'Lyra', 2019an Benetako IRAk hil zuen kazetariari buruzko filma

DocsBarcelona jaialdian proiektatu dute egunotan Lyra Mckeeren inguruko dokumentala

Lyra McKee ikerketa kazetaria Benetako IRAk hil zuen 2019ko apirilaren 18an. JESS LOWE / EFE.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
2019ko apirilaren 18an, Ostiral Santuaren bezpera gauean, Derryko Mulroy Park eta Galliagh auzo errepublikanoetan (Ipar Irlanda) hainbat miaketa egin zituen Poliziak, su armen bila. Gazte talde batek molotov koktelak jaurti zizkien poliziei, 50 inguru, eta su eman zien bi polizia autori. Liskarrak hasi ziren, eta tiroketa bat egon zen. Benetako IRAk handik egun gutxira aldarrikatu zuenez, tiroketan Lyra Mckee kazetari eta LGTBIQ+ aktibista hil zuen. Mckeeren bizitzaren eta hilketaren inguruko dokumental bat egin du Alison Millar zinemagileak: Lyra. Erresuma Batuko Channel4 eta Irlandako TG4 kateetan estreinatu dute jada, eta egunotan DocsBarcelona jaialdian proiektatu dute. Bi egunez Filmin plataforman ere ikusi ahal izan da.

Ikerketa kazetaritza egiten zuen McKeek. 29 urte zituen hil zutenean. 16 urte baino ez zituela Ipar Irlandako gatazkaren ostean gazteen suizidio kopurua nola hazi zen aztertu zuen lan batean. BuzzFeed News, Private Eye, The Belfast Telegraph eta The Atlantic hedabideetan idatzi zituen artikuluak. Hil zutenean, liburu batean ari zen lanean: bi haurren desagerketa ari zen ikertzen. McKeek grabazio batean aipatzen du apaiz batek kontatu ziola IRAko militante batek eraman zituela haur haiek; egun batzuk lehenago, haurretako batek IRAko kideari esan omen zion Polizian salatuko zuela.

Dokumentalak Ipar Irlandako gatazka gordinaren gaineko zeharkako erretratua egiten du, McKeek haurtzarotik bizi izandakoa abiapuntutzat hartuta. Belfasteko auzo txiro batekoa zen kazetaria. Eta argitu gabeko bi aldeetako heriotzak ikertzen aritu zen.

Lesbiana izateak beregan izan zuen eragina ere garrantzitsua izan zen idatzitako testu askotan. The Guardian-en argitaratutako A letter to my 14-year-old self gutunak oihartzun handia izan zuen; bertan, bere buruari idatzi zion, 14 urte zitueneko neskari. Belfasten lesbiana izanda haztea nola izan zen kontatu zuen gutunean.

Dokumental laburrak

Filminen, bestalde, DocsBarcelona jaialdiko beste lan batzuk ikusi ahal izan dira egunotan; tartean, Ana Sofia Fonsecaren Cesaria Evora —Cabo Verdeko musikariaren bizitzari buruzko erretratoa— eta Els Orrit —Manresako (Katalunia) ospitale batetik duela 33 urte desagertu ziren bi adingabekoen ingurukoa—.

DocsBarcelona jaialdia bihar amaituko da. Eta Filmin plataforman hainbat dokumental labur ikusi ahalko dira gaur eta bihar. Ikasketa zentroek ekoitzitako lanak dira gehienak, herri txikietan gertatzen diren istorioak: Lucia Silvestrek Nafarroako herri bateko andre bat ezagutuko du Vínculo lanean, eta emakume horrek senarraren faltaz hitz egiten du. Korsikako herrixka bateko sute handiaz ari dira Après le rouge dokumentaleko protagonistak. Eta Cabrianes herriko (Katalunia) adinekoek hausnarketa irudimentsuak egiten dituzte Les Més Grans lanean. Alai kantatzen dute: «Gora maitasuna! Gora nitaz erditu zen ama!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.