Esploratzaile sentitzeko ez da oihanik zapaldu behar. Urrutira joan behar izan gabe, Urdaibaiko biosfera da horren adibide. Lurraren gainean eta azpian zer ezkutatzen den agerian uzteko, Urdaibaiko floraren gida eta kobazuloen katalogoa argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak. Altxorrak ez daudelako uharteetan bakarrik.
Kobazulo eta leizeen katalogoa ADES espeleologia taldeak egin du. Oier Gorosabel bertako kidea da, eta gida prozesu luze baten ondorioa dela dio: «Katalogoa 30 urtez, belaunaldiz belaunaldi, bildutakoaren emaitza da. Lau urte eman ditugu publikatzeko moduan egoteko datuak prestatzen». Gorosabelen hitzetan, sorpresa ugari aurkitu dituzte lur azpiak arakatzen: «Kobak orain arte zabortegiak izan dira, baserri batean hozkailua bota nahi bazuten, leizera botatzen zuten. Guk horiek guztiak barruan topatu ditugu». Baita jendeak ezkutatzeko asmoz lurperatutako gauzak ere. «Jendeak ez dakiena da urteetan zaborra bota duten leizetik pasatzen den ura dela etxe batzuetara iristen dena» .
Urdaibaiko 233 leizeren informazioa plazaratu dute, baina dagoeneko zulo berri gehiago agertu dira: «Ezin genuen argitaratu katalogoa bilketa bukatzean, esplorazio lana ez delako sekula amaitzen». Liburua kobazuloaren munduan barneratu nahi duen jendearentzat lehen pausoa izatea nahi du.
Urdaibai eta Lea-Artibai eskualdea batzen duen Iluntzarko mendian agertu dira leizeetako asko, kareharria dagoen guneetan. «Kareharrizko mendi multzo handia denez, ehunka leize daude. Baita Atxare, Ea, eta Elantxobe inguruetan ere. Horiek dira izarrak».
Gorosabelen arabera, euriaren urak eta ingurumeneko azidoak disolbatzen du kareharria, horregatik zabaltzen dira kobak kareharrizko eremuetan. Eskualde berean, era askotako kobak daude: bertikalak, horizontalak… baita haitzulo fosilak deiturikoak ere.
Katalogoak leizeak ikusteko zehaztasunak eskaintzen ditu. Ez, ordea, esploratzekoak. «Koba ikustera zoazenean badakizu zer den, instalakuntza fitxan adierazita dago leizera sartu aurretik 120 metro soka behar duzula, 70 mosketoi edo taladroa. Esploratzen zaudenean, ez». Hargatik, bisitan doanak posible du bost kilometroko bidea egitea lur azpitik. «Esploratzen bazabiltza, oso arraroa da 120-150 metro baino gehiago egitea egun berean».
Gaur egun, 70eko hamarkadan esploratutzat jo zuten zuloetako batean ari da lanean Gorosabel. «Iaz arte ofizialki 200 metroko koba zenak orain bi kilometrotik gora ditu». Horregatik uste du nahiz eta ikertutzat jo katalogatzea behin-behinekoa dela beti.
Gorosabelen iritziz, leizeak arriskuan egon arren, espeleologia egitea ez da arriskutsua: «Istripuak ez dira gertatzen kobetako zati ezezagunetan, gehiegizko konfiantza dela eta eremu ezagunetan baizik. Esploratzeko momentuan ez diogu inprobisazioari aukerarik uzten. Sokak amaitzen badira, beste egun batean itzuliko gara».
Dena dela, argi du segurtasunez egin beharreko ekintza dela. Horretarako, Euskal Herri osoko behatze eremuak banatu dituzte Euskal Espeleologoen Elkargoa osatzen duten 15-20 talderen artean. Izan ere, edonork bai, baina ezin litezke edonola bisitatu: «Teknika batzuk jakin behar dira, izan ere, kobak ez dira horizontalak edo bertikalak, normalean bi eratako zeharguneak daude, eta ikasi egin behar da». Horregatik dituzte ateak zabalik espeleologia taldeek: izan ere, oker larritzat dauka hiru pertsona baino gutxiagok hastea abentura: «Kobarik errazenean ere orkatila bihurritzea arazo handia da. Edozer gertatuz gero, zaurituarekin geratzeko lagun bat behar da, eta kanpoan laguntza eske joateko beste pertsona bat ezinbestekoa da». Zailtasun handiagoko zuloetan, berriz, erokeria deritzo nor bere kontura joateari.
Floraren gida
Kobazuloez ez ezik, florari buruzko gida ere argitaratu berri dute. Amador Prietok idatzi du, Joseba del Villar argazkilariaren laguntzaz. 392 orritan, itsasertzetan, basoan zein dunetan bizi diren 800dik gora espezietik 150 azaldu ditu Prietok. «Jendeari edertasuna erakutsi diogu». Horregatik pilatu dituzte paisaia aldetikpolitak iruditu zaizkienak edo galtzeko arriskuan daudenak. «Badaude landare batzuk jendeak begiratu ere ez dituenak egiten», gaineratu du.
Gidaren helburua paseatzera edo inguruneaz gozatzera doazen bisitariei landareez informatzea da, eta ondare naturalaz herritarrak ohartaraztea.
Prietoren aburuz, itsasertz eta dunetan bizi dira izaki gehienak. San Kristobal eta Busturia herrietan gordetzen dira horietako asko, baina baita Laidako eta Lagako dunetan ere. Tamaina aldetik, denetarikoak daude: «Uretako dilistak oso zentimetro gutxi neurtzen du, eta zuhaitz garaienak hamarnaka metro». Koloreei dagokienez, berdea da landareetan nagusi: «Paradisuko espezieren bat salbu, gehienak dira berdeak. Gainontzekoan, horiak, zuriak, berdeak, gorriak… dira».
Katalogatu dituzten espezietako batzuk arriskuan daude. Beste batzuk berreskuratze prozesuan. Laidako dunak berreskuratzeari 2000. urtean ekin zioten. «Hogei espezietik gora daude hor baino ezin direnak bizi. Lekuz aldatzera behartzen baditugu, ez daukate non bizi. Itsasertza bere horretan egotea garrantzitsua da ekosistema aldatu ez dadin».
Lurraren altxorrak
Ondare naturala ezagutarazteko asmoz, Urdaibaiko 233 leizeren katalogoa argitaratu du Eusko Jaurlaritzak. Biosferaren floraren gida ere plazaratu berri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu