ere hartu dio behaketari: «Mirua abantzu egunero ikusten dut hegaldatzen, itzultzen, saguak harrapatzen... Magikoak dira txoriak, ikusten direlarik». Hegaztien tamainei, jarrerei... denari erreparatzen dio orain: «Mundu bat da txoriena, eta merezi du begiratzea». Badu zer eginik heldu diren egunetarako, ez baitu lortu denak kamerarekin harrapatzea: enarak «fiteegi» pasatu zaizkio, antxetak tarteka ere hurbiltzen dira Senpere ingurura (Lapurdi), eta txepetxa, ikusi bazuen ere, urrunegi zuen argazkitan hartzeko. Izanen da astirik haientzat ere.
Belarriak erne
Leihoetatik egindako behaketa horiek Internet bidez jakinarazi eta dokumentatzea aholkatu dute adituek. Nere Zorrozua Aranzadi zientzia elkarteko ornitologoak azaldu du bilketa egiten dutela Ornitho Euskadi plataformaren bidez: Ornihto.eus. Herritarren zientzia deitzen zaio horri, eta norberak egiten duen behaketa garrantzitsua dela erakutsi nahi dute Etxean geratuko naiz kanpainaren bidez. «Jende askok parte hartzen duenean, nahiz eta bakoitzak gutxi eskaini, informazio asko lortzen da: espezie baten banaketari buruz, migratzaileak noiz hasten diren etortzen... Espezie horren lurralde osoko mapa bat lortzen duzu», azaldu du Zorrozuak.
Konfinamendua hasi zenetik online ikastaroak ere eskaintzen ditu Aranzadik, txoriak identifikatzen irakasteko. Bideo deien bidez egiten dute. Azaltzen dute zer ezaugarriri erreparatu behar zaien eta zer hartu behar den kontuan hegaztiak identifikatzeko: ezaugarri fisikoak —kolorea, tamaina...—, jokabidea, kantua... Azken hori ere garrantzitsua da. «Behatzeko, prismatikoak behar dira, baina entzumenarekin ere asko egin daiteke», ohartarazi du Aranzadiko ornitologoak.
Kantuei erreparatzean, garrantzitsua da lehenik hegazti familia ezagutzea: «Txori txikiek soinu mota bat egiten dute, harrapariek beste bat... Batzuetan, komeni da talde handira joatea; hortik errazago jarraitu dezakegu», aholkatu du Zorrozuak. Beste gomendio bat: ohikoenekin hasi: txantxangorria, zozoa, kaskabeltza... «Bertan ditugu, eta, askotan, ez ditugu ezagutzen haien kantuak».
Badira lagungarri diren aplikazioak eta webguneak. Xeno-canto.org da horietako bat. Kantuez gain, beste informazioak ere jasotzen ditu euskaraz Txoriak.eus webguneak, eta Asier Sarasua biologoak txorien kantuei buruzko txioak sareratu ditu egunotan. Leihotik begira ikasteko balio du, beraz, etxealdiak, kalera ateratzerakoan belarriak eta begiak zorrozturik izateko.
Leiho hegian, txoria
Etxetik bada ere, jende askok txoriei behatzen jarraitu du konfinamenduan ere. Behaketak Interneten partekatu daitezke. Hegaztiak identifikatzen ikasteko gidak eta aplikazioak lagungarri dira, eta belarriak zorroztea ere komeni da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu