Marijaiaren abestia ez dago Ane San Miguel Aneguria-k (Bilbo, 1984) Aste Nagusiaren inguruan aukeratutako lau abestian artean. Amparanoiaren Ke te den abesti ezagun baino ezagunagoari heldu dio aurrenik: «Ez dakit nola, baina Kaskagorri, Txori Barrote eta inguruko txosnetan ibiltzen garen gau guztietan, beti jartzen dute kanta hori». Las Vulpess talde bilbotarraren Me gusta ser una zorra ere atsegin duela aitortu du, «apurtzailea» iruditzen zaiolako, batez ere. «Hemengoak» direla ere nabarmendu du, eta horrelako musikaren falta sumatzen duela azaldu.
Glaukoma talde tolosarraren etaBad Sound System irundarren Beti berdin abestiaz ere oroitu da San Miguel. «Azken urteetan sortu diren talde onen artean zuzeneko bikainena dutela iruditzen zait, eta jai giroan halako musika da entzun nahi izaten dudana», azaldu du. Azkenik, Gala abeslari italiarraren Freed from Desire klasikoa aipatu du. Aukeratu dituen abestien artean akaso «indartsuena» iruditzen zaio abeslari bilbotarrari, manifestu politiko «ahaltsuena» duena.
Aste Nagusia «gero eta garrantzitsuagoa» da rap kantariarentzat. «Zenbat eta urte gehiago ibili musika egiten, orduan eta pertsona gehiago ezagutzen ditut. Horregatik, bat-batean, Aste Nagusia pertsona horien guztien kontzertu eta egitasmoak ikusteko ibilbide bat bilakatu da», azaldu du. Urtero, berak eta bere lagunek «asteko mapa bat» egiten dute, kontuan hartuta «norekin, non eta noiz bazkaldu, lo egin eta dantzatuko dugun». Azken urteetan «ia egunero» irteten dela aitortu du San Miguelek, eta lo egitea «gutxienekoa» izaten dela egun horietan.
Aste Nagusian, Bilboko kaleetan zehar «galdu» egiten da. Kontzertuak ikusteko ez bada, hirira bildu diren lagunekin elkartzeko irteten da, edo plaza batean geratu eta, besterik gabe, dagoen giroa ikusteko. «Normalean ez naiz beti Areatzako esparruan geratzen; Bilbo Zaharra eta gure La Pepita lokalaren artean ere ibiltzen naiz». Lokal horretan, kultur arloko hainbat egitasmo aurrera eramaten dituzte. Txosnetan ibiltzen denean, Komantxe konpartsaren txosna inguruan oso gustura egoten da San Miguel, «esparru gehiago» dagoelako. «Kaskagorri-Komantxe eta Komantxe-Kaskagorri arteko tartean egoten gara nagusiki». Pinpilinpauxaren txosnan ere egoten da noizbehinka, baina «purpurina horrekin guztiarekin» beti zikintzen direla esan du, «saihetsezina» delako.
Kontzertuak dira oro har San Migueli gehien interesatzen zaizkion ekitaldiak. Plaza Barrian Aste Nagusiaren «lehen larunbat edo igandean» egin ohi den reggae kontzertura beti joaten saiatzen da. Baina bestelako jarduerak ere atsegin ditu. Joan den urtean, adibidez, tortilla txapelketaren zale egin zen. Oso gogoko duen beste momentu bat Aste Nagusiari amaiera ematen diona izaten da: Marijaia erretzea. «Bat-batean, berezia bihurtzen da. Une horretan pentsatzen dut zein ongi pasatu dudan Aste Nagusian, eta zenbat jende ikusteko aukera izan dudan».
MARIDJAIA. Ane San Miguel, 'Aneguria'. Abeslaria
«Lo egitea gutxienekoa izaten da Aste Nagusian»
'Aneguria' ezizenez rapean aritzeagatik da ezaguna San Miguel. Bilbotarra izanik, ez du Aste Nagusirik galtzen, eta, gainera, hainbat egunetan abestuko du Areatzako txosnetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu