Duela urtebete baino gehiago espazioratutako LRO zundak ere esplorazio xede hori zuen. Ilargia gehiago ezagutzeko ahalik eta datu eta irudi gehienak biltzea. Iazko ekainetik ari da LRO Ilargiari biraka, zirrikitu guztietan begira.
LROk daraman zazpi tresnetako bat da Lunar Orbiter Laser Altimeter delakoa (LOLA). Ilargi azalaren aurka 2.400 milioi laser izpi jaurti ditu LOLAk urtebetean, pultsu bakoitzak itzultzeko behar zuen denbora zehatz-mehatz neurtuz. Datuoi esker, orain arteko Ilargiaren mapa topografiko zehatzena joan den astean aurkeztu zuen NASAk.
Mapa zehatz hori, zein LROko beste tresnek jasotako datuak behatuz, Ilargiaren historia geologikoa aztertzen duten hiru lan publikatu dira Science aldizkarian. Lan horiek agerian utzi dute Ilargiak bere gaztaroan bi asteroide bonbardaketa aldi nozitu zituela.
Duela 3.900 milioi urte inguru izan zen lehen asteroide saldoa, eta, kraterrei begira, tamaina handi zein txikiagoko objektuek egin zuten talka. Halakoak ikus daitezke alderik zaharrenetan-gorriz irudian-. Krater guztiak txikiagoak dira jarduera bolkanikoak berritutako azalera gazteagoan -2.000 milioi urte dira ez dagoela halako jarduerarik Ilargian-. Bi bonbardaketen artean, Saturnoren eta Jupiterren kokagune aldaketa gertatu zela uste dute aditu batzuek; horrek galarazi zuela Ilargira, eta Lurrera, asteroide handi haiek hurbiltzea.
Lurrak ere jasan zituen Ilargiak nozitutako bonbardaketa itzel haiek. Eta Ilargiari begira ezagut daiteke Lurraren historia geologikoa ere.
«Ea non jar dezakegun gure lehen basea...»
I. L. DonostiaEz dute biharko aurreikusten, baina hamarkada gutxian, gizakiak Ilargian base egonkor bat izateko aukerak ez dira gutxi. Are gehiago, LROk berarekin zeraman LCROSSmodulua Ilargiaren krater batera jaurti eta talkak altxatutako hondakinetan ura atzeman dutenetik. Ur hori nola prozesatu asmatuz gero, Ilargiraino ura garraiatzeko ahalegin itzela aurreztuko litzateke.
Dena den, ur iturri bat soilik ez, beste hainbat baldintza ere hartu behar dira aintzat etorkizuneko misioen arrakastarako. Adibidez, eguzki argia: hari esker, bisitariak gutxieneko tenperatura batean egotea lortuko luke, baina ez hori bakarrik, baita energia iturribikaina ere. LROk Ilargiko Hego Poloan topatu ditu sateliteko alderik eguzkitsuenak. Hala, zenbait aldetan eguzki ikusgarritasuna %96tik gorakoa da. Urtean jarraian 243 egunetan jasotzen dute eguzki argia, eta ez da izaten 24 ordutik gorako ilunaldirik.
LROk daraman Diviner tresnak Ilargi azalerako tenperaturak ere neurtu ditu. Eta ikusi du Hermite kraterraren sakoneko zorua orain arte Eguzki sisteman detektatutako tokirik hotzena dela, zero azpitik 248 graduko tenperaturarekin. Alderatzeko, Plutongo azalerako tenperatura erabili dute, zero azpitik 184 gradukoa dela uste baitute zientzialariek.
Hermite kraterraren hondoko hotz horien antzekoak antzeman dituzte Ilargiaren Hego Poloko beste hainbat kraterretan ere, negu ilunean sakonera izoztuetan neurtuak.
Divinerrek berak Ilargiko gainaldeetan bost eremu topatu ditu oxigenodunak diren silikatoetan aberatsak. Oraindik ez dute jalkin horien iturria ezagutzen, baina ilargi arroketan oxigenoa egoteak ere erraztuko lituzke gizakiaren etorkizuneko misioak; arnasteko ezinbesteko izateaz gain, oxigenoa suzirientzako erregai aproposa baita.
Norbaitek zalantza baldin bazuen
I. L. DonostiaOraindik ere bada gizakia Ilargira ez dela iritsi dioenik. Eta gauza bera esaten jarraituko dute, nahiz eta LROk ateratako argazkietan, esaterako, Apolo 11 ontziak lur hartutako tokia ikusi. Goiko argazkiaren ezkerraldean ikusten dira Neil Armstrongek eta Buzz Aldrinek euren bi ordu eta erdiko bisitaren ostean Ilargian utzitako esperimentuetako tresnak eta jaitsiera moduluaren oinarria eta bestelako hondakinak.
Badira gizakiak utzitako arrasto gehiago. Horien artean, Mare Imbriumen 40 urtez «galdurik» egon den Lunokhod 1 urrunetik gidatutako noranahikoa. 1970eko azaroaren 17an ezarri zuen Sobietar Batasunak lehen noranahikoa Ilargian, eskifaiarik gabeko misio batean. Hamar hilabetez egon zen martxan, Lurretik gidatuta. Egunez eguzki energiarekin funtzionatzen zuen, eta gauez geldirik egoten zen, berogailu batekin, zero azpitik 150 graduei aurre egiteko. Hamar kilometro ibili zen guztira, laginak bilduz.
Hurbileko edertasuna
I. Lasa. DonostiaKrater, mendi, zulo... Neurketa zehatzak egitearekin batera, argazkiak ere atera ditu urte honetan LRO zundak. Informazio ugari emateaz gain, zehaztasun handiko argazkiok gure satelitearen irudi ezin ederragoak ere ekarri dizkigute.
Horren adibide, esaterako, goiko argazkia: Eguzkia sartzen ari da Bhabha kraterrean, baina oraindik argitan daude krater erdiko hiru gailurrak. Ilargiaren ezkutuko aldean dagoen Bhabha kraterrak 64 kilometroko diametroa du, eta hura sortu zuena bezalako talka handietan, talka uhinek punpatu egiten dute krater barruan, arroka fluidoa bezala mugiaraziz kraterraren kanpoaldera aurrena eta gero atzera barnealdera, eta krater erdian gailurrak osatuz. Gailur bakarra sortu ohi da, baina Babha kraterrak hiru gailur eder dauzka.
Behean, hondoratze krater bat Mare Tranquilitatisen. Itzalaren neurriarekin eta angeluarekin haren sakonera jakin daiteke: 100 metro inguru.