Asteburuko proposamenak

Leizeak bisitatzeko egun berezia

Sarrerak prezio erdian, zozketak eta aparteko ibilbideak egongo dira igandean, Euskal Herriko zortzi leizetan

Nafarroako Mendukilo leizeak Leize Eguneko ekitaldietan parte hartuko du, igandean. JAVIER LES.
Maite Alustiza.
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Lurpeko mundua gertutik ezagutzeko eskaintza berezia prestatu dute Euskal Herriko zenbait leizek iganderako. Egunerokoan bisita badaitezke ere, Leizeen Egunerako espreski antolatutako ekitaldiak egingo dituzte. Zortzi dira Mugarik gabeko lurpea proiektuan parte hartuko duten kobazuloak: Oñatiko Arrikrutz eta Zestoako Ekainberri (Gipuzkoa); Nafarroako Zugarramurdi, Ikaburu (Urdax-Urdazubi) eta Mendukilo (Astitz); Lapurdiko Sara leizea; eta Bizkaiko Pozalagua eta Kobenkoba (Karrantza). Sarrerak prezio erdian izango dira. Anaitutako zortzi leizeek opari bat zozkatuko dute igandean kobazuloetako bat bisitatzen dutenen lagunen artean: Zugarramurdiko Haitz-etxea landetxean asteburu pasa bat. Horrekin batera, leize bakoitzak ekitaldi bereziak antolatu ditu Leizeen Egunean.

Arrikrutzeko kobazuloa izango da jarduerak antolatzen lehena. Besteek ez bezala, larunbateaneskainiko du leizea bisitatzeko aukera. 10:15etik aurrera, Arrikrutz leizeko paleontologia eta geologia ezagutzeko txangoa egingo dute. Ibilbidea kobazuloen Interpretazio Gunean hasiko da, eta bi ordu, eta bi ordu eta erdi bitarteko iraupena izango du. Hamasei urtez gorakoek bakarrik parte hartuko ahalko dute; bisitaren zailtasun maila ertaina da. Hogei lagunentzako tokia dago, eta erreserbak egiteko 943- 08 20 00 telefono zenbakira deitu behar da. Prezioa 12 eurokoa da.

Bisitak baino gehiago

Ekainberrin historiaurreko ehizaren munduan murgiltzeko aukera egongo da igandean, baita ehizan ikasteko parada ere. Bi lehiaketa antolatu dituzte, goiz eta arratsaldean, eta puntu gehien lortzen dituenak saria jasoko du. Zugarramurdin sorgin batek kobazuloaren txokoak eta sorginen etxeak erakutsiko dizkio bisitariari. 12:00etan izango da ibilbidea, euskaraz. Ikaburu leizean, berriz, 17:00etan antolatu dute bisita. Hogei lagunek parte hartu ahalko dute historiaurreko grabatuak ezagutzeko ibilbidean, eta 948 59 92 41 telefonoan egin daiteke erreserba.

Mendukilo kobazuloan (Astitz) 13:30etik 15:00ak arte luzatuko dute bisita; ibilbide espeleo-turistikoa egingo dute, eta horretan ere hogei lagunentzako tokia dago. Erreserba egiteko 948 -39 60 95 telefonora deitu behar da. Sarako leizeak eta Bizkaiko Pozalaguna eta Kobenkobak ere bat egingo dute Leizeen Egunarekin.

LEIZEEN EGUNA

Zer. Bisitak, jokoak...

Noiz. Larunbat eta igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.