Karlos del Olmo. Itzultzailea

«Literatura dramatiko itzulia, hein batean, musika partitura baten antzekoa da»

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak 'IV. Esperientzixak: Itzulpena Oholtzara' ekitaldia antolatu du gaur Donostian. Itzulpegintza dramatikoa aztertuko dute, mahai inguru eta interpretazioekin.

BERRIA.
2013ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Euskarazko antzerkigintzaren esparruan gogoeta gune berri bat zabaltzeko sortu zen Esperientzixak egitasmoa. Antzerkiarekin loturiko hainbat esperientzia plazaratuko dituzte gaur, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian (19:00). Karlos del Olmo (Donostia, 1958) itzultzailea bertan izango da, mahai inguruko moderatzaile lanetan.

Zer ikusiko dugu IV. Esperientzixak izeneko ekitaldian?

Aurtengoan EIZIE (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) elkartearengana jotzea erabaki zuten gaia antolatzeko, eta itzulpengintza oholtza gainera eraman eta bertatik aztertuko dugu. Testu itzulien antzezpenaren inguruko solasaldia izango da, alegia.

Itzultzaile eta aktoreek hartuko dute parte. Euskal antzerkigintzako bi elementu nagusiak elkartzeko asmoa izan duzue?

Bai, azken finean Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak ekimena hasi, eta itzulpengintza gai nagusitzat hartu zenean, teoria eta praktika uztartzea hartu zen helburutzat. Sortzen diren arazoak erakutsi nahi ditugu, eta ondoren, horiek ahoz eta testu dramatizatu batean nola konpontzen diren azaldu nahi dugu.

Ekitaldia mahai inguru batekin hasiko da. Zeri buruz hitz egingo duzue?

Sarreran zertzelada batzuk eskainiko ditut antzerkigintzaren itzulpenak dituen ezaugarrien inguruan. Ondoren, hizlari bakoitzak alor bat jorratuko du. Adibidez, Xabier Mendigurenek William Shakespeare eta Errenazimentuko humanismoa literatura gisa itzultzearen inguruan hitz egingo du. Julia Marinek, berriz, gaur egungo antzerki modernoa itzultzearen inguruan hitz egingo du. Horretarako, berak itzulitako Yasmina Rezaren Artea liburua hartuko du hizpide. Azkenik, Xabier Payak beste ikuspuntu bat eskainiko du, orain gutxi gaztelaniatik itzuli duen klasiko bati buruz hitz egingo baitu: Calderon de la Barcaren Bizitza Amets. Horren eta Tennesse Williamsen Desio izeneko tranbia lanen itzulpenetan zein arazo izan dituen kontatuko du.

Antzerkietan aktoreek egindako lanarekin soilik geratu ohi dajendea. Horren guztiaren atzean, ordea, itzultzaileen lan handia dago, ezta?

Horixe da nik mahai inguruaren hasieran esan nahi dudana. Jendearengan, sarritan, zalantzak sortzen ditu literatura dramatiko itzuliak. Neurri batean, musika partitura baten antzekoa da. Inongo zuzendarik edo antzezlek ez du inoiz bitan berdin jokatuko, ezinezkoa delako. Sebastian Bach batek, adibidez, bere garaian zer jo zezakeen inork ez daki zehazki —kantu ofizialez gain—, baina berdin dio; zerbait birritan errepikatzea ezinezkoa da. Itzulpena oinarria da, notak diren moduan, baina nota horiek entzuteko modua aldatzen joaten da. Zuzendariaren arabera, eta urterik urte egiten diren muntatzeen arabera aldatzen da hori.

Euskal itzultzaileen egoera nola ikusten duzu gaur egun?

Orokorrean euskal itzulpengintza urrezko aro batean dagoela esango nuke. Inoiz baino gehiago itzultzen da, krisiak izan dituen gorabeherekin, noski. Itzulpegintzak ez du inoiz izan egun duen tresna, prestakuntza eta corpusa. Lehen aldia da euskal itzulpengintzak horrelako aukera duela, eta horrelako jardunaldiak egitea horren adierazle da. Izan ere, hain mugatua den gauza baten inguruko jardunaldia antolatzea ez da nolanahiko gauza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.