Leitzalarrea leitzarrek zuten natur baliabide nagusia zen eta da, eta burdinolen egur beharrei erantzunez soildutako basoaren leheneratzeak garrantzi handia izan du herrian. Horregatik sortu ziren herriko haztegiak. Burdinolak desagertu ziren, baina landaketa ohitura horrek mendeetan jarraitu du. Horri esker, Leitzalarreko mendiek garai bateko zuhaitzak berreskuratu ahal izan zituen. Dena dela, basoberritzea ez zen tokiko espezieekin bakarrik egin, eta zuhaitz exotikoak ere ikus daitezke bertan: Japoniako alertzea, izei gorria eta douglas izeia, batik bat. Dena dela, hiru espezie nagusi daude: haritza, haltza eta pagoa. Haritza bailaren behealdeetan eta mendi hegaletan ikus daitezke, haltzak erretenetan daude eta pagoa 600 metrotik gora nagusi da, toki ospeletan eta aldapa handienetan. Nafarroako mendi gehienak, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, herri lurrak dira. Bertako nornahi eta era berean guztiak dira basoen jabe. Garai batean, Leitzako familiek, etxea eraiki edo baserria berritu behar zutenean, herri basoetako zuhaitzak eskatzeko eskubidea zuten. Mendira joan, zuhaitzak markatu, eta eskatzailearentzat mozten zituzten. Eskaria egiten zuenak ordainean bazuen betebehar bat. Moztutako zuhaitz bakoitzeko herri haztegitik hartutako hamar landare sartu behar zituen. Gainera, hasierako urteetan, landare horiei babesa eskaintzera behartuta zegoen. Horrela, ziurtatua zeukaten basoen etorkizuna.
Gaur egun oraindik udalak egur loteak eskaintzen dizkie nahi duten herritarrei, eta ordainean herritarrak egun batez auzolanean lan egin behar du.
Leitzalarrea bisitatzeko, lehenik Leitzara iritsi behar da, A-15 autobidean barna. Behin Leitzara ailegatuta, paper lantegia iragan eta lehen bidegurutzean, ezkerretara hartu behar da. Aldapa luze bat igo eta berehala, Leitzalarrea jartzen duen seinalea ikusten da. 8 kilometroko pistari jarraituz, Ixkibar izeneko aisialdi gunera iristen da. Autoa aparkalekuan utzi. Ixkibartik hainbat ibilbide egin daitezke; Aritzaundira eta Izaietara, besteak beste. Aisialdi tokian dagoen panel batean ematen dira ibilbideen azalpenak.
ARITZAUNDI. Ixkibar aisialdi gunean ezkerrera doan bidea hartu behar da Aritzaundira iristeko. Egurrezko zubi bat pasa eta kilometro eskasera dago. XIX. mendean Euskal Herrian zegoen haritz zuhaitz handiena Leitzalarrean zegoela esaten zen: Aritzaundi. Baina 1888an elur ekaitz batek bota egin zuen haritz handia. Adinean oso aurrera doazen leitzarrek kontatzen dute haritza erortzean lurrak dar-dar egin zuela herrian. Egun, Aritzaundi zegoen tokian haritz gazte bat landatu du Udalak (lehen duela 40 urte moztutako beste bat egon zen) eta harriz inguratua dago. Harriak goroldioak estaltzen ditu gehienbat, baina haritza agerikoa da. Oholesi bat jarri diote aurrekoaren gerribuelta nolakoa zen ikusteko. 1898an Polikarpo Elosegi tolosarrak hartutako argazkia ere badago eta eroritako zuhaitzak zuen neurria ikus daiteke. Orduan esaten zen bederatzi gizon besorik beso behar zirela zuhaitza buelta osoan hartzeko. Horregatik uste da 14 bat metroko zirkunferentzia zuela. Gaur egun, haritz ederrenak 600 metrotik behera aurki daitezke Leitzan, baina ez da Aritzaundi bezalakorik ezagutu.
