Ezarian. Memoria historikoa

Lurpetik ateratako duintasuna

'Hilotzak hilobitik ateratzen, duintasunak berreskuratzen' erakusketa zabaldu du Aranzadi elkarteak EHUko Donostiako campusean, 2000. urtetik hona hobien gainean egindako lana azaltzeko.

xabier martin
Donostia
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Juan Rubioren gorpuzkiak San Cristobal gotorlekuan (Nafarroa) jaso zituzten haren senitartekoek, 2007ko abenduan. Tomasa Rubiok bere aitaren hezurrak berreskuratu zituen, 1944an hil zeneko presondegiko atarian. Juan Rubio bere emaztearekin eta seme-alabekin dago Vallseko hilerrian (Tarragona), familia hara aldatu baitzen aita preso hartu zutenean.

Istorio bat besterik ez da, baina hura bakarra duintasuna berreskuratzeko saio askoren artean. Hilotzak hobitik ateratzen, duintasunak berreskuratzen erakusketak ematen du Juan Rubioren eta beste istorio triste askoren berri, argazki hunkigarriak dituzten hainbat panelen bidez.

Aranzadi zientzia elkarteak antolatu du erakusketa, eta Pilar Cobok zuzendu du. Azken panela da Rubioren kasuari dagokiona. Donostian, EHUko Carlos Santamaria zentroko Andrestegi erakusketa aretoan, beste 33 panel paratu dituzte. Izan ere, Tomasa Rubiok aitaren gorpuzkiak jaso arteko prozesu guztia eta, azken finean, frankismoaren biktima askok euren senitartekoak hobi komunetatik nola berreskuratu dituzten azaldu nahi du Aranzadik erakusketaren bidez.

EHUn jarri dute erakusketa, Aranzadirekin elkarlan emankorra izan dutelako unibertsitateko hainbat sailek 2000tik hona. 36ko gerrako hobien gainean egindako ikerketa lana jasotzen du panel multzoak, azken finean. EHUko eta Aranzadiko espezialistak 120 bat proiektutan aritu dira; hilotzak hobitik ateratzeko Espainiako estatuaren barruan egindako lanen %30 da kopuru hori.

Lan hori guztia egiteko, argazki eta bideo ugari atera dituzte ikerketarako tresna gisa. Induskatze lanean ateratako 40.000 argazki dituzte, halaber, eta dena dago datu base batean ikertzaileen eskura.

Aitak eta amak, ilobak eta aitonak zein amonak dira argazkietako protagonistak, semeak eta alabak, sufrikario isil eta gogor baten lekuko eta protagonistak. Kandido Saseta Euzko Gudarosteko komandantea, adibidez; 2008ko apirilean jaso zituzten haren gorpuzkiak Arantza Saseta ilobak, Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko idazkari nagusiaren eskuetatik. Beste asko, gehien-gehienak, ez dira pertsona ezagunak: irakasleak, andereñoak, errepublika garaiko udaletako zinegotziak —udalbatzako kide guztiak batzuetan—.

Norbanakoak, Hilobia, Laborategia eta Omenaldia izenburuekin, gorpuzkiak aurkitu eta identifikatzeko prozesuak nola egiten diren azaltzen da. Informatzaileak, prospekzioak, indusketak, gorpuzkien laborategiko lana… Pertsona askok parte hartu dute 2000. urtetik hona, eta gaur egun ere halaxe da, hilobien mapa etengabe eguneratzen baita, informatzaile berriak azaltzen direlako han eta hemen.

Bitartean, orain artekoari errepasoa ematea dauka bisitariak Donostian. Evelia Antolin Jigas penaz txikituta ikus dezake Canillas de Esguevako deshilobiratzean (Burgos), 2005eko abuztuan. Jose Antolin Exposito aitaren gorpuzkiak zeuden hobiaren aurrean deseginda bukatu zuen, familiaburuaren hilketak familiari ekarri zion zulo beltzarekin gogoratuz. Elgetara salto eginez (Gipuzkoa), 2004ko ekainera joango da ikuslea, Antonio Iturrikastillo informatzailearen aurrera. Hark bazekien Ansuategi baserri inguruan hainbat hilobi zeudela, baita Intxorta mendian ere, eta halaxe jakinarazi zuen.

Erakustareto lauki luzearen paretetan eskegitako panelek zoruan jarritako argazki ikusgarria inguratzen dute erakusketan. La Andayako 4. hilobiaren argazki handia da, hilobiaren benetako neurrikoa ia. Soka batek inguratzen du hobi komuna. 29 eskeletoren hezurrak ikus daitezke nahasturik, hiltzaileek hantxe utzi bezala. Eremua inguratzen duen sokak hobiaren paperezko irudiari benetakotasun handiagoa ematen dio. Argazki bat da, zoruan dagoena, baina ikusleari ez zaio burutik ere pasatzen hura zapaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.