Iñaki Riviere (Huelva, Espainia 1972) margolariak azken urteotako lanak jarri ditu ikusgai, Campos Eliseos antzokiaren sarreran, Bilbon. Ekainaren 30a arte egongo dira ikusgai.
Lehen, industria paisaiak; eta orain,natur paisaiak. Ez al da aldaketa bortitza?
Ez da bat-batekoa izan. Paisaia osagai industrialekin nahasiz joan naiz poliki, testuingurua hausteko. Hozkailu zahar bat zelai batean jarri dut. Hasieran lantegiak eta halakoak egiten nituen. Orain hasi naiz, natura sartzen, baina industria eraikinen barrutik ikusita. Bestelako arkitektura egiten nabil, Loiuko aireportuaren kontrol dorrea, esaterako. Aldi berean, Udalaitz menditik ikuspegi bat lantzen ari naiz[goiko argazkian]. Duela zortzi urte ez nuen halakorik egingo.
Arrasateko margolari figuratiboa izanda, hein batean normala da natura eta industria nahastea, ezta?
Unibertsitate garaian Arrasatetik Leioara joateko autobusetik lantegi asko ikusten nituen. Garai hartan nire hemengo margolari errealista gogokoenek ere halakoak lantzen zituzten, ez Madrilgoek bezala. Ideiak harritu egin ninduen: nola irauli itsusia dena, zer edo zer eder ateratzeko.
Antonio Lopez izan zenuen irakasle. Eta halere, argi ikusten duzu ezberdinak direla Euskal Herrian eta Espainian egiten diren margo errealistak?
Bai. Lopezek egiten duen margoa haren inguruneak markatzen du, Madrilgo argiak, adibidez. Bistan da hemen ez dugula argi berdina, eguzki berak argitzen bagaitu ere. Gai bera jorra dezakegu, baina ezberdina da nola margotzen den. Paisaiak bestelakoak dira, berdeak, zerua... Hango argia zuriagoa da; paletak okre, lur eta hori gehiago ditu. Hemen berde mota asko ditugu, aspertzeko bezainbat.
Ez duzu arazorik zigarrokin bat xehetasun handiz margotzeko. Gehiago salduko zenuke halako gauza itsusiak margotuko ez bazenitu?
Orain ez da ia ezer saltzen, hasteko, baina, izen apur bat duen margolari errealista batek saldu egingo du, halako gaiak hartu arren. Zigarrokin bat ez da agian interesgarria, berez, baina aukera ematen dit gizakia margoan sartzeko, gizakia sartu gabe.
Zeure paisaiek Bixente Ameztoiren margo batetik ateratakoak dirudite.
Bai. Hortxe duzu beste adibide bat hemengo figurazioak Madrilgoarekin zerikusirik ez duela erakusteko. Jesus Mari Lazkano edo Ameztoiren koloreak eta paisaiak oso biziak dira.
Errealismoaren euskal eskola bat sortzeko aukera ikusten duzu?
Egia esan ez dut inongo loturarik figurazioan dabiltzan beste margolariekin, eta ez dakit behar bezain beste garen eskola bat dagoela esateko. Duela urte batzuk Lazkano, Raul Urrutikoetxea eta beste batzuk osaturiko harrobia zegoen. Baina hemen norbera bere kabuz ibiltzeko joera dago, eta, garai batean ez bezala, orain talderik ez dagoela uste dut. Ildo horretan dabilen gazterik ez dut ezagutzen, esaterako.
Figuratiboa modan dago, baina ez al du tranpa egiten ikusleari koadroa ulertu egiten duela pentsarazita?
Hala gertatzen zaigu gehienetan. Margotuta dagoena identifikatzen duzu, baina margolariak hori zergatik margotu duen ulertzea beste kontu bat da. Prentsa industrialak margotzen nituen, Totem izenburuarekin. Behin erretiratu bat etorri zitzaidan, eta lana unibertsitateko irakasle batek baino hobeto ulertu zuela erakutsi zidan. Izan ere, 25 urte pasatu zituen halako batekin lanean.
Iñaki Riviere. Margolaria
«Madrilen eta hemen ez dugu argi berdina, eguzki berak argitzen bagaitu ere»
Lantegi grisak eta paisaia berdeak margotzen ditu Arrasateko artistak, eta, batzuetan, bi gauzok koadro berean. Euskal Herrian estilo errealista propioa dagoela ikusten du, baina eskolarik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu