PROPOSAMENAK

Lur azpiko sekretuak

Sarako leizeak ateak zabalik izango ditu bisitari ororentzat irailaren 30era arte. Historiaurrera bidaiatzeko aukera paregabea eskaintzen du

Sarako leize zuloaren sarrera. GAIZKA IROZ.
Miren Mujika Telleria.
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Larhun mendiaren magalean daude Sarako (Lapurdi) leizeak, eta bertan murgiltzeko parada izango da berriro ere uda honetan. Historiaurrera bidaiatuko du bisitariak, eta garai hartako gizakien bizimodua ezagutzeko aukera izango du. Museoa, leizea eta parke megalitikoa daude ikusgai, eta uda osoan zehar, segurtasun neurriei jarraituz, besoak zabalik jasoko dute bertaratzen den ikusle oro.

Leize zulo ugari daude Sara eta inguruetan dagoen kareharrizko mendigunean. Sarako Leizeak deituak diren leizeetako bat bisita daiteke, duela bi milioi urte baino gehiago zegoen egoera berean. Haitzuloaren eraketa geologikoa, Euskal Herriko mitologia eta herri sinesmenak, eta euskaldunon jatorria ezagutu eta ulertzeko aukera paregabea eskaintzen dute bertako bisita gidatuek. Hiru ordu laurden irauten du bisita bakoitzak, eta parke megalitikoa, museoa eta leizea bera bisitatu daitezke behin bertan egonda. Doinu batek bisitaren ibilbidea girotzen duen bitartean, argiztapen berezi batek haitzuloaren edertasuna nabarmentzen du, eta ibilbide osoa ikusgarri bihurtzen. Leizeetako gunean bertan, parke megalitikoa dago ikusgai, non tamaina naturaleko trikuharriak, harrespilak eta lur muinoak dauden. Koronabirusaren eraginez, museoa ez dute ireki oraindik, baina bertan azaltzen da gizakiak historiaurretik gaur arte izan duen bilakaera. Garai desberdinetako aztarnak daude museoan: historiaurrekoak, protohistoriakoak eta garai historikoetakoak.

Ekainaren 29an ireki zituzten ateak bisitarientzat Sarako Leizeek, eta irailaren 30era arte zabalik izango dituzte egunero; 10:00etatik 18:00 arte. Bisitarien eta langileen mesederako, gunea berrantolatu behar izan dute segurtasun aginduei jarraituz, bisitak babestuta egon daitezen.

Segurtasun neurriak

Gaur egungo pandemia oztopo izan ez dadin, segurtasun neurriak ezarri dituzte Sarako leizeetan, bertaratu nahi duen orok bisitatu ahal izan dezan. Bisita gidatuetako taldeak ohi baino murritzagoak izango dira; hala, segurtasun distantziak bermatzea errazagoa izango da; bisitarientzat, eta baita bertako langileentzat ere. Distantziak markatzeko, gainera, seinaleak jarri dituzte lurrean. Norabide bakarreko ibilbidea izango da bisita gidatua, jendearen arteko talkak eta hurbiltzeak eragozteko. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da, eta bisitariek sarreran bertan eskura izango dute gel hidroalkoholikoa, sartu bezain pronto eman dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.