IZAIETA, ZUHAITZ ERRALDOIEN TOKIA. Izaieta izeneko tokian izeidia dago. Izenak dioen moduan, izei zuri ikaragarriak topatuko ditu bisitariak han. Baina gaur egun, izeiez gain, Leitzako bertako zuhaitz mota gehienak ere aurkitzen dira bertan. Ixkibarrera sartzean uzten den pista hartu eta bidegurutze batera iristen da bisitaria. Izaieta markatzen duena hartu behar da. Metro batzuk aurrerago, ezker aldean, metalezko ataka bat dago. Izeietako lorategi botanikorako sarrera da berau. Zenbakiek zuhaitz motak ordezkatzen dituzte. Gutxi gorabehera kilometro bateko ibilbidea da, laburra, baina denbora behar da zuhaitz mota guztiak ikusi nahi badira. Guztira 41 mota daude, horietatik 7 koniferoak, pinuen talde berekoak, eta gainontzekoak, hostozabalak. Baso ilunean murgilduta izeiak, izei gorriak, Douglas izeiak, elorri zuria eta alertzea aurki daitezke, besteak beste. Hostozabalei dagokienez, Leitzalarreko basoan nagusi diren haritza eta pagoaz gain, ametza, otsalizarra, hostazuria, zuhandorra, lizarra, zumalakarra eta intxaurrondoa. Asko eta asko, zuhaitz gazteak dira oraindik, lorategia berri samarra baita. Hala ere, Leitzalarreko lehengo biztanleen arrastoak edonon topa daitezke. Nahiz zuhaitz guztiek ematen dituzten fruituak, gizakiontzat gustuko diren frutondoak ere badaude lorategi botanikoan: madariondoa, gaztainondoa, sagarmina, harana, gerezia eta elorri beltza.
Ibilbidea nahi den lekutik has daiteke. Aukeretako bat izeietatik hastea da, Izaieta haien omenez eginiko lorategia izanik. Horretarako, jo 1 zenbakirantz zuzenean. Lehenengo izei zuriak 1832an sartu zituzten. Erronkariko ibarretik astoz ekarritako izeiekin egin zuten lehen haztegia. Gero, haztegia utzi egin zuten. Baina utzitako landareek aurrera egin zuten eta egun sekulako zuhaitzak dira. Batzuk besteetan metro eskasera daude, baina, halere, lau metroko buelta badute batzuek, eta 40 metroko baino gehiagoko altuera. Gainera, zuzen-zuzena dute enborra, eta adar laburrak dituzte, batez ere basoaren barrualderago dauden aleak. Leku gutxitan aurki daiteke hainbeste egur hain toki eskasean. Izaieta babestutako monumentu naturala da, bere berezitasun eta hedadura handia dela eta. Babes mota hau dela medio, debekatua dago bertako zuhaitzak moztea osorik edo zatika, eta baita enborretan inolako idatzi edo markarik egitea ere. Gainera, ezin da surik egin inguruan. Adaburuak ere babes legearen barnean daudenez, debekatua dago izeien gainalderako arriskutsu izan daitekeen edozein jarduera egitea. Mila erabilera ditu izeiak. Garrantzi handia du Eguberrietako ospakizunean. Izei asko Eguberriko zuhaitz apaingarri bilakatzen dira urte sasoi horretan. Eraikuntzan ere, egitura pieza gogorrak dira eta maiz erabiltzen dira etxe eraikuntzan. Erretxinak ezaugarri baltsamiko ugari ditu. Paper-pasta egiteko ere erabiltzen da eta garai batean gehiago. Baina Leitza herrian, monumentu natural hauek ez dira jadanik esandako gauza horietarako guztietarako erabiltzen, beste funtzio bat betetzen dute orain, kanpotarrak eta turismoa erakartzeko.
JaKINGaRRIaK
Nola iritsi: Leitzara iritsi behar da, A-15 autobidean barna. Behin Leitzara iritsita, Sarrio paper lantegia pasatu eta lehen bidegurutzean, ezkerretara hartu behar da. Aldapa luze bat igo eta berehala, Leitzalarrea jartzen duen seinalea ikusten da. 8 kilometroko errepideari jarraitaz, Ixkibar izeneko aisialdi gunera iritsiko gara. Autoa aparkalekuan utzi.
Non jan: Iruso jatetxe ostatua. Leitzatik 4 kilometrora dago, Leitzalarreako bidean. Udaleko kamineroaren etxea izandakoa da eta 40 lagunentzako jantokia du. Lo egiteko aukera ere eskaintzen du. Bi gela bikoitz ditu. Informazioa eta erreserbak: 948-397035 /669013294 telefonoetan edo [email protected] helbidean.
Argibide gehiago: Plazaolako Turismo Partzuergoa. www.plazaola.org.948-507205