Jaiak. Leitza

Leitza, dantzaren biran

Herritar guztiak birritan elkartuko dira gaur herriko plazan: arratsaldean, Aurrera taldeko dantzarien emanaldian, eta gauean, berriz, herri afarian

Aurrera dantza taldeko ezpata dantzariak, agurra dantzatzen, herriko plazan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Leitzako festak ekuatorera iristear dira jada, baina oraindik ekitaldiz beteriko lau egun falta zaizkie herritarrei, zapia eta blusa datorren urtera arte armairuan gorde ahal izateko. Gaur egun berezia da, festa guztietan jende gehien elkartzen den eguna baita. Izan ere, urte osoan prestatzen egon ondoren, Aurrera dantza taldeak leitzarrentzat sakratua den emanaldia aurkeztuko du arratsaldeko zazpietan, plazan. Horrez gain, herriko plaza berriro topaleku bilakatuko da gauean, herri afariaren aitzakiarekin.

Goizean goiz, txistulariek esnatuko dute herria, eta jarraian entzierroa egongo da Leitzako kaleetan. Bazkalorduaren aurretik, ikusgai izango da neska-mutilen harri tiren proba, eta, segidan, umeek jolastoki aparta izango dute plazan, apar artean gora eta behera ibiltzeko beta izango baitute. Arratsaldean, bertso eskolako kideen txanda helduko da; Labetxeko atarian saioa egingo dute.

Baina gaur pisu gehien daukan ekitaldia 19:00etan izango da. Herri osoa plazaren inguruan bilduko da, dantza emanaldia ikusteko zain. Garazi Erbiti dantzariak adierazi duenez, urtarrilean hasten dira gaurko erakustaldia prestatzen: «Kurtsoan ostiraletan geratzen gara; udan, astean hirutan, eta bi asteotan, egunero. Lan handia da, baina merezi du». Hainbeste ikusle izatean batzuetan kirioak dantzan izaten dituela onartu du Erbitik: «Halere, urduritasuna normala da, dena ongi ateratzea nahi dugulako. Ikusleei gustatzea ere garrantzitsua da».

Bederatzi dantza dantzatuko dituzte herriko hainbat neska-mutilek. Baten bat urtero errepikatzen dute, baina, oro har, dantza guztiak berriak izaten dira. «Ez ditugu koreografiak sortzen, baina herriarentzat berriak izango diren dantzak ekartzea gustatzen zaigu; Euskal Herriko mila txokotako dantzak Leitzako plazan erakustea da gure helburua», azaldu du Joseba Sagastibeltza dantza irakasle eta dantzariak. Hiruzpalau urteotan dantza komisioak aukeratu ditu dantzak, eta bideoak ikusiz nahiz norbaitek irakatsiz ikasten dituzte pausoak.

Dena den, dantza emanaldia ez da leitzarren eguneko topaketa bakarra. Gaueko hamarretan, plaza osoa betetzen duten mahaien bueltan jarriko dira zahar eta gazte guztiak, herri afaria dela eta. «Polita da herri guztia elkarrekin ikustea plazan. Adin guztietako jendea elkartzen da, eta giro bikaina sortzen da», esan du Joseba Lazkano Leitzako gazteak. Herri kiroletan, dantzetan edo beste ekitaldiren batean parte hartuz gero, leitzarrek doan izango dute herri afarirako txartela, festa parte hartzaileak sustatzeko helburuarekin. Afaldu ondoren, nahi duen guztia dantzari bilakatuko da, eta herrian hain ezaguna den Ingurutxoa dantzatuko dute, bikoteka. Leitza dantzari eta dantzazale bilakatuko da gaur, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.