Ezarian. Zientzia

Lurraren antzeko planeta bat aurkitu dute zientzialariek 600 argi urtera

Kepler-22b deitu dute, eta azalean ur likidoa izateko baldintzak bete ditzakeela uste dute

Inigo Astiz
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Lurraren antzekoa den planeta bat aurkitu dute NASAko zientzialariek. Orain arte aurkitu dutenetan antzekoena omen da. 600 argi urteko distantziara dago. Lurrarenaren antzekoa omen du tamaina, eta antzeko distantzian orbitatzen du Eguzkiaren antzeko izar bat. Ur likidoa izan dezake posizio horretan, adituen iritziz, baina ikusi egin behar oraindik, Lurrean gertatzen den antzera, han ere bizitza arrastorik baden. Ziurtasunik ez oraingoz, baina Lurraz kanpoko bizitzaren bilaketan eginiko beste urrats bat izan litekeela diote adituek. Kepler-22b deitu dute planeta.

500 dira orain arte aurkitu dituzten eguzki sistemaz kanpoko izarrak orbitatzen dituzten planetak, eta denetan txikiena da Kepler-22b, baita ur likidoa eduki ahal izateko aukera gehien duena ere. Kepler izeneko espazio teleskopioari esker egin dute aurkikuntza NASAkoek. AEBetako San Joseko Unibertsitateko Natalie Batalha astronomoa da lana zuzentzen aritu denetariko bat, eta, dioenez, Lurraren antzik handiena duten planetetan aritu dira bilaketan: «Benetan bizitzarako egokiak izan daitezkeen eta Lurraren tamaina paretsuko planetetan kontzentratu gara».

Argiaren gorabeherak

Izan ere, hori da teleskopioari eman dioten funtzioa: lurraren antzeko planetak bilatzea. Beltxarga eta Lira konstelazioetan 150.000 izarren argiaren gorabeherak aztertzen dituzte, aldaketa horiek planeta baten orbitatzeak eragin dituen ikertuz. Hiru bat buelta eman behar izaten dizkio planetak izarrari adituek bildutako datuak planeta batenak izan daitezkeen zehaztu ahal izateko.

Orain arte aurkitutakoen artean, Kepler-22b da balizko bizitza hartzeko gai izango litekeen bakarra, azalean ur likidoa izateko aukera duen gunean dagoelako. Baina ez dakite planeta gaseosoa edo solidoa den. The Astrophysical Journal aldizkarian argitaratuko dituzte orain arteko aurkikuntzaren emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.