Luis Tolosak (Donostia, 1903- Irun, 1956) herri lanetako delineatzaile izateko oposizioa gainditu zuen 1927an, baina ez zuen Arkitektura Eskolaren titulurik. Horregatik, beste arkitekto edo ingeniari batek sinatu behar izaten zituen Tolosaren proiektuak eraikuntza lizentziak lortu ahal izateko. Horra Tolosak egindako lanei izen-abizenak jartzeko oztopoa: ez dago haren obrak berak eginak direla egiaztatuko duen froga dokumentalik. Haren seme Juan Ignacio Tolosa eta horren emazte Rosa Maria Telloren burugogortasunari esker lortu dute, azkenean, Tolosa arkitektoak eginiko lanak aztertzea eta argitara ematea.
Liburu bat, erakusketa bat eta hitzaldi ziklo bat izango dira Tolosak egindako lana ezagutarazteko bideak. Luis Tolosaren arkitektura du izena Nerea argitaletxearen eskutik argitaratu duten liburuak: arkitektoaren artxibotik ateratako marrazki, akuarela, maketa eta argazkiak biltzen ditu, eta, aldi berean, horiek denak dira erakusketaren oinarri. San Telmo museoan ikus daiteke erakusketa, otsailaren 8a bitartean.
Aurkezpen ekitaldia San Telmo museoan bertan egin dute, eta aretoa bete egin dute Tolosaren lankide izandakoek eta familiako kideek. Azken hitzak Tolosaren semearenak izan dira. Bera haurra zela aita eraikinak marrazten gogoratzen du oraindik, askotan haren magalean zegoela. Hunkituta zegoen: «Azkenean lortu dugu aitak egindako lana aitortzea. Dagoen lekuan dagoela, ziur naiz pozik dagoela».
Hormigoi altzairuduna
Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala eta Pasaiako Portu Agintaritzarekin elkarlanean egin dute Tolosaren lanari buruzko ikerketa. Haren sinadura inongo eraikinen paperetan agertzen ez denez, analisi bidezko prozedura erabili behar izan du ikerketa egin duen lantaldeak. Arkitektoaren artxiboa oinarri hartuta, eraikinak konposatzeko zuen modu «berezia» aztertuta egin dute obren jarraipena.
Materiala da Tolosak egindako eraikin guztien ezaugarrietako bat: hormigoi altzairudunez egindakoak dira. Ana Azpiri Euskal Herriko Unibertsitateko Konposizio Arkitektonikoko irakaslearen arabera, 1920ko eta 1930eko hamarkadetara arte gutxi erabilitako materiala zen hormigoi altzairuduna.
Beste batzuen artean, Pasaiako Astilleros Luzuriaga eta Orioko Nueva Ceramica eraikinak Tolosak diseinatutakoak dira.
Kanpoan ere aritu zen, baina Euskal Herrian, eta batez ere Gipuzkoan, lan egin zuen Tolosak, Pasaiako portuan, hain zuzen ere. Arkitektura proiektuetan eta eraikuntza obren kontrol lanetan ibili zen, eta Pasaiako portuan gaur egun dauden eraikin asko hark diseinatutakoak dira.
Lehenengo lana, baina, Andoainen egin zuen, 1928an. Txikitatik laguna zuen Manuel Labordek eman zion, lehenengo aldiz, arkitekto gisa aritzeko aukera. Hala, Tolosak 25 urte zituela, Laborde Hermanos enpresaren fabrika berriaren lehen pabiloia egiteko eskatu zion lagunak, eta hor hasi zen Luis Tolosaren ibilbidea Gipuzkoako industria arkitekturan barrena.
Tolosaren lanak ezagutzera emateko, hitzaldi ziklo bat antolatu dute San Telmo museoan bertan. Lau izango dira guztira, eta erakusketak irauten duen bitartean egingo dituzte. Hain zuzen, Tolosaren obra ikertu duen lantaldeko adituen eskutik izango dira, guztiak 19:30ean izango dira.
Azpiri izan da lantaldearen koordinatzailea, eta bera izango da hizlaria El problema de la autoría y la arquitectura de Luis Tolosa hitzaldian, abenduaren 18an.
Bigarrenak Tolosak eginiko lana izango du hizpide: Luis Tolosaren testuingurua eta arkitektura 1937tik 1950era izenburupean, Lauren Etxepare izango da hizlaria, urtarrilaren 10ean.
Leticia Garciaren txanda izango da urtarrilaren 17an: Tolosak Pasaiako portuan egindako lanaren inguruan hitz egingo du, Luis Tolosa y su formacion en el puerto de Pasajes. El hormigón armado como seña de identidad hitzaldian.
Luis Tolosa y la diversidad de los encargos. Los referentes hitzaldia izango da zikloa itxiko duena, David Sanchezen eskutik, urtarrilaren 24an.
Luis Tolosa arkitektoaren lana aitortu eta ezagutarazteko aukera
Liburu bat argitaratzeaz gain, erakusketa bat zabaldu eta hitzaldi ziklo bat ere antolatu dute Donostian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu