Ezarian

Lurrama, «zer leku ederra»

Lehen egunak iazkoak baino arrakastatsuagoak izan dira Lurraman, nahiz eta oraindik kopuru zehatzik ez izanGaur bururatuko da azoka, Euskal Herriko sukaldari famatuen bazkariarekin

Iazkoa baino jendetsuagoa izaten ari da Lurrama azoka, Miarritzeko Irati aretoan. GAIZKA IROZ.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
«Zer leku ederra!»; horrelako oharrak entzun zitezkeen atzo Miarritzeko Irati aretora heltzean, bisitarien artean. Aurtengo berezitasun nagusia hori baita, leku berria. Eta bisitariek nola ihardokiko dioten lekuari. Azoketarako bereziki eraiki Irati aretoak orain arteko Baionakoa baino espazio zabalagoa eta egokiagoa eskaintzen duela, denak bat datoz: «Dena eskuragarria da, bata bestearen ondoan, baina, aldi berean, bakoitzak badu aski leku beretzat», bisitarien arteko Beñatek zioenez. Eta, gainera, ikusirik zer aro zen kanpoan, teilatuaren babespeko leku idorrak laster konbentzitu zituen denak.

Bisitari kopuruei begira, iazkoekin konparatuz, jende gehiago hurbiltzen ikusi dute antolatzaileek. Ostiralean 4.000 bat lagun egon ziren, eta atzo, berriz, 10.000 inguru. Lehen egunetan Bereziki ostiralean, iazko ostirala baino jendetsuagoa izan da. Hiru aldiz gehiagokoa litzateke aldea. Inguruetako ikastetxeetako 1.200 haurrez gain, eta beste ehunka haur gurasoekin etorriak zirela, horrez gain, bazkari eta afarietan leku guztiak saldu zituzten. Usaian eguerdiko bazkarirako 200 bat biltzen badira, aldi honetan 420 dituzte egin. Arratsean 300 zituzten Bretainiako janaria dastatzeko, eta atzo eguerdian ere 300 bat. Horrez gain, beste jateko eta edateko anitz baziren ere.

Animazioen aldetik, baserrietako kabalak izan ziren beti bezala azokako protagonista nagusiak. Aurten, gainera, Bretainia dela herrialde gomitatua, handik hainbat laborari etorri dira hango kabalak aurkeztera, baita bide batez, euren mozkinak ere. Hots, usaian bezala, kabalen mundua hurbiletik ezagutzeko aukera ez duteneentzat, mihi finentzat eta besta giro zaleentzat bada zer ase Lurrama. Gaur hor izanen da Euskal Herriko sukaldari famatuen bazkaria, berau aspaldian jarduera finko bat bilakatua.

Aldarrikapenak ahantzi gabe

Hori bai, mihi finen gustuari erantzuteko jarduera bat baino haratago, Lurramak segitzen du argiki eta ozenki bere aldarrikapenekin. Kontsumitzaile eta laborarien arteko harremana hurbiltzeko xedea badu azokak; ez du,ordea, edozein laborantza mota gogoan. Egun bakoitzean aldizkatzen diren mintzaldi,lekukotasun eta hitzaldiek jorratu duten galdera lekuko: «Ba ote dugu oraindik laborarien beharra?».

Hori da aurtengo lema, nolazpait erraiteko. Probokazio kutsuko galdera, baina gero eta zentzu handiagoa daukana «maleruski», Mixel Berhokoirigoin, Euskal Herriko Laborantza Ganberako (EHLG) presidenteak berak azaldu duenez: «Erantzuna bistakoa da: baietza da. Baina baietz erantzuten bada, segidan beste bi galderei erantzun behar zaizkie. Zergatik? Iraganako arrastoen zaindari izateko baldin bada, bakarrik, ez du zentzurik. Ez dugu museoko laborantzarik nahi». Eta bigarren galdera, Berhokoirigoinen irudiko, «nola egin?» da. Laborariak desagertzen badira, horrek esplikazio arrazionala baduela argi baitu: «Garapen sistema baten ondorioa da, laborantza politika baten ondorioa».

Horretara ez heltzeko, baldintzak finkatu behar direla deritzo. Garapen iraunkorraren araberako herri laborantzaren aldeko jarduera den Lurramak erakusten ditu aukerak. Kalitatezko mozkinak, lekukoak, etxaldeetan enplegua segurtatzen dutenak eta bioaniztasuna babesten dutenak.Hori guztia oraindik posible dela egitea erran eta zehazki eraikitzeko bideak erakusten ditu Lurramak.

Dena ez dela beti irabazia ere argi du Berhokoirigoinek berak. Horretarako, adibide xinple bat hartu du: Gers eskualdean Vivadour kooperatiba lau oilategi handien proiektua da. 750.000 oilasko eta 5.000 metro kuadro eraikin bakoitzeko. Hau da, metro koadro bakoitz, 26 oilasko. Oilasko bakoitza 40 egunen buruan hil eta salgai jarriko dute.

Proiektuak eztaibaidak sortu baditu, Vivadourreko presidentea Christophe Terrainek honela justifikatu izan du hautu hori: «Oilasko mota horrek, ez du kanpoan ibiltzen den oilaskoaren genetika bera. Oilasko sedentarioa da. Laster hazteko aukera ematen duen teknikei egokitua da. Abere horiek ez dira behin ere ateratzen, eta ez dute atera nahi». Terrainen hitzak berriz gogoratu, eta honela ihardoki die EHLGko presidenteak: «Zein ongi, badira abere batzuk laborantza industrialerako aitzinetik egokituak direnak. Eta bihar, aitzinetik egokitu kontsumitzaileak izanen ditugu eta erranen dugu: «Oilasko hori gustukoa duten kontsumitzaileak dira. Ez dute besterik jan nahi'. Hori da laboraririk gabeko laborantza. Horri diogu ezetz erran nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.