Komunikazioa

Lizentzia eskatzeko gala egingo du azaroaren 7an Euskalerria Irratiak

Iruñeko euskarazko irratiaren 25. urteurrena dela eta, 'Elkarrizketak auzolanean' solasaldi zikloa ere antolatu dute

Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko esataria. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2012ko urriaren 31
00:00
Entzun
Euskalerria Irratiak 25. denboraldia hasi du udazken honetan. «Badugu zer aldarrikatu, badugu zer ospatu eta badugu zer eskatu», dio Juan Kruz Lakasta esatariak. Eta hori guztia egiteko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Azaroaren 7an, «lizentzia aldarrikatzeko urtebetetze gala» egingo dute Atarrabiako kultur etxean, 20:00etan. Elkarrizketak, lehiaketak eta zuzeneko musika uztartuko dituzte. Parte hartzaileak El Drogas, Gorka Urbizu, Ruper Ordorika, Kerobia eta Balerdi Balerdi izango dira. Bost eurotan daude salgai galako sarrerak, Euskalerria Irratian bertan eta Karrikiri elkartean. Saioa irratiz emango dute, eta streaming bidez ere ikusi ahalko da Eguzki Bideoak-en laguntzaz. BERRIA, Argia, Sustatu eta Euskalerria Irratia hedabideen webguneetan ikusi ahalko da gala. Musikariak «entxuferik gabe» ariko dira, unplugged.

Irratiaren 25. urteurrenaren harira, solasaldi ziklo bat ere antolatu dute Elkarrizketak Auzolanean izenburupean. Aurrenekoa azaroaren 22an egingo dute: Kirmen Uriberen liburu berriaren estreinaldi aurreko saioa egingo dute, eta Juan Kruz Lakastak Uribe elkarrizketatuko du. Hurrengo hilabeteetan solasaldi gehiago egingo dituzte «itzal handiko» solaskideekin.

Europako Kontseilua

Mikel Bujandak garrantzi handikotzat jo du Europako Kontseiluaren Euskalerria Irratiari buruzko txostena, «mamiarengatik, ikuspuntuarengatik eta mintzatu dena ez delako nornahi». Europako ministroen batzarrak bere egin du Nafarroako Gobernuari Euskalerria Irratia legeztatzeko egiten zaion eskaera. «Bete beharreko eskaera» dela dio Bujandak: «Administrazio guztiak daude hori betetzera behartuta, gobernu zentrala zein autonomikoak. Nafarroako Gobernuak ezin du urratu. Eta ez urratzeko, Euskalerria Irratiari lizentzia eman behar dio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.