Bilboko Aste Nagusia

Lurdes Luque, inoiz baino presenteago

Aste Nagusiko Txupineren Eguna ospatu dute, Bilbon. Lourdes Luque, txupineren presidente ohia, omendu dute. Aiora Renteria pregoilariak txupinerekin batera pasatu du eguna

Giro ona izan zuten atzo: txupinerak kantuan ibili ziren, besteak beste. A. LOIOLA / FOKU.
Gontzal Mendibe Miguel
Bilbo
2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Jaietako egun guztietan bezala, Izaskun Pinedok suziria jaurti du 10:00etan, Arriaga antzokian, beste festa egun bati hasiera emanez. Oraingoa, aldiz, desberdina izan da: Pinedo bezala jantzita dagoen neska kuadrilla bat egon da jaurtiketa ikusten. Argi dago: Txupineren Eguna da. Aste Nagusiko ostegunean ohitura denez, aurreko urteetako txupinerek eta aurtengo txupinerak eta pregoilariak elkarrekin pasatu dute eguna. Suziriak eztanda egitearekin bat muxuak eta besarkadak banatu, eta Erriberako Merkaturako bidea hartu dute.

Merkatu barruko bueltatxoa inoizkorik azkarrena izan da, ekitaldi berezi bat izan baitute Areatzan, 11:30ean —ohikoa baino 30 minutu lehenago—: Xabi Aburruzaga musikariak txupineren omenezko abestia aurkeztu du. Emozioak loratzen hasita, txupinerek suziria jaurtitzeko txanda iritsi da. Ez dute behin jaurti, ezta birritan ere, baizik eta hiru aldiz. Antolatzaileen aurreikuspenak ez dira onenak izan, ez baitzeuden suziriak pizteko tresnak denentzat. Inprobisaziora jo dute, eta zigarroak aukeratu dituzte Bilboko zerua behar beste suziriekin janzteko.

Aste Nagusiren batean txupinera izandakoek egutegian gorriz markatuta daukaten eguna da. Horrela azaldu du Alazne Olabarrietak, txupineraren jaka eta txapela jantzi zituen lehen emakumeak: «Txupinera izandakoen artean dugun harremana ikaragarria da. Urtean oso gutxi ikusten dugu elkar, eta gaurko eguna iristeko irrikan egoten gara. Uste dut denontzat oso egun berezia dela». Dantzek, kantek, besarkadek eta trago arteko barre algarek agerian utzi dute txupinerek duten poztasuna. Sentimenduak ageri-agerian izan dira, eta horren adibide izan dira 2000. urtean txupinera izan zen Aitziber Zalbideri atera zaizkion malkoak: «Emozioz betetako eguna da gaurkoa. Familia txiki bat gara, eta urtean behin horrelako egun bat ospatzeko aukera izatea ikaragarria da».

Suziriak jaurtita, tripa betetzen hasteko ordua iritsi zaie. Areatzan pintxo batzuk jan eta Zazpikaleetarako bidea hartu du marea gorriak. «Alde Zaharreko poteoa luzatu egiten zaigu. Atso zaharren kontuak kontatzen hasten gara. Bakoitzak bere urteko bizipenak gogoratzen ditu, eta orduak hegaz pasatzen zaizkigu», adierazi du 1979. urtean txupinera izan zen Marije Agirregoitiak.

Gaurkoan, baina, erlojuari begira egin behar izan dute poteoa. Tintigorri konpartsan izan dute bazkaria. Agirregoitiak azaldu du zergatia: «Txupineren Egunaren bazkaria beti egiten da aurreko urteko txupineraren txosnan. Ofizialki, Iratxe Palacios gaur sartu da txupinera ohien taldean, eta hori ospatzeko modu bat da bazkaria bere konpartsan egitea. Gure arteko tradizio bat».

Aste Nagusiko ekintza guztietan bezala, Aiora Renteria pregoilaria eta Izaskun Pinedo txupinera elkarrekin izan dira. «Ikaragarrizko sorpresa izan da. Ez nuen uste horrelakoa zenik. Txupinera pila bat elkartzen dira, eta ikaragarri gustatu zait. Argi daukat hurrengo urtetik aurrera egun hau libratzeko eskatuko dudala lanean. Ez dut inondik inora ere galduko», adierazi du Pinedok. Giroa ikusita, Renteriak inbidia pixka bat izan du: «Superpolita iruditzen zaidan egun bat da. Pentsatzen ibili naiz ea zergatik ez dagoen pregoilariak batzeko egun bat, guri ere ilusioa egingo liguke eta. Azkenean, bakoitzak Aste Nagusiko lanak egiten ditu, eta hor geratzen da. Ez gara gure artean elkartzen».

«Marijaiaren alaba» gogoan

Txupinerentzat Aste Nagusiko osteguna urteko egunik «garrantzitsuenetarikoa» bada, aurtengoa «inoiz baino bereziagoa» izan dela adierazi dute. Izan ere, aurten zendu da Lurdes Luque, eta hura omentzeko antolatutako ekitaldia, haien ustez, eguneko ekitaldirik «hunkigarriena eta garrantzitsuena» izan da. Txupinerek azaldu dutenez, Luque Aste Nagusiko «erreferente» bat izan da —txupineren presidentea zen—. Aste Nagusian txupinerarekin pasatzen zituen egunak, eta haien «ahizpa» bihurtu zela onartu dute. Omenaldia Luqueri gustatuko litzaiokeen moduan bukatu dute: dantzan eta txupinera guztiak elkarrekin disfrutatzen. Jendetza batu da Arriaga plazako eskaileretan, eta ingurua konpartsa guztietako kamiseta koloretsuekin jantzi dute.

Agirregoitiaren ustez, Luquek inork baino hobeto transmititzen zituen jaiaren balioak, eta «Marijaiaren alaba» izan zela azaldu du, oso hunkituta. Aratz Irazabalek, 2010eko txupinerak, esan du Luque oso presente dutela, eta txupinerentzat «oso berezia» izan den pertsona zela. Gainera, azaldu du txupinerekin zuen tratua ezin hobea zela, eta uste du haietako askok «amatxotzat» dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.