Liburuaren joan-etorriak

Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriaren bost ale utzi zituzten Loiun Zabalburuko ikasle batzuek, norbaitek New Yorkera eramateko. Azkenean, bat iritsi da.

New Yorken utzitako Kirmen Uriberen eleberria noiz itzuliko zain daude Zabalburuko ikasleak. ZABALBURU IKASTETXEA.
Adrian Garcia.
2012ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Loiuko aireportua du abiapuntu Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eleberriak. Bilbotik New Yorkeko JFKra doan hegaldian egituratzen da idazle ondarroarraren kontakizuna. Uriberen eleberriaren urratsei jarraiki, Bilboko Zabalburu ikastetxeko ikasle batzuek Bilbao-New York-Bilbao-ren bost ale utzi zituzten Loiun, baten batek New York aldera eraman zitzan.

Eleberrian gertatzen denaren antzera, beste istorio batzuk nahastu eta lotu zaizkio kontakizunaren gai nagusiari, hau da, hegaldiari. Beste protagonistak eta horien bizipenak sartu dira jokoan, eta New Yorkerako bidea egiten lagundu diote eleberriari.

Arrakastatsua izan da Zabalburuko ikasleen saioa, liburuak bere bidea egin baitu azkenean. Atlantikoa zeharkatu eta New Yorkera iritsi da ale bat. Heldu den froga jaso dute orain aste pare bat ikastetxean. Caroline Devinek mezu elektroniko bat bidali zuen ikastetxera, ingelesez, esanez Londresen jaso zuen liburua Bosgarren Hiribideko Apple dendan dagoela.

Batxiler eta Goi Mailako Heziketa graduko ikasleak dituzte Zabalburuko ikastetxean. Itxaso Ibarluzea ikastetxeko irakasleak azaldu duenez, oro har, ikasleak ez dira oso irakurri zaleak. Egoera irauli eta irakurzaletasuna sustatze aldera erabaki zuten zentroko hainbat irakaslek ideia hori martxan jartzea.

Horretarako, lehenik eta behin, liburua aukeratu behar zuten. Kirmen Uriberen eleberria aukeratu zuten, izenburua ezin hobeki zetorkielako aurrera eraman nahi zuten ideiaren mamiari eusteko. Gainera, liburua irakurterraza izateaz gain, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz lantzeko aukera eskaintzen zien.

Bestalde, ikasleei ez zitzaien guztiz arrotza egiten Kirmen Uribe. «Idazle lanagatik baino gehiago, Bilboko Aste Nagusian pregoia irakurtzeagatik ezagutzen zuten batzuek. Hortaz, ikasleentzako akuilu lana egiteko baliagarria izan zaigu», azaldu du Ibarluzeak.

Ikasleek liburua irakurri, eta idazlea ikastetxera solasaldi batean parte hartzera gonbidatu zuten. Gustura ibili ziren ikasleak, eta eleberriari, idazle izateari eta beste gaiei buruz galdetu zioten ondarroarrari.

Hurrengo pausoa emateko, Loiurantz abiatu ziren ikasleak. Uriberen eleberriaren bost ale hartu, eta ondoko mezua itsatsi zioten, euskaraz ingelesez eta gaztelaniaz: «Mesedez, lagun iezadazu New Yorkera iristen». Ikastetxearen posta helbidea ere idatzi zuten, horren berri emateko liburuak helburua lortzen bazuen. Bidaiariekin hitz egin, eta ideia azaldu ostean utzi zituzten liburuak aireportuan, iragan martxoaren 9an.

Bost liburuetatik bakarraren berri izan dute hilabete pasatxo ondoren. Ez dirudi beste lauei buruzko berririk jasoko dutenik, baina kontent azaldu dira ikastetxean, euren helburua lortu baitute: ikasleak motibatzea. Ez da lehen aldia irakurzaletasuna sustatzeko gisa horretako egitasmoak antolatzen dituztela. Toti Martinez de Lezearen La Abadesaeleberriarekin antzeko saio bat egin zuten, baina ez zuten erantzunik jaso.

Orain liburuak kontrako bidea egitea espero dute. Irakasle batek New Yorkeko Liberty Islanden utzi zuen beste ale bat, Bilborako bidea egiteko laguntzeko eskaerarekin. Noiz iritsi zain daude orain. Liburuaren istorioan sartu eta kontaketa aldatuko duen pertsonaia baten esperoan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.