Jabier Muguruza. Musikari eta idazlea

«Liburutegi ederra erakutsi nahiak badu banitatearekin zerikusirik»

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Musika sortzerakoan eta liburuak idazterakoan hala egin ohi du, eta liburutegira jo du oraingoan ere Jabier Muguruza musikari eta idazleak(1960, Irun) liburutegiari buruz aritzeko. «Liburutegiez eta euren jabeez hitz egiterakoan irribarrea sortzen zait, Augusto Monterrosok horri buruz egindako aipamen gaiztoak gogoratzen ditudalako bereziki. Gaiztoak bezain egiazkoak; askotan, liburutegi ederra erakutsi nahiak banitatearekin zerikusi handia izaten baitu». Hori izan zen bere kasua, bai behintzat denbora batez. «Gaztetan, liburutegi handi bat izan nahi nuen, besteak beste, nire kultura mailaren adierazle izan zedin. Zorionez —adinean aurrera egiteak kontu onak ere ekartzen baititu—, kezka horiek aspaldi joan ziren».

Egongelan ditu liburuak, eta praktikoa da orain hari buruz duen diskurtsoa. Ordenatuta dauzka aleak, hizkuntzaren eta alfabetikoki egilearen arabera. Negoziazio baten ondorio da: «Itxura ordenatua du, baina ez ni neu ordenatua naizelako, baizik eta emazteak –bera ere irakurle baita– bere momentuan ordena bat proposatu, eta nik onartu egin nuelako. Egia esanda, praktikoa da». Literatura da nagusi, fikzioa, saiakera, poesia, biografiak, elkarrizketa liburuak… Euskaraz eta gaztelaniaz, batez ere, baina baita frantsesez eta ingelesez ere.

Musikari eta idazle da Muguruza. Biak batera, eta elkarren eraginez, ziur aski. Banatuta dauzka liburuak eta diskoak bere liburutegian. Nahasi gabe, bakoitza bere apalean, eta batzuk horma batean eta besteak beste batean. Bera da biak batzen dituen faktorea. Bi hormen arteko zubi. Kantak sortzen eta liburuak idazten dabilenean gertatzen da, batez ere, hori. «Ez dut etxeko liburutegia sakralizatzen, baina badu bere garrantzia, une horietan bereziki».

Piano gaineko liburua

M hitzarekin hasten diren egileen liburuen artean ditu bere liburuak Muguruzak. Haiekin batera. Nahasian. Ez denak, ordea. Piano gainean du argitaratu berri duen Encuentros con alma izeneko elkarrizketa liburua. Oharrez beteta dauka, egunotan egiten dituen elkarrizketak hobeki prestatu, eta liburua defendatzeko tresnak eskura izateko. Luz Casal, Jaume Sisa, Helena Taberna, Pablo Guerrero, Martirio, Jose Ramon Soroiz eta Kiko Veneno dira elkarrizketatu dituenetariko batzuk. Baita euskal kulturara hurbiltzen lagundu zuten bi autore ere: Xabier Lete eta Bernardo Atxaga. «Funtsezkoak izan ziren».

Liburutegira jotzen du berriz liburutegirik gabeko etxeek sortzen dioten kontraesana azaltzeko. «Egia da harritu ere pixka bat harritzen naizela etxe batera sartu eta liburu alerik ikusten ez dudanean. Miquel Barcelo pintorearen kezka pizten zait: 'Ez dut ezagutzen mekanismorik jendeak irakur dezan lortzeko, baina, bestalde, jakin badakit irakurtzea zein garrantzitsua den'».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.