Neguko euri jasak atzean geratu eta udaberria Euskal Herrira ere iritsi dela dirudi. Horren seinale dira belaze eta mendietan gero eta gehiago ikusten diren loreak. Seguran (Gipuzkoa), adibidez, urteroko lore eta landare azoka egingo dute gaur. Alergiak dituztenentzat ez da urteko garairik onena izango, baina udaberriaren etorrerarekin bat, hainbat lanbideren jarduna handitzen da; loreekin lan egiten dutenena, adibidez.
LEIRE ETXAIDE Mugaritz
«Loreek zentzu propioa dute plateren osaketan; osagai bat gehiago dira»
Sukaldaria da Leire Etxaide, baina duen lanbideagatik, harreman zuzena du bai baratzearekin, baita loreekin ere. Mugaritz jatetxeko baratzearen arduraduna da: une honetan, ereite fasean daude. Duela hamar urte baino gehiago hasi ziren loreak euren errezetetan erabiltzen: «Loreak ez dira apaingarriak: zentzu propioa dute plateraren osaketan. Osagai bat gehiago dira». Askotan plateraren osagai bat gehiago soilik izan daiteke lorea, eta beste hainbatetan, berriz — «loreak izaera berezia badu»—, hura da osagai nagusia.
Ikerketa eta garapen taldearekin batera erabakitzen dute zein lore edota loreen zein zati joango den errezeta bakoitzean: «Plater bat oso laua bada, eta sentsazio horrekin hautsi nahi badugu, ba baldintza horiek eskaintzen dituzten loreetara jotzen dugu». Etxaidek adierazi duenez, loreekin lan egiteak haien menera egotera behartzen ditu: «Urteko zein sasoitan gauden, landareek zenbat lore eta zein maiztasunekin ematen duten... Horren arabera jokatu behar dugu beti». Egunero aterako dituzten platerak ere horren menpe daude: «Batzuetan errezeta baten hogei platera atera ahal izango ditugu, besteetan hamar... Landareek ematen digutena daukagu; beraz, dagoena soilik eskain dezakegu». Maiatz amaiera aldera, loreak indartsu badaude, hasiko dira plateretan integratzen.
Egunerokoan, bilketa lana egiten du Etxaidek. Egun bakoitzean beharko dituzten plateretarako loreak bildu eta prestatzen ditu. Goizean goiz egiten dute lan hori, eguzkiak berotu eta zimeldu baino lehen: ondoren, ondo garbitu eta gorde egiten dituzte, otorduetarako prest uzteko.
Apirilean hasiko dute aurtengo denboraldia Mugaritzen, eta ereindakoak hazi bitartean, mendi eta itsas labarretan bildutako landare eta belarrekin osatuko dituzte platerak. Izan ere, euren baratzea udaberri amaieran eta udan izaten da emankorra. «Mendian urte guztian daude belarrak, eta udazken eta neguan mendia izaten da gure baratzea», dio Etxaidek.
Lan dezente ematen die landareak zaintzeak. Horregatik, horiek errezetetan sartzen hasi zirenean eta jendeak plater bazterrean uzten zituenean, «mina» ematen zion Etxaideri. Baina denborarekin, Mugaritzera jatera joaten direnek badakite loreak edo bestelako belarrak izango dituztela platerean jateko: «Platera mahaira eramatean, lehenengo galdera beti izaten zen lehen ea jateko ote ziren. Ateratzen dugun guztia da jateko».
JON BENITO Argazkilaria
«Argazkilaritzak egunerokotasunean ez daukadan bakea ematen dit»
Beti izan du gustuko natura Jon Benito argazkilariak, eta, horregatik, Biologia ikasketak egin zituen unibertsitatean. Botanika irakasgaiko ariketa batetik datorkio argazkilaritzarekiko interesa: «Belar bilduma bat egin behar genuen, bildutako belarrei argazkiak atera eta... Hor hasi nintzen kameren zale izaten». Paisaiak, basoak, landaredia... eta, batez ere, loreak dira Benitoren argazkietako protagonista nagusiak. «Argazkilaritzak egunerokotasunean ez daukadan bakea ematen dit. Eta loreak oso estetikoak dira, politak, eta horrek erakartzen nau gehienbat», azaldu du Benitok.
