Realaren eta Bartzelonaren arteko partidaren ohorezko sakea egin zuen atzo Maialen Lujanbio Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldunak, gainerako bertsolari finalistek lagunduta. Realak arreta mediatiko handiena biltzen duen egunetako bat baliatu nahi izan zuen euskarari eta bertsolaritzari tartea egiteko, eta Lujanbiok ez zuen aukera pasatzen utzi. Euskara kirolean ere erabiltzearen aldeko mezua zabaldu zuen txapeldunak, zale txuri-urdinen eta partida jarraitzen ari ziren kamera ugarien aurrean.
Realeko jokalariez eta zaleez gain, adi entzun zuten Lujanbioren bertsoa Bartzelonako jokalariek ere, eta Lionel Messi taldeko kapitaina agurtzera hurbildu zitzaion txapeldunari. Ezohiko irudiak zeresana eman du sare sozialetan.
Maialen eta Leo; Lujanbio eta Messi. Eta denak beraiei begira. pic.twitter.com/SsjsXNw62m
— Esti Elduaien Uranga (@Eelduaien) 2018(e)ko urtarrilak 14
Zenbait realzale hunkitu egin dira unearekin. "Oso hunkituta Leo Messi historiako jokalaririk onena Maialen Lujanbio dugun bertsolaririk onenaren bertsoa entzuten ikustearekin. Bi egiazko artista aurrez aurre", adierazi du haietako batek.
— GoRoS (@xabiergoros) 2018(e)ko urtarrilak 14
Beste zenbaitek azpimarratu dute Messik Lujanbiorekin elkartzeko ohorea izan duela.
Messik gaur Anoetako zelaia Maialen Lujanbiorekin konpartitu du une batez: orain badaki zen den Champions League
— lander garro (@landergarro) 2018(e)ko urtarrilak 14
Messik, zahartzen denean, kontatuko du behin Maialen Lujanbiori eskua eman ziola
— Gorka Bereziartua (@boligorria) 2018(e)ko urtarrilak 14
Antzera mintzatu da Onintza Enbeita bertsolaria ere. "Nik uste dut titularra alderantziz dela: 'Maialen Lujanbio bertsolari ezagunak Lionel Messi agurtu zuen'".
Lujanbio eta Messi hitz joko originalean uztartzen asmatu duenik ere bada.
Lujanbio eta hamarreko txikia. pic.twitter.com/eupKw1qIv8
— Antton Telleria (@antton_telleria) 2018(e)ko urtarrilak 15
Hona Lujanbiok partidaren aurretik abestu zuen bertsoa:
Baloiaren (e)ta hitzaren gintzak
nahiz (e)ta ez diren berberak,
lehiaren gaindi sustatuz gero
balioak ta manerak,
bultzatuz gero neska-mutilen
kirolerako aukerak,
futbol izar (e)ta zaleen ahotan
lekurik badu euskarak
zuen zangoek (e)ta gure oinek
hortxe egingo dute bat.