Lotura historikoa, bueltan

Bilbo eta Ingalaterra aspalditik egon dira lotuta itsaso bidez. 'Cap Finistere' ferrya iritsi da, eta lotura berrezarri dute. Iazko irailetik ez zegoen era horretako bidaiarik

Cap Finistere itsasontzia, atzo, Zierbenako portuan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Cap Finistere itsasontzia hasi da martxan. Atzo egin zuen lehen bidaia Portsmouthetik (Ingalaterra) Zierbenako portura, eta era horretan Bilbo eta Ingalaterraren arteko lotura historikoa berrezarri egin dute. 07:15ean, espero baino ordu laurden lehenago iritsi zen Brittany Ferries konpainiako itsasontzia, eta 10:30ean irten zen berriro, Ingalaterrara bidean. Astean bitan egingo du bidaia hori Cap Finistere-k: astearteetan eta larunbatetan. Astearteetan, aipatutako orduetan, eta larunbatetan, 20:45ean aterako da Zierbenako portutik Ingalaterrara. Bidaiak egun oso bat irauten du.

Ferryak dituen erosotasunak azpimarratu dituzte estreinako bidaia egindako bidaiariek. Gure kostaldera iritsi den lehen bidaian, Cap Finistere ferryak 413 bidaiari ekarri ditu, 23 kamioi eta 192 autorekin batera. Horiekin guztiekin batera zeuden Brittany Ferrieseko ordezkariak. Lehorreratutakoan esan zutenaren arabera, bidaiarekin gustura zeuden. Portsmouthera bueltan, berriz, 398 bidaiarik hartu zuten itsasontzia, 27 kamioi, hiru autobus eta 208 auto artean. Lehen bidaia hauetan, hala ere, bidaiariek itsasontziaren edukiera erdiraino bakarrik bete dute. Izan ere, 900 lagunentzako edukiera dauka Cap Finistere-k. Ferryak emango duen zerbitzu berriarekin, bi urteren buruan 150.000 lagun garraiatzeko asmoa daukate konpainiako arduradunek.

Portua, Santurtzitik Zierbenara

Iaz arte P&O konpainiaren Pride of Bilbao ferryak egiten zuen Ingalaterra eta Bilbo arteko bidaia. Zerbitzu berriarekin, ordea, lotura sendotu eta indartu egin dela azpimarratu du Brittany Ferriesek. Izan ere, bidaiariez gain, kamioi eta atoien garraioa sustatuko du garraiobideak. «Era honetan, Europako Batasunaren garraio politikarekin batera goaz, haren hitzetan merkantzien garraioa errepideetatik itsaso eta trenbideetara igaro behar baita», esan dute Brittany Ferrieseko ordezkariek.

Zierbenako portuak eskaintzen dizkien baliabide berriekin ere gustura daude Brittany Ferrieseko ordezkariak. Atzo itsasontzia iritsi zenerako, atontze lanak amaituta zeuzkan Bilboko Portuko agintaritzak. Denetara, 370 metro koadroko eremua irabazi dute Zierbenan.

Portuak ere eman du zeresana. Joan den hilaren 17an zabaldutako berriaren arabera, ferrya Santurtzira iritsi beharrean, Zierbenan porturatzekoa zen. Erabaki horrekin ez zen gustura agertu Rikardo Ituarte Santurtziko alkatea. Baina, Pride of Bilbao ferry historikoarekin alderatuz gero, Cap Finistere ferryak beste ezaugarri batzuk ditu: 27 metro luzeagoa da, eta maniobrak egiteko aukera gutxi ematen zizkion Santurtzik. Hamazazpi urtez Ingalaterra eta Euskal Herria lotu zituen Pride of Bilbao-rekin alderatuta, gainera, Brittany Ferriesen itsasontziak bestelako zerbitzua eman gura du. Turismorako bidaiariak erakarri beharrean, garraioa sustatu nahi dute ferry horrekin, eta, hori dela eta, autobiderako irteera azkar bat eskatzen zuen konpainiak. Atzo, hala ere, ilara ugari ikusi ziren itsasontzitik sartzen eta ateratzen.

Edozein modutan, Zierbenak ikusiko ditu ferryak porturatzen. Eta, era horretan, Bilbo eta Ingalaterraren arteko lotura berritu egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.