Felix Linares. Telebista aurkezlea

«Lortu dugu jendeak zinemaz eztabaidatzea futbolaz bezala»

'La Noche de...' saioak hamabost urte bete ditu, baina jendeak zinema telebistan ikusteari uzteko arriskua dagoela dio haren aurkezleak

Edu Lartzanguren.
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Felix Linaresek (Bilbo, 1948) La Noche de... zinema tartea aurkezten du ETB2n. Saioak hamabost urte beteko ditu gaurko emanaldiarekin. Urteotan bizitakoaz eta etorkizunaz mintzatu zaigu.

1995eko irail hartan, lehena egin zenuenean, espero al zenuen La Noche de... saioaren 15. urtebetetzea ospatzera heltzea?

Urtebete irautea ere ez genuen espero. Nik ETBn filmak aurkezten hiru urte neramatzan Iñaki Pangua ideia honekin agertu zenean. «Ikus dezagun zer ateratzen den», esan genuen. Lehen emanaldia baldintza penagarrietan egin genuen. Saioa orduan zatituta zegoen: filmaren aurretik lehen atala ematen genuen, eta ondoren, bigarrena. Bada, filma ematen ari ziren bitartean amaitu genuen bigarren zati hori grabatzen. Horrela hasita, «ez gara helduko datorren asteartera», esaten genuen. Baina, tira... Egia esan, zorte handia izan genuen lehen filmekin, eta oso ikusle emaitza onak izan genituen hasieratik. Aste batzuen buruan, «agian, denboraldi osoa iraungo dugu», esaten genuen.

Francis Ford Coppolaren Dracula eman zenuten lehenengo hartan. Ondoren, beste 803 film eman dituzue. Baina fenomeno bitxia gertatzen da zuekin: ia beti beste saio edo katek baino ikusle gehiago lortzen dituzue film bera emanda. Zergatik?

Filmak zailagoak direnean ongi dator norbaitek kontatzea xehetasunak eta pasadizoak, gatz eta piperrez. Horrek sortzen die batzuetan ikusleei filma ikusteko gogoa. Film errazei dagokienez, berriz, beti hoberenak jartzearen ospea izan dugu, eta jendeak badaki bermea duela La Noche de...-rekin. Badakite ez ditugula engainatuko. Noski, ezin dugu astero film on-on bat jarri. Baina, behintzat, ez ditugu lotsatzeko modukoak jarriko, orokorrean. Jendearen konfiantza irabazi dugu.

Behartu al zaituzte inoiz film txar bat jartzera?

ETBko programatzaile orokorrak erabakitzen du zein film jarriko dugun, eta, batzuetan, aurrez aurreko gogorrak izan ditugu harekin.

Zein filmekin, esaterako?

Gogor egin nuen Los dioses deben estar locos filmaren kontra, zabor hutsa iruditzen zaidalako. Baina hurrengo egunean programatzailea etorri zitzaidan: «Ikusleen %30 lortu ditugu; ikusi eta ikasi». Halere, ez gara inoiz Mariano Ozoresjartzeraino makurtu. Ni zineklubeko zinemazale zahar horietako bat naiz, baina badakit horrelako filmak jartzea geure buruaz beste egitea litzatekeela. Baina James Gray zinemagilea izugarri gustuko dut, esaterako, eta film guztiak jarri ditugu. Haren azkena, Two lovers, zoragarria da, eta programatzaileari esan diot dagoeneko jartzeko lortzen dugunean.

Saioa asko aldatu dela esan duzue. Nolakoa izan da eboluzio hori?

Atal guztiak aldatu dira. Hasieratik jarraitzen duen bakarra filmetan egindako okerrak agerian uzteari eskainitakoa da. Horrez gain, aurkezleak zutik jarraitzen du. Askotan kexatu naiz horrengatik, ezerosoa delako, baina alferrik eskatu dut aulkitxoren bat. Ikusleek gero eta gehiago parte hartzea nahi dugu. Los vascos conquistan Hollywood atalarekin, esaterako, kalean gelditzen naute, ez dakit zein filmetan ikurrin bat ikusi dutela esateko. Lortu dugu futbolaz tabernan egiten den bezala eztabaidatzea jendeak zinemaz.

Datozen hamabost urteetarako zer?

Telebistan dena da behin-behinekoa. Edozein unetan gal dezakezu ikusleen arreta. Telesailen modari eutsi diogu, reality-en oldarraldiari aurre egin diogu, baita beste telebistetan diru askoren truke erositako filmei ere. Gerta daiteke, ordea, jendeak zinema telebistan ikusteari uztea. Benetako mehatxua da hori.

Internetek hilko du telebistako aurkezlea?

Los pilares de la tierra estreinatu zuten, arrakasta handiz, joan zen astean. Lagun baten alabak telesail osoa ikusita zeukan, Interneten, hurrengo egunerako, eta astearte honetan [gaur] ez da pantailaren aurrean egongo. Telebistan gero eta produktu sinpleagoak egingo dituzte, gogoan geratuko ez zaizkizunak; eta gauza bera zineman. Gazteek ezin dute arreta 10 minutu baino gehiago jarri. Hori ere telebistaren errua izan da. Guk zinemarekiko maitasuna helarazi nahi dugu eta prest gaude edozein gauza egiteko horretarako. Zinemaren arteaz didaktikoak izan behar badugu, izango gara, baina Angelina Jolie eta Brad Pitt haserre dabiltzala esan behar badugu, esan egingo dugu. Bi mutur horien arteko nahasketa mota guztiek egiten dute saio ona, eta uste dut horretan gabiltzala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.