Lorearen landareak lorategira iritsi aurretik bide luzea egiten du. Iruñeko lorategietako loreak, adibidez, Carcarren (Nafarroa) hazitakoak dira. Estellerriko herri horretako Inverprao enpresa da Iruñeko Udalaren hornitzailea. Egunotan, oso lanpetuta dabiltza enpresan. Udaberriko sasoia izaten da lore salmenta gehien eragiten duena, eta eskaria ezin aserik dabiltza. 08:00etan hasten dira lanean, eta 18:00etan bukatzen dute. Etengabe ari dira lanean, batzuk loreak landatzen, bestetzuk loreak ateratzen, berehala merkaturatzeko.
Herriaren kanpoaldean dagoen enpresak bost hektareako lur azaleran loreak eta landareak hazten ditu. 50.000 metro koadrotan, horietatik 35.000 metro koadro negutegiak, sasoian sasoiko loreak eta landareak ekoizten dituzte.
Landareen aldaxkak eta loreen haziak aldaxka produktoreetatik ekartzen dituzte: Katalunia, Andaluzia (Espainia) eta Galizatik. Litroko lore potoetan landatzen dituzte, eta hazten direnean atera, ondoren saltzeko. «Prozesua luzea da. Neguko landareak udan landatzen dira, negurako prest egon daitezen, eta, alderantziz, udakoak neguan landatzen dira, udan prest egon daitezen», dio Alfredo Izan Inverprao enpresako bazkideetako batek.
Geranioa da landarekin salduena, urte osoan jar daitekelako. Beraz, gehien lantzen dutena da. Dena dela, neguan edo udaberrian landatzeak ez duela deus ikustekorik dio Izalek. «Azaroan hasten dira lehen geranioak landatzen, eta gehiago kostatzen zaie haztea. Otsailetik aurrera geranioa izateko kalkulua egiten dugu. Azaroan landatzen dugun geranioak eta martxoa eta apirilean landatzen dugunak ez du deus ikustekorik. Udaberrikoak hilabetea nahikoa du hazitzeko; neguan, berriz, landatukoa ez da otsailera arte prest egonen.
Landareak hazteko tenorean ez dagoela lore zailik dio. «Denek dute kontuan hartzeko zerbait. Batzuek loratzean dituzte arazoak, besteek landatzean».
Negutegian, batez ere, tenperatura eta ureztatzea kontrolatu behar dira. «Gutxieneko eta gehieneko tenperaturak kontrolatu behar dira, baina batez ere gutxienekoak». Gutxienekoak edukitzeko, batzuetan berogailua erabili behar izaten dute, gainerakoan landarea izoztu egiten delako. Gehiengoekin, berriz, negutegia irekitzearekin nahikoa izaten dute. Negutegian loreak egoki mantentzeko gutxieneko tenperatura 10 gradukoa da, eta gehienezkoa, 18 gradukoa. Tenperaturak egokiak ez badira, landareari onddoak ateratzen zaizkio, edo kalitate arazoak izaten ditu.
Geranioez landa, ufiniak, petuniak, alegriak eta gineanak saltzen dira gehienak. Zenbat landare saltzen dituen ez du aitortu nahi, baina «asko» direla dio irribarrez.
Gainera, krisiak ez omen die eragin. «Krisi ekonomikoa badago, baina urtetik urtera landare gero eta gehiago saltzen da. Jendeak loreak erosteko ohitura handia hartu du, eta haien nahiak ere aldatzen doaz. Horregatik, lore eskaintza gero eta handiagoa da».
Lorearen bide luzea
Udaberrian saldu ohi dira lore gehienak. Hori dela eta, Estellerriko Inverprao enpresan lanez gainezka dabiltza. Haiek dira Iruñeko Udalaren hornitzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu