Lohi arteko elkartasuna

Manu de Albaren inoiz ikusi gabeko argazkiekin, 1983ko uholdeak ekarriko ditu gogora Bilbao Historiko elkarteak Bilbon antolatu duen erakusketak. 101 irudi bildu dituzte.

Bilboko Errekalde auzoa Peñaskal harrobiko harriz bete zuten 1983ko abuztuaren 26ko eta 27ko euriteek, auzoa erabat txikituz. BILBAO HISTORIKO.
Bilbo
2013ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez zen ezer entzuten, soilik uraren hotsa; inork ez zuen ezer esaten; zer kontatu behar genion elkarri, bada?», dio Manu De Albaargazkilariak (San Fernando, Cadiz, Espainia, 1958). Hain zuzen, 1983ko uholdeetan inoiz ikusi gabeko Bilboko lehen bi egunetako ehun argazki jarri ditu ikusgai De Albak. Erakusketa Bilbao Historiko udal elkarteak antolatu du, San Frantzisko kalean duen ExpoGelan. Argazkilariak ez ditu uholdeak berrikusi nahi. De Albak egun horietan egoera lazgarri horri buelta emateko sortu zen grina gogora ekarri nahi du: «Gaur egun, krisian barruraino sartuak gaude, baina egun horietan aurrera jarraitu ahal izan baldin bagenuen, orain ere lortuko dugu».

Erakusketan, 101 argazki daude ikusgai. Ehun De Albarenak dira, eta bestea Madriles ezizenez ezagutzen zen bilbotar ezagunari atera zioten bat da. Madriles izan baitzen Bilboko Zazpikaleetan egun horietan hil zen lagun bakarra. Zazpikaleetako txikiteoan ezaguna zen eskale bat zen bera. Ustez, sukalde batean lo zegoela harrapatu zuen urak, eta bertan zendu zen. Argazkilariak dio erakusketa Madrilesi eta egun horietan garbiketa lanetan ibili ziren guztiei egindako omenaldi bat dela.

Erakusketaren izena 1983ko aguadutxua objetiboan da, eta irailaren 27ra arte egongo da ikusgai. Aguadutxu hitza bilbotar askok 1983ko uholdeak izendatzeko erabiltzen dute. Horretaz gain, Bilbao Historikok irailaren 18rako prestatu duen ekitaldian, argazkilari ezagunek aguadutxuaren inguruan duten ikuspegia azalduko dute ExpoGelan bertan egingo den hitzaldi mahai inguru batean. Egun horretan, uholdeen 30. urteurrena gogoratzeko, hondamendiaren 30 argazki erakutsiko dituzte proiekzio publikoan.

Uholdeen egunak

De Albak gogoratu du garai hartan 22 urte inguru izango zituela eta argazkilaria izan nahi zuela. Abuztuaren 26an bere kamera hartu, eta kalera atera zen. Lehenengo egunean, Bailen eta Mesedeetako zubitik atera zituen lehen argazkiak. Ura goian zegoen, eta Bilbo Zaharretik Euskalduna ontziola zeneraino baino ezin zen oinez joan, zubiak ezin baitziren gurutzatu, eta errepideak moztuta baitzeuden.

Hurrengo egunean, ura jaitsi zen, eta Zazpikaleetara sartzea lortu zuen. «Argazkilariz mozorrotu nintzen, eta bidean aurkitu nituen polizia nazionalek baimena eman zidaten Alde Zaharrean sartzeko». Horren ostean, De Alba Errekaldera joan zen, entzuna baitzuen Peñaskal inguruan «egoera oso larria» zela.

Hurrengo egunean, argazkiak egiteari utzi behar izan zion. Monfortek dio Bilbotar guztiak bezala, pala bat hartu eta garbiketa lanetan murgildu zela: «Mirafloresera lagun baten etxera joan ginen kuadrillakoak; etxea lurrez betea zuen, mendi osoa etxean sartu behar zitzaiola zirudien». Berak ez zuen antolatutako garbiketetan parte hartu. Zazpikaleetan ondo antolatutako boluntario taldeak lanean aritu ziren, baina Bilboko beste alde batzuetan—Abusu, Miraflores, Errekalde— «drama pertsonal handiak» zeuden.

Auzolana berreskuratuz

Mieltxo Monfort bilbotarra garai hartako jai batzordeko eta Bihotzean Zazpikaleetako Auzo Elkarteko kidea zen. Zazpikaleetan gertatutako ezbeharra eta herriak emandako erantzuna oso gogoan ditu: «Bilboko Aste Nagusiko burrunbak mundu guztia jokoz kanpo harrapatu zuen. Erakunde publikoen hutsa nabarmena izan zen; egun seinalatu hartan babes zibila eta enparauak ez ziren Bilboko Areatzan agertu. Konpartsek hustu zuten, hain justu, txosnagunea, hurrengo egunean jaiekin jarraituko zutelakoan».

Abuztuaren 26ko gaua ondo gogoratzen du Montfortek; bera Zazpikaleetan bizi zen, eta gau hura oso luzea izan zela dio: «Ur maila etengabe igotzen zen artean, urak lehenengo solairuetaraino heldu ziren Alde Zaharrean, baina baita Atxurin, Abusun edo Deustuko Erriberan ere». Irrati txiki batek kanpoko berriak ekartzen zizkien. Hala ere, ez zen berri onik gau hartan: hildakoak, desagertuak, etxebizitza eroriak, errepide moztuak eta abar.

Hurrengo egunean, ura erretiratu zen, baina lokatza eta harriak utzi zituen bazter guztietan. Konpartsek Areatzan egin zuten lehen lanak musika aparailuak, zenbait tresna eta antzekoak berreskuratzea izan ziren. Horrekin batera, kutsatutako jateko eta edateko guztiak bertatik atera zituzten. Arratsaldean, auzoa garbitzeari ekin behar zioten, baina Monfortek dio Espainiako Poliziak atzera bota zituela.

Abuztuaren 28an Konpartsen Koordinakundeak Bilboko garbiketan lagundu behar zuela erabaki zuen. Hamar egunetan sortutako elkartasuna izugarria izan zen. Gutxi batzuk lanean hasi eta berehala, ehunka eta gero milaka lagun antolatu ziren hiria garbitzeko. Ez hori bakarrik, Zazpikaleetan jende nagusiari janaria eta edaria banatu zizkieten Osakidetzarekin elkarlanean.

Hori guztia gertatu zen oso egoera berezian, gainera. Baina Monfortek zalantzak ditu gaur egun horrelako erantzun bat posible litzatekeen: «Udal gobernuarekin izandako koordinaketa nola uztartu honek aurrera daraman politikarekin? Zer egin dute agintariek horrelako ezbehar bat berriro gerta ez dadin?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.