30 urte igaro dira ordutik, eta argazkigintzaz dakiena bere kabuz ikasi du. Irakaslea da lanbidez, baina hainbat aldizkaritan kolaboratzen du, Euskal Herria eta El mundo de los Pirineos kasu, eta Nora-n ere ibilia da. Nahi lukeen baino denbora gutxiago du, baina, zaletasunari eskaintzeko: «Faunari argazkiak ateratzeko denbora asko behar da, eta hori da hain justu ez daukadana; lana dela, edo familia dela... Beti denbora faltan nabil». Mendizalea da Benito, eta horrek bi zaletasunak batzea ahalbidetu dio: «Alpeetako loreak, Pirinioetakoak... Maila jakin batetik gora dauden loreak gustatzen zaizkit, eta argazkiak horiei ateratzea gustatzen zait».
Askotan aldizkarietatik egindako eskaeren arabera lan egiten badu ere, bilduma propioak osatzea gustatzen zaio Benitori: «Kasu horretan, espezie jakin bat edo espezie baten ezaugarri jakin batzuk harrapatu nahi izaten ditut, gero kontatu nahi dudan istorioa ilustratuko dutenak». Benitoren ustez, edonork egin ditzake loreen argazkiak, eta izatez, azkar batean egin daitezke, baina argazki on bat egitea ez da hain erraza: «Kalitatezko zerbait nahi duenak aurretikako lana egin behar du: zein loreri atera nahi dion argazkia, zein ezaugarri dituen, zerk egiten duen lore hori berezi... Eta, horrez gain, teknikoki ere ona izan behar du».
Loreen egoera bezain garrantzitsua da argazkiaren atzeko aldean zer aterako den neurtzea, eta, traban dagoen zerbait egonez gero, ahalik eta gehien ezkutatzen saiatzen da Benito. Objektibo desberdinak erabiltzen ditu ahalik eta argazki txukunenak ateratzeko asmoz, eta argazkiak egindakoan, ahalik eta gutxien ukitzen ditu ordenagailuan: «Alde horretatik, nahiko purista naizela esango nuke. Photoshop delakoan justu-justu orekatzen dut zuri eta beltzen arteko maila, eta horrekin nahikoa zait».
MARI KARMEN GONZALEZ Endanea loradenda
«Loreei begiratu, eta itxuraren arabera sumatzen da zer behar duten»
Udaberria iristearekin bat gehitzen zaie lana Hondarribiko Endanea loradendakoei (Gipuzkoa). Orain ari dira jaiotzen lore asko, eta Mari Karmen Gonzalez da haiei hazten laguntzen dien langileetako bat. Urte guztian izaten dute lana, loreak zainduz, podatuz eta egoera onean mantenduz, baina, batez ere, garaiotan biderkatzen zaie lana. «Goizean goiz lanera heltzen garenean, denda nola dagoen errepasatu —adibidez, loreak egarri diren edo ez behatuz—, eta egun horretarako jendeak egindako eskaerak zein diren begiratzen dugu». Hala, bezeroak dendara heltzean, loreak ahalik eta osasuntsuen eta ederren egotea bermatzen dute.
«Lan lasaia eta polita da gurea... Baina, hala dirudien arren, ez da erromantikoa: asko lotzen zaitu, loreek arreta handia behar dute eta», dio Gonzalezek. Loreak osasuntsu hazteko, sentibera izatea da gakoa, Gonzalezen ustez: «Haizeak, tenperaturak... Hainbat elementuk eragiten diete loreei, eta egunerokoan, ura ez da behar izaten duten gauza bakarra». Urteetan egindako lanari esker, begiratu hutsarekin nabaritzen du Gonzalezek zer falta duten: «Hostoak horituak baditu, lurra aldatu behar zaie; hotz egiten badu, leihoak itxi behar dira... Hau da, loreei begiratu, eta itxuraren arabera sumatzen da zer behar duten». Horrez gain, landareek duten tamainaren araberako ontziak behar dituzte, eta, hazten ari diren heinean, zaintzaileak kontuan hartu beharko du hori. «Bizirik dauden heinean, euren gainean egon behar da beti», azaldu du Gonzalezek.
