Zibergela

Liburu digitalak egonkortzen

Pixkanaka euren tokia egiten ari dira merkatuan liburu elektronikoak. Kontrako eta aldekoak dituzten arren, abantaila batzuk agerikoak dira: espazioa, esaterako. Sakelako telefonoaren tamainako gailuetan liburu ugari jaso daitezke.

2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Pixkanaka-pixkanaka, gizartean formatu ezberdinetan erabili diren edukiak formatu digitalera pasatzen joaten dira. Izan ere, izugarri bitxia da norbait ikustea argazki kamera analogiko batetik ateratako argazki film batekin. Musika entzuteko, MP3 edo Ogg formatuko fitxategiak grabatzen dira ordenagailuan, CD batean, DVD batean, sakelako telefonoan edo gailu eramangarrian, erromantiko edo nostalgiko batzuek oraindik ere binilo diskoren bat gordetzen eta entzuten duten arren.

Gauza bera gertatzen da filmekin, aldizkariekin, egunkariekin edo beste hainbat edukirekin. Eta nola ez, liburuekin. E-book hitza edo liburu elektronikoa honezkero ez da inorentzat ezezaguna. Batzuek adierazten dute paperaren usaina edo orrialdeak ukitzearen eta pasatzearen sentsazioa ezin dela digitalizatu. Beste batzuek ere aipatzen dute paperean pantailan baino erosoagoa irakurtzen dutela. Hala ere, liburu digitalak gehiago erabiltzen eta saltzen dira egunez egun.

Liburu digitalenabantailak

Paperezko liburuen xarmagarritasuna aparte utzita, onartu behar da liburu bitarrek beren abantailak dituztela. Aurrezten den espazioa da haietariko bat, sakelakoan, liburu elektronikoan edo ordenagailuan ehunka eta ehunka liburu gorde ahal dira; hau da, sakelako telefonoaren tamainako gailu batekin, apalategi asko behar dituen informazio bera sartzen da. Bestetik, liburuetan bilaketak egin daitezke, hitz edo esaldien arabera, eta horrela informazio zehatz bat edo liburuaren zati zehatz bat aurkitu, segundo gutxitan.

Gainera, liburu digitalak irakurtzeko dauden gailuetan edo egungo sakelako telefonoetan ere oso ondo eta eroso irakur daitezkeenez, beti patrikan eraman daiteke norberaren liburutegi digital osoa, edozein unetan orrialdetxo bat irakurtzeko. Hainbat liburu batera irakurtzeko ohitura duenarentzat ere erosoa da. Liburu bat liburu elektronikoarekin irekitakoan, aplikazioak edo gailuak gogoratuko dio erabiltzaileari zein orrialdetan gelditu zen azken aldian, eta hortik aurrera irakurtzen jarraitu ahal izango du.

Zer esanik ez, paper gutxiago kontsumitzen du, eta haien produkzioa merkeagoa da; beraz, erostea ere merkeagoa izaten da batzuetan. Era berean, liburu digitalak aukera paregabea dira idazle berriek beren liburuak hedatu ahal izateko.

Fitxategi formatuak

Liburu elektronikoetarako hainbat formatu daude.

Berez, liburu elektronikoetarako soilik ez diren formatuak ere kontutan hartu daitezke: PDF, Open Office Writer, Microsoft Word, RTF, HTML. Formatu horiek dokumentuak ikusteko erabiltzen diren aplikazio askorekin irakurri daitezke. Baina badaude beste formatu asko liburu elektronikoetarako bideratuta daudenak: ePub, adibidez, liburu elektronikoetarako formatu ireki bat da, eta aplikazio askorekin irakur daiteke. Amazon Kindleren formatua da azw; hori eta fb2 (Fiction Book) ezagunenetarikoak dira.

Irakurtzeko gailuak

Liburu elektronikoak irakurtzeko gailuen artean AmazonKindle da ezagunenetakoa (http://www.amazon.com/kindle-store-ebooks-newspapers-blogs/b?ie=UTF8&node=133141011), Amazon.com on-line dendak sortu zuen 2007an, eta guztiz bateragarria da Interneteko denda honekin. Irakurle horretatik Wikipedia eta egunkari batzuk ere irakurtzea posible da.

Interneteko edukiak irakurtzeko wifi konexioa erabili ahal da. Kindle irakurleak, formatu propioaz gain, PDF formatua ere irakurtzea ahalbidetzen du, lehenetsita. Papyre, Sony, Samsung eta Sigmatek fabrikatzaileek ere badituzte liburu elektroniko irakurleak.

Aplikazioak

Ordenagailuek berez pantaila handia badute ere, liburu elektronikoak irakurtzeko egungo sakelako telefonoak, liburu elektroniko irakurleak, tabletak eta bestelako gailu eramangarriak erosoagoak izan daitezke. Batez ere, tamaina txikiagatik eskuartean edukitzeko erosoagoak direlako, eta hala, eserita, etzanda edo garraio publikoetan irakur daitezke; gainera, pantaila handi samarra izaten dute.

Sakelako telefonoetan aplikazio asko daude liburuak irakurtzeko. Android telefonoetarako, Amazonek ere Kindle izeneko aplikazioa eskaintzen du.Hala ere, Aldiko aplikazioa oso erabilia eta ezaguna da plataforma honetarako (http://www.aldiko.com), gainera, jabetzarik gabeko liburuak eta aparteko doako liburuak eskaintzen ditu.

Aldiko aplikazioak ePub formatua erabiltzen du liburuetarako, eta formatu horretako liburuak inportatu egin daitezke telefonotik kanpo, norberaren liburutegian sartzeko eta hortik aurrera eskuragarri edukitzeko.

Doako aplikazio bezala eskuratu daiteke. iPhone eta iPadgailuetan TextOnPhone (http://www.textonphone.com/) edo Readdle (http://readdle.com/) erabil daitezke. MS Windows Mobile, Balckberry, Palm OS eta Symbian gailuetan irakurtzeko Mobipocket Reader da aukeretariko bat (http://www.mobipocket.com/en/downloadsoft/productdetailsreader.asp).

Calibre aplikazioarekin, liburu digitala kudeatu ahal izateaz gain, dokumentu eta liburu elektroniko formatu anitzen arteko bihurketak egin daitezke. Honela, PDF bat, adibidez, norberak behar duen formatuan bihur dezake.

Software librea da, eta MacOsX, GNU/Linux eta Ms Windows sistemetarako deskargatu daiteke. Helbidea: http://calibre-ebook.com.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.