Gasteizko Alde Zaharrean, Hedegile kalean, hiriko kulturgintzaren zati txiki bat dago: Zuloa Irudia liburu denda. Hiru lagunek ireki zuten, duela lau hamarkada baino gehiago, eta gaur egun Luis Joaquin San Martin Ruiz Txintxu-k (Gasteiz, 1962) gidatzen du eremu berezi hori. Liburu denda izateaz gain, artearen eta irakurketarako topagune bilakatu da: komiki eta literatura ilustratuan adituak dira, eta urte osoan erakusketak eta aurkezpenak antolatzen dituzte.
Giro lasaian, liburuen artean, hizketan hasi da Txintxu; irakurketa ohiturez, pantailen eraginaz eta Zuloaren eguneroko bizitzaz.
Sarri esaten da gazteek gero eta gutxiago irakurtzen dutela. Zuk hori nabaritzen duzu?
Pantailek asko eragiten dute, batez ere gazteengan. Dena dela, nik ez dut beherakadarik hainbeste sumatu, agian gure denda berezia delako eta gure bezeroak irakurzaleak direlako. Uste dut irakurketa ez dela desagertuko; agian modu desberdinetan irakurtzen dute egungo gazteek: sakelakoan, formatu laburragoetan... Baina literaturaren gaineko interesa hor dago oraindik.
Ez duzu uste irakurketak esfortzua eskatzen duela, eta gaur egun jendea dopamina azkarraren atzetik dabilela?
Egia da pantailek eta plataformek arreta handia kentzen dutela, baina denetik dago. Badira gazte asko oraindik irakurtzen dutenak, eta irakurketak momentu propioa du. Nik ez dut uste beheraka doanik; irakurtzeko gogoa, oro har, bizirik dago.
Zuloa liburu dendak badirau behintzat, eta aspalditik dago. Nola sortu zen proiektua?
Ni Zuloako bigarren belaunaldikoa naiz. Liburu denda hiru lagunek sortu zuten, 1987an: Juan Ibarrondo, Josu Ortubai eta Imanol Padellsek. Lehen egoitza Pintore kalean izan zuten, eta 1996an lekualdatu zen Hedegile kalera. 2003an, berriz, Gorka Bazterretxeak hartu zuen ardura, eta orduan hasi nintzen ni bertan lanean; geroago, nik hartu nuen lekukoa.
Dendaren izaera ere aldatuz joango zen...
Hasierako helburua argi zegoen: Zuloak ez zuela salmenta hutsera mugatu nahi. Horretan mantentzen naiz ni: liburu denda izateaz gain, kulturarako eta sorkuntzarako topagune bat da gaur egun ere, hiriko bizitza kulturalari ekarpen txikia baina iraunkorra eginez.
Zerk bereizten du Zuloa beste liburu denda batzuetatik?
Espezializazioa, batez ere. Komikian, eleberri grafikoan, ilustratuan eta artearen inguruko liburuetan gaude zentratuta. Ez dugu dena ekartzen; guk aukeratzen dugu zer ekarri. Literatura bereziago eta alternatiboago baten alde egiten dugu apustu. Hori bai, bestelako liburuak ere baditugu.
Nola funtzionatzen du Zuloako erakusketa aretoak?
Erakusketa gela liburu dendaren osagarri gisa sortu zen. Arte erakusketa eta aurkezpenetarako espazio autogestionatua da, inolako diru laguntzarik gabe. Normalean, artistak jartzen dira harremanetan gurekin, eta urtean hiru edo lau erakusketa egiten ditugu. Ez gabiltza errentagarritasunaren atzetik, baizik eta kultura sustatzearen alde. Saiatzen gara komikiarekin edo literaturarekin harremana duten erakusketak jartzen, baina denetariko sortzaileak pasatu dira hemendik: eskultoreak, margolariak…
Nolakoa da liburu denda baten jabe baten eguneroko lana? Erromantizatua al dago?
Oso lanpetua, nahiz eta jendeak pentsatu liburu dendan egotea «polita» dela. Badaude biltegiaren kudeaketa, eskaerak, fakturak, itzulketak, webgunea… Eta, noski, salmenta. Denboraren %80 lan zikinetan ematen dut. Irakurtzeko eta gauzak aukeratzeko, berriz, ahal denean, etxean. Dena irakurtzea ezinezkoa da! Ahal dudan guztia irakurtzen dut zer saldu nahi dugun aukeratzeko, baina ezinezkoa da guztia irakurtzea...
Komikiez gain, denetarik daukazue apaletan. Irakurketa eta aktualitatea uztartzen saiatzen zarete?
Bai, noski. Egungo gaiak beti islatzen dira argitalpenetan: adibidez, Palestinari edo gatazka sozial eta politikoei buruzko liburuak. Argitaletxeek ere aprobetxatzen dituzte halako egoerak, eta guk arreta berezia jartzen dugu horretan.
Etorkizunari begira jarrita, zer espero duzu Zuloarentzat? Gasteizen muinaren zati bat gordetzen duzue...
Mantentzea, hori da helburua. Bezero leial asko ditugu, batez ere komikizaleak, eta jendeak gero eta gehiago baloratzen du liburu denda txiki baten esperientzia. Komikigintzak gero eta arrakasta handiagoa du, eta, oro har, uste dut irakurketak bizirik jarraitzen duela, eta horrek ilusioa ematen digu.
lotsabako
Komiki bat?
Antonio Altarribaren lanak. El arte de volar, adibidez.Erreferentziazko beste liburu denda bat?
Iruñeko Katakrak eta Salamancako Letras Corsarias oso onak dira.