Udaberriko loreen artean daude alegriak, begoniak, zaingorriak, petuniak eta tageteak. Urtebeteko bizitza izaten dute horiek, baina landare gehiago ere izaten dira urteko garai horretan: «Badaude bi urte irauten duten landareak ere, tartean, margarita mota asko eta oso modan dauden usain gozoko landareak». Zalantza izpirik gabe, geranioak dira Gonzalez eta haren lankideek gehien saltzen dutena: «Kopuru aldetik, geranioa da jendeak gehien eramaten duena, baina petunia sufina ere askoren kutuna da, lore asko ematen baitu, batez ere udan». Gonzalezi, berriz, udaberriko loreak gustatzen zaizkio gehien: «Landare erraboildunak gehienbat: nartzisoak, begoniak... Horiek dira nire gustukoenak».
IKER GOIKOETXEA Kimu Bat
«Zenbat eta gehiago jakin, konturatzen zara landareen perfektutasunaz»
Urtaroei erabat lotuta dago Azpeitiko Kimu Bat enpresa (Gipuzkoa). «Onerako edo txarrerako, hala da: udaberriarekin lana gehitzen zaigu, baina neguan hortzak estututa egoten gara», azaldu du bertako langile Iker Goikoetxeak. Baina Kimu Bateko langileek zerbait alde badute, bokaziozko lana dela dute alde. «Horrela iritsi ginen lanbide honetara, beti izan dugulako har hori barruan. Zenbat eta gehiago jakin landareei buruz, konturatzen zara duten perfektutasunaz, eta guk, behintzat, gozatu egiten dugu lanean», esan du Goikoetxeak. Haren ustez, gizakiak beti bilatzen ditu eremu naturalak (mendia edo kosta) egunerokotasunetik deskonektatzeko, eta haiek zorte hori dute, lanean bertan dute lasaitasun hori.
Loreak hazi eta saltzen dituzte, baina ez dute hori bakarrik egiten, besteak beste, lorategiak diseinatu, mantendu eta eraikitzen dituzte, aholkularitza zerbitzua dute, eta paisaiekin lotutako proiektuak ere egiten dituzte. Eta guztia naturarekin harmonian egiten dute: «Askotariko bezeroak ditugu, naturarekiko gertutasun bat dutenak; askotan, baina, konturarazi behar izaten ditugu izaki bizidunekin lan egiten dugula, eta horrek dakarren guztia kontuan hartu behar dugu». Alde horretatik, eremu bat prestatzeko orduan, kontuan izan behar dituzte bezeroen eskakizunak, betiere, inguruaren baldintzak aintzat hartuta. Lur mota, klima, orientazioa... Goikoetxearen arabera, hainbat dira kontuan hartu beharreko faktoreak landaketak proposatzeko orduan: «Espazio batek ahalik eta hobekien funtzionatzeko, naturaren funtzionamenduetatik ahalik eta gertuen egon behar du».
Berebiziko garrantzia du lorategiaren hasierako planifikazio on batek, gero bilakaera ona izan dezan: «Adreiluzko paretak urteekin balioa galtzen du, eta landareekin guztiz aurkakoa gertatzen da: planifikazio eta jarraipen ona egiten bada, balioa irabazten joaten da denborarekin». Baina naturak bere zikloak eta funtzionatzeko modua ditu, eta, askotan, espero ez zutena ere lortu dute euren lanetan: «Gauza zoragarriak lor daitezke, espero gabe, eta gure egozentrismotik menperatzen dugula uste dugunean, umildu egiten gaitu haren indarrak».
Ezarian. Udaberria eta loreak
Loraldiaren indarra
Udaberria lanaren sinonimo da loreekin jarduten duten askorentzat. Argazkigintzan, sukaldean eta beste hainbat arlotan erabili ohi dira loreak; zentzu osoarekin, betiere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu