ATZEKOZ AURRERA

Literatura, hitzez zein irudiz

Hemengo zein kanpoko ehunka komiki zahar eta berri topa daitezke Getxoko komiki azokan: egileak eta irakurleak topatzeko leku aproposa da. Bihar arte izango da zabalik, Areetan.

Komikizale zein egileen arteko topagunea da Getxoko komiki azoka, eta jatorri, estilo eta genero guztietako ehunka komiki biltzen ditu. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Getxo
2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Hedatzen ari den fenomeno bat da komikigintza; zale kopuruan, gai aniztasunean zein estilo artistikoetan. «Literatura egiteko beste modu bat da: marrazkiekin, baina literatura». Hala deritzo Dani Fano komikigileak bere ogibideari. Unibertso horren erakusleiho bihurtu da Getxoko Areetako Geltokia plaza (Bizkaia) atzotik. Metro geltokiaren parean, karpa zuri handi batek hartu du plaza. Oihalaren barruan, 43 saltoki eta ehunka liburuxka: Getxoko komiki azoka da, hamazazpigarren urtez jarraian. Aurreko urteen ez bezala, azoka bitan banatu dute: batetik, erosteko eremua, eta, bestetik, bestelako jarduerak egitekoa.

Atzo ireki zituen ateak komiki azokak, 11:00etan. Ostirala izanik, soslai jakin batekoak dira nagusi azokan: gazteak gehienak, irakasleek lagunduta, eskolako txangoan. Horrexegatik daude Ane Ramirez eta Ainara Legarreta komiki azokan. Eskolako txangoa izanik «behartuta» joan diren arren, eskaintzarekin harriturik, poltsa bana dute eskuan eguerdia baino lehen. Idoia Dendategi gasteiztarrarentzat, ordea, urteroko ezinbesteko biltoki bihurtu da Getxoko komiki azoka. «Aspaldidanik gatoz. Familiako guztioi pila bat gustatzen zaizkigu komikiak, eta haren inguruan dauden gauza guztiak. Propio etortzen gara euskal komikiaren berritasunak ikustera», azaldu du, komiki erosi berria eskuan.

Dani Fanoren Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak sinatua eraman du Dendategik. Izan ere, Ikastolen Elkartearen saltokian da Fano, bere azken lana sinatzen. Komikigile izanik, sinaduraz gain, marrazki bana egin die ilaran zain dauden erosleei; besteak beste, Dendategiri. Aspaldiko lagunak balira bezala mintzatu dira biak. «Egileek, sustatzaileek eta ekoizleek harremana izaten dugu gure artean, baina hemen gure irakurleekin elkartzen gara: informazio eta gertutasun hori jasotzea zoragarria da», azaldu du Fanok. Kaleratu berri duen komikiaz gain, euskal komikigintzaren beste hainbat sormen lan topa daitezke Ikastolen Elkartearen salmenta gunean. Besteak beste, han dira Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso berri duen Eider Rodriguezen Santa Familia komikia eta 2012an sari bera jaso zuen Azken Garaipena, Iban Zaldua eta Julen Ribasena.

Literatura marrazkiduna

Bilakaera nabarmena izan du komikigintzak azken urteetan: ekoizleak zein artistak bat datoz horretan. Gainera, idatzizko literaturatik bereizten duen zerbait du: irudia. Istorioak kontatzeko bide berriak irekitzen ditu komikiak horrela: binetetan hizkiak eta marrazkiak uztartzen dira.«Gaur egun ez dago alderik liburu baten eta komiki baten artean. Lehen komikiak bazituen bere erregistroak, eta ez zen hortik ateratzen. Orain, ez: gaiak zein proposamen artistikoak oso zabalak dira»; horrela azaldu du Fanok komikigintzaren bilakaera, argitaratu berri duen lana sinatu bitartean.

Bartzelonatik Getxorako bidea egin dute La Cupula argitaletxeko kideek. Orain ia berrogei urtesortu zuten argitaletxea, eta lau langile ditu egun. Tartean da Natalia Mosquera: «Komikia beste hizkuntza bat da: zinemak edo literatura idatziak besteko balioa du, eta hedatzen ari da». Lehen, «politikoki oso zuzenak ez ziren komikiak» saltzen zituzten; orain, berriz, eleberri grafikoak argitaratzen dituzte gehienbat. Dendategi, ordea, ez da termino hori erabiltzearen oso aldekoa: «Gaztetan, frikiak ginen, arraroak. Orain aldatu egin da hori: nobela grafikoa esaten zaio, eta ez zait batere gustatzen. Deitzeko modu pijo bat da. Komikizaleak gara, eta, frikia banaiz, frikia naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.