Koloretako margoekin egindako pinporta handiz beteta ditu zapatilak eta galtza barrenak Juan Gorriti artistak. Burua estaltzen dion zapiak eta biserak rockzale zahar baten tankera ematen diote. «Dotore asko etorri naiz gaur!», dio. Tolosako (Gipuzkoa) merkatuaren alboko lokal batean dago. Sukalde bat da, baina arte galeria dirudi. Baserrietako garai bateko ganbara irudikatu du eskultoreak bertan: Lur Ganbara izenarekin. Sukal Talka gastronomia tailerrak emango dituzte han, laster —Roberto Ruiz Fronton jatetxeko sukaldaria dago tartean—, eta horren aitzakian jarri du ikusgai Gorritik bere lana.
Baserriek 500 urtetan gordetako historia ekarri du gogora artistak, denbora horretan ganbarek izan duten garrantzia. «Baserritarrak belaunaldiz belaunaldi ganbaretan ahal zuten guztia gordez joaten ziren, badaezpada. Lurretik bizi direnek ulertzen dute ongien erakusketa». Pilar Oria eta Begoña Aristi, ama-alabak, ditu alboan Gorritik. Sabaira, ganbarara, begira daude Tolosako bi baserritarrak, eta hunkituta ageri dira.
«Haurtzaroko oroitzapenak datozkit burura. Izugarria da», azaldu du Oriak. Intxaurrak, babarrunak, lurrak lantzeko tresnak... daude zintzilik. Miseriatik atera, eta denboraren poderioz arte bihurtu direnak, Gorritiren arabera. Eta armiarmak ganbaretan egiten zuen lana; objektu horiek guztiak biltzen eta gordetzen. Artistaren ezaugarri bilakatu den urdinarekin batera. «Gorritiren urdina? Ezta pentsatu ere!. Ezpata batek heldu izan balit bezala, barrenean sartuta daukat kolore hau. Baserriak margotzeko erabiltzen zuten karearena da».
Sukaldeko horma, kolorez
Lurrari hain lotutako artista izanik, ilusio berezia egiten dio erakusketa merkatuaren alboan egoteak. Sinbolismoa areagotu egiten da. «Gure herria aterik gabeko galeria bat da. Dakidana herriari zor diot eta berari eskaintzen diot. Eta natura da artistarik handiena: ekaitzak, tximistak, ibaiak...».
Sukaldeko horma margolanez bete du. Kolore alai eta biziekin eginda daude. «Nik ez dut marrazten; eskuari mugitzen uzten diot». Marrazki bakoitzarekin ipuinak asmatuko lituzkeela esan du, haurrak baitira etorkizuna. Eskoletako umeen bisitak jasotzen ditu Arribeko (Nafarroa) bere baserrian. Lurrean txita eta ahuntzen artean zabaldutako paper biribilki handietan haurrekin margotuz zoriontsu irudika daiteke artista. «Gaur goizean etorri dira». Pintatutako zapatilak seinalatzen ditu umoretsu. «Loteria da haiekin egotea. Ezdakizu ze marrazki egiten dituzten, eta zer jakinduria duten». Bera pozik,eta haurrak, ere bai. «'Gorriti nik zurekin nahi dut gelditu', esaten zidan batek».
Barruko haurra bizirik du oraindik. «Uztailaren 7an egin behar ditut 70 urte». Bizitzeko grina, behintzat, ez zaio falta. Gazte grafitigile batzuekin errepide zati bat margotzeko sekulako gogoa du. «Abokatu bati galdetu beharko nioke lehendabizi», esan du txantxetan. Koloretako zapatilekin irten da lokaletik. Arribera iristeko auto-stop egin beharko duela dio. Ez du autorik, eta halaxe ibiltzen da batera eta bestera autobusaren zain egon beharrean.
Lurretik lurrarentzat
Baserrietako aspaldiko ganbara zaharrak argitara atera ditu Juan Gorriti artistak. Tolosako merkatuaren alboko lokal batean dago 'Lur Ganbara' erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu