Lur gorrian barrena (Maluta, 2011) ez da haurrentzako ohiko liburu bat. Liburua zabaldu, eta haurren irudimena hauspotuko duen istorio bat du barnean, baita kolorez betetzeko marrazki ugari ere; alabaina, haurrek CD bat ere aurkituko dute barruan. Gorriak diren hiru animaliaren abenturekin bat datozen abestiak ditu CD horrek, ipuinaren ahotsezko kontakizunarekin batera.
Maluta argitaletxeak «bereziki» zaindu nahi izan du Txikia Margotzen saileko bosgarren lana: Lur gorrian barrena. Horretarako, Xabi Strubell musikariaren parte hartzea lortu du. Ipuinaren nondik norakoak oinarritzat hartuta, hemeretzi kantu konposatu ditu Strubellek. Resurreccion Maria Azkue eta Aita Donostiaren kantu tradizionaletatik edan du egileak kantuen hitzak josteko, «baina abesti berriak dira, jostagarriak, eta onomatopeia asko dituzte». Batik bat gitarra akustikoz osatutako melodiak dira, musika tresna gutxi batzuekin lagunduak (perkusioa eta eskusoinua).
Ideia da umeak liburua hartu, ipuina irakurri eta kantuak entzutea; edota liburuak proposatzen dituen marrazkiak kolorez betetzea, ipuina eta kantuak entzuten dituen bitartean. «Aukera asko ematen ditu liburuak; gurasoak lasai egon daitezke tarte batez, behintzat, haurrek badute zereginik eta», esan zuen Maluta argitaletxeko Ritxi Lizartzakatzoko aurkezpenean.
Lur gorrian barrena istorioa Eneko Haritzak idatzi du, Txikia Margotzen saileko aurreko aleen moduan: Mari haitzuloetako dama eta Tartalo begibakarra, adibidez. «Narrazio arinak dira, jostagarriak; kantuen tonu berean egin ditut», esan zuen Haritzak. Hiru animalia gorri Euskal Herrian barrena doaz: katagorri bat, mantangorri bat eta txantxangorri bat; abenturaz beteriko bidaia bat egingo dute, herrialdez herrialde, paisaiaz paisaia. «Kantuen errimekin eta erritmoarekin jolasean gabiltza une oro».
Herrialde guztietan barrena
Euskal Herriko herrialde guztietan ibiliko dira protagonistak, eta lekuan lekuko hizkerek —eta euskalkiek— eta ohiturek isla dute nola ipuinean hala diskoko kantuetan. Kolore gorria ez zuten kasualitatez aukeratu. «Gorriak berezko esanahia dauka euskaran eta euskal usadioetan», azaldu zuen Lizartzak. Gorriaren inguruan jositako hamaika xehetasun azaltzen dira narrazioan.
Ibilbidea rockaren munduan egina izangatik, Strubellek «pozik eta gogo biziz» hartu zuen Lur gorrian barrena proiektua osatuko zuen diskoaren enkargua. «Katalunian, haurrentzako formula hori ohikoa da; hemen, ez», esan zuen. «Banuen gogoa musikaren barruan beste alor batzuk lantzeko, eta gustura aritu naiz kantu horiek konposatzen». Haurrentzako kantuak dira, baina horrek ez du esan nahi estilo aldetik oso mugatuak daudenik. «Jazza, bossa nova... Hainbat eragin daude kantu dibertigarri horietan». Resurreccion Maria Azkue eta Aita Donostiaren bildumetatik jaso ditu hitzak kantuetan sartzeko, baina konposizio berriak egin ditu. «Obra zabal baten zati bat da diskoa, baina uste dut gaitasuna eman diodala bere kabuz ere funtzionatzeko; hori izan da asmoa, behintzat». Mikel Laboa bera ere aipatu zuen musikariak: «Haren ibilbidearen lehen zatian inspiratu naiz».
Entzutea eta irakurtzea proposatzen du, hortaz, Maluta argitaletxearen obra horrek, baina baita margotzea ere, marrazkiak kolorez bizitzea; jarduera aktiboagoa da hori, inondik ere. Marrazkak Yoana Figuerasek sortu ditu. «Oso estilo markatua dauka; kolore asko erabiltzen ditu, eta marrazki alaiak egin ditu, zinez», esan zuen Lizartzak.
Lur gorrian barrena Durangoko azokan jarri zuten salgai estreinakoz, eta Maluta argitaletxea «oso gustura» geratu zen gurasoen erantzunarekin. Baina hura pasatu da, eta orain erabaki dute obra berriro plazaratzea, luze gabe umeen aurrera eramango baitute. «Ikastolen Federazioaren bidez tailerrak prestatzen ari gara, zuzeneko emanaldiak. Haritzak ipuina kontatuko du, eta Strubellek gitarraz abestu. Bien bitartean, umeak marrazten jarriko ditugu». Ekitaldia egituraturik daukate jadanik, Durangoko azokan emanaldi bat egin baitzuten. Hainbat kultur etxetan ere egingo dute datozen hilabeteetan, Donostian hasita.
'Lur gorrian barrena' plazaratu dute, mundu oso bat umeentzat
Maluta argitaletxeak salgai du Xabi Strubellen eta Eneko Haritzaren umeentzako disko-liburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu