Letrak hautestontzietara

Euskal Herriko 51 ikastoletako ikasleek beren libururik gustukoena aukeratzeko hauteskundeak egin dituzte. Irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko egitasmo bat da.

Iruñeko Jaso Ikastolan ordenagailuen bitartez eman dute botoa. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2013ko apirilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hauteskunde eguna izan dute Euskal Herriko 51 ikastolatan. Izan ere, Juul 2013 Literatura Hauteskundeak egin zituzten atzo. Zazpi herrialdeetako 15.000 bat ikaslek izan dute libururik onena hautatzeko parada. Literaturarekin lotutako hainbat jarduera egin dituzte ikasturte osoan, eta bozketa izan da azkenekoa. Libururik onena ez ezik, ilustratzailerik gogokoena zein duten bozkatu dute ikasleek.

Irene Lopez-Goñi Nafarroako Ikastoletako arduradun pedagogikoak azaldu duenez, irakurketaren dinamizazioa da hauteskundeen helburua. «Euskarazko haur eta gazte literatura bultzatzeko bide bat da», esan du. Azken lau urteetan euskaraz kaleratu diren liburuen artean hauta dezakete ikasleek, itzulpenak barne. Zazpi kategoria daude, mailaka banatuak, eta bakoitzean boto gehien lortutako hirurak izanen dira garaile.

Iruñeko Jaso ikastolan atzo egin zuten bozketa, eta ordenagailuen bidez eman zuten botoa. Alberto Ladronen Xake Mate eleberria hautatu dute Maia Saralegi eta Carlos Lopez DBHko 3. mailako ikasleek. Lopezek esan duenez. irakurri duten azken liburua da, eta, gogoko izan dutenez, haren alde eman dute botoa. 4. mailako Maitane Zabaletak eta Xabier Irisarrik, berriz, Toti Martinez de Lezearen eleberriaren alde egin dute. «Erregearen mezularia liburuak lehengo ohiturak eta bizimoduak ongi erakusten dituelako eman diot botoa», azaldu du Irisarrik. Zabaletari ere gustatu zaio irakasleak irakurtzeko agindutako liburua. Maitasunezko istorioak nahiago dituela aitortu du, eta kexu da euskaraz genero horretako eleberri gutxi daudelako. Amaia Bidondo DBHko 2. mailako ikaslearen aburuz, Jordi Sierra i Fabraren Zeruko ateetan deika liburuak merezi du saria: «Oso polita iruditu zitzaidan, sentimendu politak adierazten dituelako». Haren gelakide Julen Armendarizek, berriz, Munstroaren hamaika aurpegi eleberria nahiago du. Istorio asko biltzen dituelako atsegin du Severino Calleja Perezen liburua.

Antonio Skarmetaren Idazlana obrak ere lortu du botorik; haren alde egin du 1. mailako Ibon Medranok «errealista» delako. Literatura maite du, eta hilero Ikastolak aukeran emandako liburu bat irakurtzen du. Julia Elcosok ere irakurtzeko zaletasuna du, baina abenturazko eleberriak nahiago ditu. Horregatik, liburu «misteriotsu» baten alde eman du botoa: Jon Eugiren Piraten uhartea.

Maila guzietan egin dute bozketa, Haur Hezkuntzatik hasita. Lehen hezkuntzako 3. mailan, adibidez, Nurren alde agertu dira batik bat, Toti Martinez de Lezearen liburuek harrera ona duten seinale. Saloa Carrascok Nur eta dortoken uhartea liburua aukeratu du. «Nurren liburuak oso onak direla uste dut», esan du. Ilargi Abilak, berriz, Nur eta magia-kanpamentua nahiago du abentura asko biltzen dituelako.

Aurten hamabosgarrenez egin dira literatura hauteskundeak. Ikasleek gogoko dute jarduera: «Interesgarria da, gure adinekoek zer irakurtzen duten jakiteko», esan du Bidondok. Ez da luzaro zain egonen. Hautestontziak irekita, gaur izanen dute irabazlearen berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.