Berriz hartu dute ETB1en film eskas bat euskarara bikoizteko lana. Oraingo honetan, justifikaturik egon daiteke, lan gutxi izan delako, ziurrenera. Ez baita zaila akrobazia eta tiro festa artean, noizbehinka, «Aeon, misio bat dugu zuretzako» moduko klixeak itzultzea eta ahots arranditsu bezain faltsuaz botatzea. Hori baino ez da film hau, topikoz beteriko gauza astuna eta ustekaberik gabea. Ados, helburua bada nerabeak euskaraz filmak ikusten jartzea, hormonak bor-bor jarriko dizkie Charlize Theronek.
Etorkizunean, apokalipsi baten ondoren, gizakiak mundu zoriontsu batean bizi dira. Zoriontsua? Itxuraz soilik. Izan ere amesgaizto totalitarioa da, eta jendea desagerrarazten dute agintariek. Aon Flux (Theron) Monican talde armatuko kidea da, eta presidentea hiltzeko misioa ematen diote. Baina «Luke, zure aita naiz» antzeko egoerak etengabe izango ditu Fluxek.
Film onekin bigarren zatiak egiten dituzten bezala, gaurkoa bezalakoekin, zer egiten dute? Bai, andrea, horixe! Bideo jokoak. Euskaratuko al dituzte?
Maitane Mitxelena
############
Aeon Flux
ETB1, 22:20. AEB, 2005. Zuz.: Karyn Kusama. Akt.: Charlize Theron, Johnny Lee Miller. 92 min.
############
Lortu dugu azkenean: bideo jokoak euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu